Zertarako erabiltzen du kasuarioak gangarra?
2003/11/04 Elhuyar Zientzia
Kasuarioa munduko hegaztirik handienetakoa da gaur egun; ostruka bakarrik da hura baino handiagoa. Baina badu beste bitxikeriarik ere: buruko gangarra. Egitura berezia da, zalantzarik gabe, eta, Kaliforniako Unibertsitatean egindako azkeneko ikerketek diotenez, elkarrekin komunikatzeko erabiltzen dute kasuarioek.
Frekuntzia txikiko infrasoinuen bidez komunikatzen dira, 23 Hz-etik beherako frekuentziako soinuen bidez, hain zuzen, eta, hortaz, gizakion entzumen-mailatik kanpo. Animalia bakartia da kasuarioa, eta oihan itxietan komunikatzeko metodo egokia izan daiteke. Dena den, animalia lurtarren artean oso arraroa da infrasoinuen bidez komunikatzea; biologoek dakitenaren arabera, elefanteek bakarrik erabiltzen dute bide hori.
Kasuarioek gangarra soinuak jasotzeko erabiltzen dutela uste dute Kaliforniako ikertzaileek, eta horrek interes berezia piztu du dinosauroak ikertzen dituztenen artean. Izan ere, gangardun dinosauroek ere horretarako erabiltzen zuten hipotesiari heldu diote.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia