Zero covid estrategiatik egoera endemikorako trantsizioan
2021/10/07 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
2021eko urriaren 4an, Jacinda Ardern Zeelanda Berriko lehen ministroak onartu zuen zero covid estrategiak ez duela lortu Aucklandeko koronabirus-agerraldia desagerraraztea, eta beste ikuspegi bat beharko zutela aurrerantzean, SARS-CoV-2a kontrolpean izateko.
Orain arte, kanpoko mugak guztiz itxita eta, barruan, birusaren transmisioa zorrotz kontrolatuta, COVID-19aren ondorioz 27 heriotza baino ez dituzte izan, bost milioiko biztanleriarekin. Aldi berean, jarduera ekonomikoari eta sozialari eustea lortu dute.
Kasuen jarraipen estua eta konfinamendua ez dira nahikoak izan, ordea, Aukclanden. Azaldu dutenez, delta aldaeraren kutsakortasunak eta neurriak behar bezala betetzeko zailtasunak bat egin dute hiriko komunitate baztertuenetan. Birusa desagerraraztea ezinezkoa izango dela ikusita, eta txertaketak horretarako aukera eman heinean, beste estrategia baterako trantsizioan sartuko direla adierazi du Ardernek.
Oraindik, baina, txertoa jaso dezaketenen erdiak baino ez dira txertatu; horrenbestez, % 90a txertatuta egon arte, neurriak pixkanaka arinduko dituztela aurreratu du.
Lau herrialderen trantsizioa
Egun berean, The Lancet aldizkari medikoak izenburu hau duen artikulua argitaratu zuen: “SARS-CoV-2a ezabatzetik endemizitatera nabigatzen, Australian, Hong Kongen, Zeelanda Berrian eta Singapurren”. OMEren Asia Ekialdeko Behatokiko ordezkaria eta nazioarteko zientzialariak dira egileak, eta, artikuluan gogorarazi dutenez, herrialde horien helburua birusa desagerraraztea izan da, pandemiaren hasieratik, hau da, ez dadila SARS-CoV-2aren transmisio lokalik 28 egunetan baino gehiagotan. Horretarako, neurri ez-farmakologikoak erabili dituzte: testatu-jarraitu-isolatu, distantzia, maskarak, konfinamenduak…
Estrategia arrakastatsutzat jo da, oro har, eta ekonomikoki ere aurrera egitea lortu dute. Orain, baina, estrategia hori utzi eta beste egoera batera trantsizioa egiteko pausoak ematen hasiak dira. Artikuluaren egileen arabera, lau herrialde horiek hartutako bideak eta izan duten bilakera baliagarriak izan daitezke beste herrialde batzuentzat, ondorioak ateratzeko eta endemizitatera trantsizioa diseinatzeko.
Singapurren uztailean eman zuten lehen pausoa. Ardura indibidualean oinarritu zuten estrategia, autotestak banatu zituzten, eta testatu-jarraitu-isolatu sistema indartu zuten, kasuen kontrol goiztiarra egiteko. Abuztuan, pixkanaka joan ziren berreskuratzen jarduera soziala eta ekonomikoa, nazioarteko bidaiak barne. Txertatu gabekoek neurri zorrotzagoak zituzten, txertatutakoek baino. Neurrien malgutzea osasun zerbitzuen ahalmenari eta heriotzei lotuta zegoen, eta gogor erantzuten zuten agerraldi-arriskuen aurrean. Irailaren hasierarako % 80 zuten txertatuta, eta prest daude neurriak gogortzeko, kasuak igotzen hasten badira.
Australiak, berriz, neurri ez-farmakologikoak erabili ditu barruko transmisioa kontroaltzkeo, eta berrogeialdiak, bere mugetatik kanpoko bidaietarako. Neurriak arintzeko, lau pausotako estrategia bat diseinatu zuen, populazioaren % 70-80 txertatuta egondakoan ezartzen hasteko. Alabaina, txertaketaren hedadura bere pareko herrialdeen arteko txikiena da. Horrekin batera, delta aldaerak agerraldi nahiko handiak eragin ditu, eta ez dira konfinamenduen bidez kontrolatzeko gai izan. Zero covid estrategiari uko egiteko presio politikoa egon da, eta, azkenean, txertaketa hartu dute irtenbidetzat. Arazo bat dute, ordea: txertoen hornidura ez da behar bezain ugaria eta azkarra. Orain 16 urtetik gorako biztanleen erdiak baino gehixeago daude txertatuta, eta azarorako % 80 egotea espero dute. 18 hilabetez indarrean egon den bidaiatzeko debekua kenduko dituztela iragarri dute, eta txertaketa indartuko dute, txerto berriak onartuta.
Zeelanda Berriak ere iragarri du trantsizioa abiatuko duela. Han ere txertaketan jarriko dute indarra, eta, 2022rako hedadura nahikoa bada, kanpoko bidaiariak onartzen hasiko dira, jatorrizko herrialdearen araberako neurriak ezarrita. Testatzea eta isolatzea beharrezkoa izaten jarraituko du, kasuren bat agertuz gero, transmisioa hasieratik eteteko.
Hong Kongek ere arrakastaz erantzun die COVID-19aren olatuei, neurri ez-farmakologiko zorrotzei, konfinamenduei, eta herritarren ardura eta betetze-maila handiei esker. Neurriak arintzeko aukera emango luke txertaketak, baina, oraingoz, nahiz eta ez duten hornidura-arazorik, ez dute lortu txertaketa behar bezala hedatzea. Irailaren amaierarako txertatu daitekeen populazioaren % 62 guztiz txertatuta zegoen, baina, 80 urtekoetan, % 14 baino ez. Txertatzera bultzatzeko, neurri berezituak ezarri dituzte txertatutakoentzat eta gabekoentzat. Hala ere, neurriekin luzaroan jarraituko dutela aurreikusten dute. Orain, Txinarekin joan-etorriak berreskuratzea dute lehentesuna, baina Txinak zero covid estrategiari eusten dio. Hala, bidaia jakin batzuk baimentzen dituen programa bat ezarri dute.
Egileek ondorioztatu dute zero covid estrategia ezin dela luzatu, eta txertaketa ezinbestekoa dela neurriak aritzen joateko. SARS-CoV-2a endemikoa den munduan integratu ahala, dei egin diete ikertzaileei eta erabakiak hartzen dituztenei aukera guztiak identifikatzeko, osasun-sistema indartzeko, desberdintasunak murrizteko eta pandemia luze baterako prest egoteko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia