}

Zergatik herdoiltzen da altzairu herdoilgaitza?

2002/02/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Altzairu herdoilgaitza burdinaren eta kromoaren aleazioa da. Metalaren azalean eratzen den kromo-oxidoaren geruzari esker, altzairua herdoiletik babestuta gelditzen da. Hala ere, batzuetan ilearen diametroa baino txikiagoak diren herdoil-puntutxoak agertzen dira azalean, eta denbora gutxian zulotxo sakonak izatera irits daitezke. Korrosio horrek, noski, ondorio larriak ditu, hodiak, deposituak eta eraikuntzak erabat ahul eta suntsi ditzakeelako.

Orain, Londreseko Unibertsitate Eskolako ikertzaileek korrosioaren zergatia jakin dute. Mikroskopio berezi baten bidez, itxura batean edonon azal daitezkeen korrosio-puntu horiek kromorik gabeko uneetan azaltzen direla ikusi dute. Nonbait, altzairuzko lingotea hozten ari denean, milimetroaren milioirena baino txikiagoak diren sufrezko ezpurutasunak ez dira artean solidotzen, eta inguruko kromoa bereganatzen dute. Beraz, haien inguruko altzairua kromo-oxidoaren babesik gabe gelditzen da.

Korrosioaren aurka indartzeko, kromo gehiago edo motelago herdoiltzen diren beste metal batzuk gehitzen dira, adibidez, molibdenoa eta titanioa. Horrela altzairua garestitzen bada ere, inguru korrosiboetan asko erabiltzen da, inplante kirurgikoetan esaterako.

Ikertzaileen ustez, korrosioaren aurrean iraunkortasuna areagotzeko metodo merkeagoak bilatzeko bidea ireki du egin berri duten aurkikuntzak. Hozte-prozesuan aldaketak eginez gero, arazoa saihestea espero dute. Irtenbideetako bat lingotea egina dagoenean azala berotzea izan daiteke; hartara, sufrezko ezpurutasunek kromoa askatzea lortzen da.

Ea altzairu herdoilgaitza hobetzeko saioek emaitza ona izaten duten. Zalantzarik gabe, aurrerapen horiek gogoz hartuko dira, altzairu herdoilgaitza eguneroko bizimoduan oso oso erabilia baita.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia