Zer gertatu zaio Artizarrari?
2002/05/08 Elhuyar Zientzia
Zerura begiratu eta Artizarra luze samar ikusten baduzu, lasai egon. Artizarrak berdin-berdin jarraitzen du. Luze ikustearen arrazoia ilusio optikoa da.
Optika atmosferikoan aditu Les Cowleyren aburuz, lehenik ere ezagunak dira horrelako efektuak Eguzkiaren eta Ilargiaren kasuan, baina Artizarrari begiratzean ez zen ohikoa horrelakorik ikustea.
Artizarra horizontetik oso gertu ikusten denean, bai sartzean eta bai ateratzean, ilusio optikoa gerta daiteke Lurraren atmosferan. Izan ere, Lurretik zenbait kilometrora prisma hexagonalen itxurako izotz-puskaz osatutako zirru hodeiak daudenean, eta Eguzkia, Ilargia edo, dirudienez, Artizarra baxu daudenean, izotz-puska horiek argia islatu egiten dute eta aipatutako efektu optikoa gertatzen da.
Azken egunotan planeten lerrokatzea dela eta ‘behatzaile’ ugari izan da, eta horregatik, beharbada, lortu ahal izan da Artizarraren efektu horren irudia.
Irudia ikusita, efektu honen arrazoi zientifikoa bilatu eta HALO programa erabili du Les Cowleyk simulazioak egiteko. Horrela, teorikoki ere argitu du fenomenoa eta Eguzkian eta Ilargian gertatzen diren fenomenoen parekoa dela esan du.
Argi bertikala ikusten da irudian, baina Eguzkiaren eta Ilargiaren kasuan gerta daitekeen bezala, zirru hodeiaren izotz-pusken orientazioaren eta kokapenaren arabera, beste argi horizontal bat ere ikus daiteke, teorian behintzat. Beraz, argi ibili beharko dugu aurrerantzean zerura begiratzen dugunean, eta, ahal bada, zerbait berezia ikusiz gero... argazkia atera!
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia