}

Zer uste duzu transgenikoez?

2002/07/11 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Herritar arruntak ezjakinak gara, zientifikoak ez diren argudioak erabiltzen ditugu transgenikoen kontra, komunikabide sentsazionalisten esku gaude... horrela ikusten omen gaituzte konpainia bioteknologikoetatik eta
aginte-postuetatik. Transgenikoen kontra bagaude, kultura zientifikorik ez dugulako da, baina heziketa egokia jasoz gero egia ikusiko dugu.

Landare transgenikoak eztabaidagai garrantzitsua dira Europan eta munduan. Baina Europan, bioteknologia-enpresak, eta ez haiek bakarrik, oso kezkatuta daude. Izan ere, Estatu Batuetan ez bezala, landare transgenikoek sortutako polemika bertako bioteknologiaren garapena eragozten ari da, alor estrategiko oso garrantzitsua zenbaiten ustez. Beste aldean, transgenikoak ingurumenarentzat, gizartearentzat eta osasunarentzat onartezinak direla uste dutenak kexu dira euren kezkak kontuan hartzen ez direlako. Eta guztiek herritarren iritzia topikoz beteta ikusten dute.

Orain hiru urte, nazioarteko ikerketa-talde batek herritarrek transgenikoen inguruan duten benetako iritzia argitzeko ikerketa egitea proposatu zion Europako Batzordeari. Bost herrialdetan (Erresuma Batua, Espainia, Italia, Frantzia eta Alemania) herritarrez osatutako 55 talde sortu zituzten eta bi urtez ibili dira datuak jasotzen. Gainera, industria bioteknologikoko kideekin, ekologistekin eta agintariekin elkarrizketak izan dituzte, estamentu horietan herritarren iritzia nola islatzen den jakiteko.

Emaitzek astindu ederra eman diete agintariei, argi utzi baitute herritarren iritzia gezurrezko topikoen bitartez islatzen dela erabakiak hartu behar dituztenen artean.

Ezjakinak baina zentzudunak

Askotan, ezjakinak direla, manipulatuta daudela eta iritzia zientifikoak ez diren kezka etikoetan oinarritzen dutela egozten zaie herritarrei. Zientzialari eta agintari askok uste dute transgenikoen gaineko zentzuzko iritzia izateko funtsezkoa dela eraldaketa genetikoari buruzko jakintza espezializatua izatea. Eta, txostenak esan duenez, herritarrek oso gutxi dakite horretaz. Baina transgenikoekiko duten jarrera jakintza faltaren ondorioa ez dela ere esan du.

Izan ere, jakintza zientifikoan ez, baizik jakintza enpirikoan oinarritzen omen dute herritarrek iritzia. Txostenak bi puntu esanguratsu azpimarratu ditu: gizakiaren huts egiteko joera eta aurrerapen teknologikoak eta arriskuak kudeatzeko orduan erakundeek izan duten jokaera. Hain juxtu, azken puntu hori gailendu da kezka-iturburu gisa. Badirudi gizartea ez dagoela kontent behi eroen krisiaren kudeaketarekin, eta salbuespentzat baino gertatutakoak agintarien ohiko jokaeratzat jotzen direla. Ikerketako partehartzaileek erakundeen zintzotasunaz zalantza handiak erakutsi dituzte, akatsetatik ikasten ez dutelako, eta transgenikoekin berdin jokatuko dutela sentitzen dutelako.

Zer uste da herritarren iritziaz?

Ikerketak argi utzi du herritarren jarrera eta horrek botere-zentroetan duen isla ez datozela bat. Eta ikerketarako erabili diren topikoak ikusita, gizartea sinple samartzat hartzen dela ere ematen du. Zerrenda irakurtzea besterik ez dago horretarako: arazoaren muina jendearen ezjakintasun zientifikoan dago; jendea edo transgenikoen alde dago edo kontra dago; gizarteak iritzi kontraesankorra du, animalia eta landare transgenikoak medikuntzan bai, baina nekazaritzan nahi ez dituelako; edo kontsumitzaileak berekoiak dira hirugarren munduko jende pobrearekiko –izan ere, bioteknologia-enpresa askok argudiatzen du transgenikoak munduko gosearen konponbide izango direla–.

Topiko horietatik abiatu eta 55 herritar taldeek erakutsi dute oso bestelako kezkak dituztela. Adibidez, zergatik behar ditugu transgenikoak? Zein onura ekarriko dizkigute? Zeinentzat izango dira etekinak? Zergatik ez digute haiek kontsumitu edo ez erabakitzeko aukerarik ematen? Ez badute deus ezkutatu nahi, zergatik ez dute etiketarik jarri nahi? Agintariek badute bioteknologia-konpainien bultzada orekatzeko beste gaitasun? Arriskuak serioski aztertu dira? Nola hartzen da kontuan ziurgabetasuna transgenikoen erabilera erregulatzeko orduan?

Arazoaren muina ez da bioteknologia

Oro har, badirudi europarrak ez daudela transgenikoen guztiz kontra edo guztiz alde. Abantaila batzuek ikusten dizkiete, esaterako, intsektuei erresistente badira pestizida gutxiago erabiliko dela, edo nekazaritzaren eraginkortasuna handituko dutela. Baina aldi berean, zuhur agertzen dira, eta transgenikoak azkar eta edonola merkaturatzerik ez dute nahi. Zientziaren eta aurrerapen teknologikoen ziurgabetasunaz jabetzen dira, arriskuen eta mesedeen arteko oreka bilatu beharraz. Aldiz, arriskuak gutxiestea egozten diete erakundeei.

Txostenaren egileek adierazi dutenez, eztabaidaren erroak ez daude bioteknologian, erakundeek gaia kudeatzeko moduan baizik. Sinesgarritasuna falta zaie, ikerketa zientifikoaren bideen inguruan gizartean eztabaidatzea falta zaie, iraganeko akatsak onartzea falta zaie, gardentasuna falta zaie... dirudienez, denetarik falta zaie.

Txosten osoa hemen

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia