}

Zerk egiten du ikerketa bat zientifikoa izatea?

2001/06/06 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Duela 300 urte baino gehiago asmatu zen metodo zientifikoa da gaur egungo esperimentuen oinarria. Ikerketa bat zientifikoa izateko, metodo zientifikoaz egin behar da. Horrek esan nahi du ikerketaren oinarria hipotesi zientifikoa dela, hau da, aurreko esperimentuetatik eta behaketetatik abiatuta, suposizio teoriko koherente bat sortu behar dela.

Hurrengo urratsa hipotesi hori frogatzeko esperimentua diseinatzea da. Ahal dela, esperimentuak aldagai bakarra neurtzeko balio behar du, hau da, faktore bat eta bat bakarrik aldatuta zer gertatzen den neurtu behar du. Esperimentu hori hasierako hipotesia frogatzeko nahikoa ez bada, beste aldagai baten eragina neurtuko duen bigarren esperimentua diseinatu beharko da.

Esperimentuen emaitzak behin baino gehiago egiaztatu behar dira. Errore-maila bat beti gertatuko dela onartu behar da; horregatik, esperimentu bat askotan errepikatu behar da eta emaitza zein den zehazten saiatu. Horrela, beste zientzialari batek esperimentu bera (baldintza berdinetan) eginda emaitza bera lortu behar du.

Emaitza zehazteaz gain, zientzialariak metodologiaren berezko errorea zenbatekoa den zehaztu behar du. Adibidez, milimetroa baino luzera txikiagoa neurtzen ez duen erregela baten berezko errorea, noski, milimetro batekoa izango da, eta horrekin ezingo da, esate baterako, 23,4 mm-ko luzera neurtu (erregela horrek ezin baitu hamartar hori neurtu).

Beraz, hasierako hipotesia okerra ez bada eta frogatzen baldin bada, hurrengo ikerketetarako abiapuntua izan daiteke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia