}

Zetaz egindako inplante kirurgikoak garatu dituzte hautsitako hezurrak osatzeko

2014/03/11 Jauregi Larretxea, Oihana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

zetaz-egindako-inplante-kirurgikoak-garatu-dituzte
Zetazko torlojuak. Ohiko fabrikazio-prozesuak etabiliz sintetizatu dituzte ikertzaileek. Arg. Gabriel Perrone

Estatu Batuetako Tufts unibertsitateko ikertzaileek zetaz egindako inplante kirurgikoak garatu dituzte; zeta harren kapuluetatik eratorritako zeta puruaren proteinak erabiliz, plaka eta torloju kirurgikoak egin dituzte.

Hautsitako hezurrak osatzeko tratamenduetan, hezur zatiak lotu eta haustura sendatzeko, torlojuak eta plakak erabili behar izaten dituzte medikuek maiz eta, kasu gehienetan metal-aleazioz egindakoak dira. Baina metalek badituzte zenbait eragozpen: zurrunak direnez hezurretan presioa eragin dezakete, eta infekzioak sorrarazteko arriskua dute. Kasu askotan, gainera, hezurrak osatzen direnean inplantea kendu behar izaten da beste ebakuntza baten bidez.

Zetaz egindako inplanteek metal aleaziozkoek baino emaitza hobeak eman dituzte hezurren lesioak sendatzeko prozesuan. Eta oso baliagarria den beste ezaugarri bat dute: metalezkoak ezbezala, gorputzak xurgatu egiten ditu denborarekin, eta horrela ez dago beste ebakuntza bat egin eta kentzeko beharrik.

“Zetaren proteinaren eta hezurraren egiturak antzekoak dira. Zetaz egindako materialak oso indartsuak dira, tenperatura altuetan ere egitura egonkor mantentzen dute. Muturreko beste hainbat egoera ere jasaten dituzte eta erraz esterilizatu daitezke”, dio Samuel Lin ikertzaileak, Beth Israel Deaconess mediku zentroko kideak.

Begi-orbitako hezur-haustura bat, % 100ean zetazko torlojuekin eta plakekin finkatua. Arg. Gabriel Perrone

 Inplanteen azterketa-probak Beth Israel Deaconess mediku zentroko eta Tufts unibertsitateko ingeniaritza eskolako ikertzaileek egin dituzte. Eta ikerketa horien emaitzak Nature Communications aldizkarian kaleratu dituzte. Lehenengo probak laborategian egin zituzten, in vitro. Ondoren, arratoiekin aritu ziren, zetazko 28 torloju jarri zizkieten.

“Jarri genituen inplanteetatik batek ere ez zuen huts egin”, argitu du David Kaplan ikertzaileak, Tufts unibertsitateko biomedikuntza ingeniaritza saileko adituak.

“Zetaren beste abantaila nagusietako bat da osagai bioaktiboak gehitu daitezkeela. Zetaz egindako plaka eta torloju horiek antibiotikoak izan ditzakete infekzioak ekidin eta hezurraren birsortzea hobetzeko”, dio David Kaplan ikertzaileak.

Zetaz egindako torlojuak aurpegiko lesioak sendatzeko erabiltzea zen ikerketaren helburu nagusietako bat. Baina mota askotako hezur hausturak osatzeko erabil daitezke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia