Zergatik daukagu hotz?
1986/02/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hotza ez da tenperatura-arazo soila, ezta neguko gauza bakarrik ere. Pertsona batetik besterako desberdintasunak oso handiak dira, batek hotza berehala nabarmentzen duen bitartean, beste batek ez du inoiz hotzik sentitzen. Zeintzu dira hotzaren inguruan aholku eta prebentzio-neurririk egokienak?
Hasteko esan dezagun gizakia animalia homeotermoa dela, hau da, odol berokoa. Odol hotzeko animaliekin gertatzen ez den bezala (haiek tenperatura oso hotzetan izoztu egingo lirateke) gizakiak berarekin darama etengabe bere ingurune-bero propioa: gure gorputzeko tenperatura, baldintza normaletan, 36,5 - 37 ° tan mantentzen da. Bestalde giza larruazala gantz-geruza batzuen bidez bero-galeraren aurka babestua aurkitzen da.
Azken finean hortxe bait dago arazoaren kakoa: gorputzaren eta kanpo-ingurunearen tenperatura desberdintasunak mugatzen du beroaren eta hotzaren joan-etorria. Kanpoan hotz egiten duenean, gorputzak beroa galtzen du, eta zenbat eta hotz handiagoa egin kanpoan bero-galera orduan eta handiagoa izango da. Bero-galera honi ekiditeko gorputzak bero gehiago sortu behar du: gizakiak bere barne-galera biziagotu egiten du, beharrezko erregaia gehituz. Horregatik kontsumitzen ditugu neguan gantz gehiago eta horregatik izan behar lukete ugariagoak gure otorduak urte-sasoi honetan.
Beste animaliei begiratzen badiegu gauza bitxiak ikusiko ditugu. Elefanteak, adibidez, tropikoko tenperaturetan bizitzera ohituta dagoenez, ezin izerdi dezake. Groenlandiako zakurrak ile trinko eta latzez osatutako geruza batez babestuak daudenez, beren barne-tenperatura konstante mantentzeko gai dira eta zailtasun berezirik gabe jasan ditzakete zero azpitiko larogeitamar graduko egoera klimatikoak ere.
Gizakietara berriro itzultzen bagara, hemen ere desberdintasun handiak aurkituko ditugu. Zibilizazioak, itxuraz, lurralde epeletan jaio ziren (Mediterranioa, Ekialde Hurbila). Populazioa handitzen joan zen heinean, gizakiak migratzera behartuak aurkitu ziren: Iparralderantz lehenik eta hegoalderantz ordoren. Horrela, milaka urteren buruan, eta pixkanaka giza espeziea tenperatura hotzagoetara ohitzen joan da. Hala ere gaur egun 30° inguruan aukitzen gara benetan gustora.
Dena den aipatu ditugun ohar edo arau orokor hauek ez dira gizaki guztiei aplikatzeko modukoak. Sobietar zientzilari batzuk Siberiako tribu bat ikertzen ari zirela harriturik geratu ziren, oheratzerakoan, yakota hauek erabat biluztu eta larruzko estalki bakar batekin lo egiten zutela ikusi zutenean. Gauza beretsua ikusi ahal izan da Hego Ameriketako muturrean, Tierra del Fuego deituan bizi diren pertsonekin.
Kanadako San Lorentzo ibaiaren bokalean, arrantzaleak esku hutsez aritzen dira arrantzan. Beren hatzetako zirkulazioa egokitua dago baldintza gogor horietara: baso-zabaldura handia gertatzen da hatzetan eta horrela ez zaizkie izozten.
Pentsa genezakeenaren kontra, Artiko inguruan bizi diren eskimalek ez dute hotzaren kontrako erreakzio fisiologiko berezirik. Beren portaera bereziak argitzen ditu gauzak: beren elikadura gantzetan oso aberats da (mortsa-haragia bereziki)eta modu egokian janzten dira, beren larruzko janzkiekin arropa eta larruazalaren artean aire beroko kapa edo geruza bat sortzen delarik.
Hotza egiten duenean, gizakiak ia elikadura guztia bizi-beroaren produkzioan ematen du: zenbait esperientziak dioenez, nahiz eta tenperatura aso atsegina izan ahoratzen ditugun elikagaien erdia baino gehiago, gure tenperatura maila horretan (36,5 - 37 gradutan, alegia) mantentzeko ematen dugu.
Bestalde hotz egiten duenean, gure gorputzak bestelako babes-neurriak ere hartzen ditu: larruazalaren kanpoko geruza mehea osatzen duen epidermisa uzkurtu egiten da; odol-basoak estutzen dira, bero-galerak ekiditeko; guruin sebazeoak zertxobait nabarmentzen dira " oilo-azal " bezala ezagutzen dena agertuz. Odol-basoen uzkurdurarekin gorputzeko tenperatura igon egiten da segundo batzutan. Denboraldi batez hotzarekin kontaktuan egon ondoren, gorputza dardarka hasten da. Hotzikara hauek ere barne-tenperatura igotzen dute. Muskuluak mugitzerakoan bero handia sortzen da, baina bero hau ezin daiteke gorde eta berehala galtzen da larruazalean zehar.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia