Zergatik gertatzen dira mutazio genetikoak?
2001/02/09 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Organismo anitzen kode genetikoa deskribatzen den garai honetan, ikerlariek garrantzi berezia eman diote zelula eukariotoetako nukleoan informazio genetikoaren antolatzeko modua ikertzeari. Zelula eukariotoetan, nukleo-mintzak biltzen duen nukleoaren baitan, material genetikoa ausaz banatuta ez dagoen konplexu nukleoproteikoa (kromatina) da. Kokapen espazial horrek garrantzi handia izan dezake genomaren jardueran, baina oraindik ez dago oso argi zerk baldintzatzen duen. Hala ere, 2001eko otsaileko Nature Cell Biology aldizkarian argitaratu denez, Curie Institutuan, Zientzia Ikerketarako Zentro Nazionaleko (CNRS) talde batek ADNa nukleoan nola dagoen antolatuta jakiteko bide berria egin du.
Eskematikoki, zelularen nukleoa bi guneetan bana daiteke: heterokromatina eta eukromatina. Heterokromatina ADN ez-kodetzailearen sekuentzia-errepikapenez osatua dago gehienbat eta bere ezaugarri nagusia histona azpiazetilatuen presentzia handia da. Histonak ADNarekin elkartzean nukleosomak (kromatinaren unitate funtsezkoa) sortzen dituzten proteinak dira.
Histonen puntetan aldaketa asko gertatzen dira eta gehien ikertu den aldaketa azetilazioarena izan da. Azetilazio-maila bi entzima-familiak erregulatzen dute: histona-azetiltranferasek histonei azetil-talde bat gehitzen diete eta histona-desazetilasek, berriz, azetil-talde bat kendu egiten diete. Lehen entzimak transkripzioaren koaktibatzaile ere badira.
Orain arte ugaztunetan heterokromatina-guneen eginkizuna definitzeke zegoen, nahiz eta bereizketa kromosomikoan garrantzi handia zuela uste zen.
Ikerketa berri honetan, histonen azetilazio-maila aldatu egin dute, histona-desazetilasa entzimak inhibituz. Horrela jabetu dira, azetilazio-maila aldatuz, heterokromatina-guneak nukleoaren periferian kokatzen direla eta HP1 proteinarekin elkartzeko gaitasuna galdu egiten dutela. Izan ere, HP1 proteinak konplexu makromolekularrak kromatinan kokatzen dituzte. Aldaketa horiek hutsegiteak eragiten dituzte kromosomen bereizketan..Ikerketa berri honi esker, argi gelditu da belaunaldiz belaunaldi transmisio genetikoa egokiro egiteko oso garrantzitsua dela azetilazio-maila kontrolatzea nukleoaren heterokromatina-guneetan. Izan ere, azpiazetilazioak eragin zuzena du histonen kokapenean, HP1 proteinekin elkartzeko eta kromosomen bereizketan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia