Zergatik dut gustuko gustuko dudana?
2024/03/01 Huguet Rodríguez, Paloma - Max Planck Research School Iturria: Elhuyar aldizkaria
Txokolatezko tarta on bat jaterakoan a zer nolako atsegin sentsazioa! Tarta osoa jaterik izango banu… Gero kalera atera, okindegitik pasatu eta nik bonboi zein pastelei begiratu ez, baina eurek ni deitzen naute oihuka. Zer demontre? Eskerrak azkenean ulertu dudala fenomenoa, orain badakit zergatik dudan azukrea hain gustuko: ez naiz ni… Burmuineko sistema linbikoa da!
Sistema linbikoa ebolutiboki oso ondo kontserbatutako burmuineko sare neuronala da, lehentasun nagusitzat indibiduoaren zein espeziearen biziraupena duena. Hori lortzeko, ebolutiboki onuragarriak diren elementuak bilatu, erakargarri bihurtu, gure jarrera modulatu eta, azkenik, elementua gureganatzean, atsegin sentsazioa eragiten digu. Onuragarritzat jotzen dituen elementu horien artean janaria, edaria, sozializatzea edo harreman sexualak dira oinarrizkoenak. Azukreak eduki kaloriko handia izanik, sistema linbikoak oso erakargarri bihurtzen du; eta, kontsumitzerakoan, atsegin sentsazioa sortzen digu. Gainera, azukrearen eta atsegin-sentsazioaren arteko asoziazioa eratu eta memorian gorde dezake sistema honek, ez dezadan ahaztu zeinen atsegingarri den txokolatea jatea. Hala, txokolatea jatearen ekintza errepikatzeko probabilitatea handitzen du [1].
Argitu beharra dago egunerokotasunean zerbait gustuko dugula esaten dugunean, hiru prozesu kognitibo bateratzen ditugula, guztiak sistema linbikoaren menpekoak: (1) “nahi” izatea, (2) “gustuko” izatea (sentsazio inkontzientea), eta (3) “gustuko” dugun elementuarekiko asoziazio inkontzienteak eratzea eta memorian gordetzea [2]. Hiru prozesuen elkarrekintzak garamatza txokolatea eta antzeko elementuak kontsumitzera.
1. “Nahi izatea”: burmuineko motibazio-sarea
Etxeko jaki-gordailua ireki eta txokolatea ikusten badut, nire lehendabiziko erreakzioa hori “nahi” dudala sentitzea da. Erreakzio hau inkontzientea da, baina kontzienteki erantzun diezaiokegu. Ez hori bakarrik, txokolatearekin asoziaturiko elementuren bat hautematen badut, esaterako, etxekoren bat gozogintza lanetan badabil eta txokolatea usaintzen badut, nire erreakzioa kasu horretan ere “nik ere nahi dut!” da. Baina nola daki sistema linbikoak nik zer nahi dudan? Gainera, nik (kontzienteki) jakin aurretik?
Sistema linbikoak bere egitura guztien arteko komunikazioa ahalbidetzeko erabiltzen duen mekanismoetako bat neurotransmisore izeneko molekula mezulariak dira. Txokolatea “nahi izatea”, seguraski, neurotransmisore askoren elkarrekintza integratuaren ondorio da. Alabaina, guk errua dopaminari botako diogu, hori baita ikerkuntzak hobekien karakterizatu duena.
Dopaminak funtzio gakoa betetzen du motibazioaren kontrolean. Gure inguruan zer den ona eta zer txarra ikas dezake, ondoren gu elementu onetara hurbildu eta txarrengandik aldentzeko. Etxeko armairua ireki eta txokolatea ikusterakoan, dopaminaren igoera lokalizatu nabarmena azter daiteke nucleus accumbens egituran, eta horrek nik txokolatea “nahi izatea” eragiten dit [3, 4]. Are gehiago, egitura hori burmuineko sistema motorearekin konektatuta dagoenez, “nahi izate” sentsazioa akzio bihurtzera eraman dezake. Baina nola jabetu gara honetaz guztiaz?
Esperimentu aitzindarietako batean, gosez ziren arratoiei eduki kaloriko handiko janaria lortzeko aukera ematen zitzaien palanka bat zapalduz gero, edo janari arrunta bestela, ekintzarik egin behar izan gabe. Egoera normaletan, palanka behin eta berriz zapaltzen zuten, eduki kaloriko handiko janaria lortzeko. Alabaina, dopamina-errezeptoreak artifizialki blokeatuz gero, palanka zapaltzeari utzi eta esfortzurik gabe lor zezaketen janaria lehenesten zuten [5]. Behaketa horien osagarri, dopamina sintetizatzeko ahalmenik ez duten saguetan “nahi” sentsaziorik ere ez da agertzen [6]. Esperimentu horiek beste batzuekin berretsi ondoren, dopaminak zerbait “nahi” izateko sentsazioa sortu eta hori lortzeko ekintzei hasiera ematen diela proposatu zen.
Modu optimoan erantzun ahal izateko, sistema linbikoaren egituren artean elkarrekintza handia gertatzen da, horrek informazioa integratzea ahalbidetzen baitu. Horren adibide da hipotalamoak gure “nahi” sentsazioa modulatzeko duen gaitasuna. Gosea erritmo zirkadianoei jarraituz hipotalamoan erregulatzen den prozesu bat izanik, egunaren momentuaren arabera, hipotalamoak nucleus accumbens egitura zirikatu dezake janari-“nahia” pizteko, ala “nahi” hori isilarazi [7].
Nire txokolatera bueltatuz, hona hemen nire egoera: eguerdia da, baina oraindik bazkaltzeko asko falta da. Hipotalamoa gose naizela geroz eta altuago esaten ari zait. Sukaldeko armairua ireki, eta txokolatea ikustean “nahi dut” sentitu dut. Txokolatea eskuratu, ireki eta ahora sartu dut. Orain zer?
2. “Gustuko” izatea: burmuineko sare hedonikoa
Zientifikoki, zerbait “gustukoa” da, sistema linbikoak estimulu bati ematen dion erantzun inkontzientea atsegin hedonikoa denean. Fenomeno hori ulertu ahal izateko, atsegin-sentsazioa modu objektiboan eta espezie desberdinetan neurtzeko bidea aurkitu zuten zientzialariek: burmuinaren aktibitatea neurtuz zein aurpegiaren erreflexuak aztertuz. Esate baterako, aurpegiaren eta ahoaren erantzun afektiboa aztertuz, ikus dezakegu jaioberriek (gizarteak baldintzatu gabeko gizakiak), tximuek eta karraskariek adierazle berberak dituztela: zapore gozoa estimulu atsegingarritzat dute, zeina aurpegiko giharrak erlaxatuz eta mingainak ezpainak miazkatuz adierazten baita; aldiz, zapore mikatza estimulu desatsegintzat dute, eta ahoa zabalduz eta burua astinduz adierazten dute [8].
Sistema linbikoak “gustuko” izatea eragiteko gune espezifikoak ditu: egitura hedonikoak. Horien bitartez, ebolutiboki onuragarriak diren elementuak lortzean atsegin-sentsazioa eragiten digute. Zaila da zehaztea zein egitura hedoniko den eragile nagusia eta zein modulatzailea, baina badirudi egitura hedoniko nagusi bat badugula: ventral pallidum. Ondorio horretara iristeko, bi esperimentu-mota izan ziren gako: (1) bertako neuronak kitzikatzen dituzten bi molekula egituran injektatuz gero, azukreak arratoiei eragiten zien atsegin-sentsazioa izugarri handitzen zen [9, 10]; eta (2) egiturako neuronak suntsituz gero, atsegin-sentsazioa eragiten zuten estimuluek ez zuten halakorik sortzen [11].
Aizu, baina gure egunerokoan ez ote dago atsegina sorrarazten digun beste ezer, janariaz, edariaz, sozializatzeaz eta harreman sexualez at?
3. Asoziazioak eta memoriaren eraketa
Azaldu dugun prozesua intrintseko gisa sailkatzen ditugun elementuek jarraitzen dute; adibidez, txokolateak (janaria). Baina badago atsegina sorrarazten digun bestelakorik ere. Badira printzipioz atsegin hedonikoa sortzen ez duten elementuak, baina elementu intrintsekoekin asoziatu izanagatik atsegin hedonikoa sortarazten digutenak; elementu-mota horiei elementu estrintseko deritzegu.
Esate baterako, diruak ez du “gustuko” ala “nahi” izate sentsaziorik pizten jaioberrietan; bai, ordea, helduotan. Izan ere, helduok dirua eskuratze-ahalmenarekin asoziatu dugu eta asoziazio hori gure memorian gordeta dago. Diruarekin, besteak beste, janaria (elementu intrintsekoa) eros dezakegunez, gure sistema linbikoak dirua/janaria asoziazioaz fidatu eta dirua “gustuko” eta “nahi” izango du. Alabaina, sistema linbikoaren motibazio-sareak dirua/janaria asoziazio hori zuzena ote den berrikusten du uneoro, eta diruak janaria aurresateari uzten badio, sistema linbikoaren erantzun positiboa murriztuz joango da, desagertu arte [12].
Asoziazioak plastikotasun sinaptikoaren bitartez eraikitzen dira neuronen hizkuntzan, eta ikusi bezala, sistema linbikoaren iritzia aldaraz dezakete. Plastikotasun sinaptikoak neuronen arteko komunikazioa aldatzen du neuronak isilaraziz edo euren ahotsa igoz, edo komunikazio-bide berriak sortuz.
Drogak, sistema linbikoaren ahulezia
Esan bezala, sistema linbikoaren jarduera inkontzientea da erabat, gure kontrolik ez duena. Asoziazioek aldatu egin dezakete, baina horien eraketa ere ezin dugu kontrolatu. Kontrolatu dezakegun gauza bakarra da sentsazioei nola erantzuten diegun. Beraz, sistema linbikoaz fidatu beste aukerarik ez dugu. Fidagarria al da?
Mendekotasuna sortzen duten drogak (kokaina, opioideak, alkohola, etab.) kimikoki oso desberdinak diren substantzia farmakologikoak dira, itu molekular desberdinak dituztenak, baina guztiek dopamina-kontzentrazioa handitzen dute [13]. Hala, ebolutiboki onuragarriak izan ez arren, sistema linbikoaren motibazio-sarea aktibatzen dute, eta, ondorioz, hark “nahi” izateko sentsazioa eragiten digu. Berezitasun gisa, menpekotasuna sortzen duten drogek estimulu naturalek ez bezala aktiba dezakete sarea, “nahi” sentsazio ikaragarria eraginez. Drogek menpekotasuna zergatik sortzen duten azaltzeko, uste da drogek eragiten duten “nahi izate” sentsazioan dagoela gakoa, hain bizia izanik, zailagoa delako isilaraztea. Izan ere, atsegin-sentsazioa (“gustuko” izatea) ere eragiten dute, baina kasu horretan estimulu naturalen pare.
Gainera, droga-kontsumo errepikakorrak “nahi” sentsazio horren intentsitatea geroz eta gehiago handitu dezake, gorputzak sentsazio horri nola erantzun kontrolatzeko gaitasuna galdu arte. Kontrol-galtze hori gaixotasuna da, droga-adikzio deritzoguna. Halaber, drogek sistema linbikoaren baitako plastikotasun-mekanismoak ere ustiatzen dituzte, drogei asoziatutako memoriak zurruntasun handiz eta iraupen luzez mantentzeko. Ondorioz, adikzioa gainditu duten indibiduoetan, urte luzez abstinentzian egon arren, drogei asoziaturiko elementu bat (usain bat, testuinguru bat) hautematea nahikoa da “nahi” sentsazio hori berpizteko [14].
Beraz, zergatik dugu gustuko gustuko duguna?
Erantzun laburra: bizirauteko probabilitatea handiagoa izateko. Sistema linbikoak hori du helburutzat, eta horretarako egiten du lan etengabe. Eguneroko hizkeran zerbait gustuko dugula esaterakoan, inkontzienteki zerbait “nahi” dugula eta “gustuko” dugula diogu, eta bi sentsazio horiek asoziazio eta memoria askoren menpe daude. Orokorrean, sistema linbikoak ezartzen du zer dugun gustuko, baina gure burmuinak plastikotasuna duenez, sistema horren iritzia alda daiteke asoziazioen bidez, edo burmuineko bestelako sistemak modulatuz.
Bibliografia
[1] Faure, A., Reynolds, S. M., Richard, J. M. & Berridge, K. C. Mesolimbic dopamine in desire and dread: Enabling motivation to be generated by localized glutamate disruptions in nucleus accumbens. J. Neurosci. (2008). doi:10.1523/JNEUROSCI.4961-07.2008
[2] Morales, I. & Berridge, K. C. ‘Liking’ and ‘wanting’ in eating and food reward: Brain mechanisms and clinical implications. Physiology and Behavior (2020). doi:10.1016/j.physbeh.2020.113152
[3] Bromberg-Martin, E. S., Matsumoto, M. & Hikosaka, O. Dopamine in Motivational Control: Rewarding, Aversive, and Alerting. Neuron (2010). doi:10.1016/j.neuron.2010.11.022
[4] Brauer, L. H. & De Wit, H. High dose pimozide does not block amphetamine-induced euphoria in normal volunteers. Pharmacol. Biochem. Behav. (1997). doi:10.1016/S00913057(96)00240-7
[5] Salamone, J. D. et al. Haloperdol and nucleus accumbens dopamine depletion suppress lever pressing for food but increase free food consumption in a novel food choice procedure. Psychopharmacology (Berl). (1991). doi:10.1007/BF02245659
[6] Cannon, C. M. & Palmiter, R. D. Reward without Dopamine. J. Neurosci. (2003). doi:10.1523/jneurosci.23-34-10827.2003
[7] Castro, D. C., Cole, S. L. & Berridge, K. C. Lateral hypothalamus, nucleus accumbens, and ventral pallidum roles in eating and hunger: Interactions between homeostatic and reward circuitry. Frontiers in Systems Neuroscience (2015). doi:10.3389/fnsys.2015.00090
[8] Berridge, K. C. & Robinson, T. E. Parsing reward. Trends in Neurosciences (2003). doi:10.1016/S0166-2236(03)00233-9
[9] Ho, C. Y. & Berridge, K. C. An orexin hotspot in ventral pallidum amplifies hedonic ‘liking’ for sweetness. Neuropsychopharmacology (2013). doi:10.1038/npp.2013.62
[10] Smith, K. S. & Berridge, K. C. The ventral pallidum and hedonic reward: Neurochemical maps of sucrose ‘liking’ and food intake. J. Neurosci. (2005). doi:10.1523/JNEUROSCI.1902-05.2005
[11] Cromwell, H. C. & Berridge, K. C. Where does damage lead to enhanced food aversion: the ventral pallidum/substantia innominata or lateral hypothalamus? Brain Res. (1993). doi:10.1016/0006-8993(93)90053-P
[12] Schultz, W. Dopamine reward prediction error coding. Dialogues Clin. Neurosci. (2016). doi:10.31887/dcns.2016.18.1/wschultz
[13] Olds, J. & Milner, P. Positive reinforcement produced by electrical stimulation of septal area and other regions of rat brain. J. Comp. Physiol. Psychol. (1954). doi:10.1037/h0058775
[14] Dong, Y. & Nestler, E. J. The neural rejuvenation hypothesis of cocaine addiction. Trends in Pharmacological Sciences (2014). doi:10.1016/j.tips.2014.05.005.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia