}

Zergatik higitzen dira Lurreko polo magnetikoak?

2000/06/28 Elhuyar Zientzia

Lurrak bi polo magnetiko ditu: Hego polo magnetikoa bata, eta Ipar polo magnetikoa bestea; baina polo magnetiko hauek ez dute zertan polo geografikoekin bat etorri beharrik.

Esaterako, Ipar polo magnetikoa ez dator bat Ipar polo geografikoarekin. Ipar polo geografikoa leku berean dago beti, hau da, Artikoan, baina ez ipar polo magnetikoa. Izan ere, Ipar polo magnetikoa etengabe ari da higitzen. Eginiko kalkuluen arabera 1948az gero, 10 km higitu da urtero, beti iparralderantz. Neurketa hori, hala ere, batez bestekoa da, esan bezala Ipar polo magnetikoa egunero higitzen baita, beti ere ibilbide eliptikoa eginez. Eguneroko higidura horren ondorioz, bere batez besteko posiziotik 80 km-ra egon daiteke Ipar polo magnetikoa.

Baina oraindik ez diogu zergatik higitzen den galderari erantzun. Esan dezagun, Lurrak urtzen eta higitzen ari diren burdin eta nikel-kantitate handiak dituela nukleoan eta higidura horrek, oso eremu magnetiko sendoa sortzen duela. Eremu magnetiko hau hain da sendoa dozenaka mila km-tan dauden objektuetan ere eragiten duela. Eta espazioan eragiten badu, Lurrean bertan are gehiago. Propietate magnetikoak dituzten objektu guztiak Lurrean sortzen den eremu magnetiko horrekiko orientatzen dira eta eremu magnetikoa higitzen bada, objektuen orientazioa neurri berean aldatzen da.

Horregatik, Ipar eta Hego polo magnetikoek ez dute posizio finkorik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia