Zientzi eta Etika
1999/01/01 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hitzaldiaren gaia Zer egin dezake etikak medikuntzaren alde? izan da, baina etika eta erlijioaren arteko balizko loturan oinarrituz gero, kultura eta erlijio desberdineko lurraldeetan etika eta moral desberdinak daudela esan al daiteke?
Kulturaren eta erlijioaren ikuspuntuak nahastea akatsa dela uste dut. Ikuspuntu kulturalak A gizartean eta B gizartean bizimodu desberdina dutela azaltzen du eta hori antropologoen lana da. Bestelakoa da, ordea, etika arau-emailearen arazoa. Eztabaidaren muina etika arau-emailea ere erlatibista ote den edo ez da, hau da, kultura desberdinetan etika desberdina ote dagoen edo ez.Desberdintasunik badagoela defendatzen dutenek, askotan, europarren kontzientzia txarraren argudioak erabiltzen dituzte (adibidez, etnozentrismoaren argudioa). Diotenez, nolabaiteko arau etikoak indarrean jartzea etnozentrismoaren muturrera jotzea izango litzateke, kultura batek gainerakoei bere bizimodua inposatuko liokeen neurrian. Honek, berriz ere, ikuspuntu etikoa eta kulturalak nahastaraziko lizkiguke.
Etika mendebaldean, esaterako, onartutako bizimodua inposatzea besterik ez bada, hots, etika ikuspuntu kulturalera mugatuko balitz, arrazoi lukete egozentrismoa dela eta kexatzen direnak, baina nire iritziz hori ez da horrela. Nire ustetan, gizaki ororentzat balioko luketen baloreak arrazionalki argumentatzerik badago. Adibidez, ez dut uste giza eskubideek (diskriminazio eza, tortura debekatzea, arbitrarioki hiltzea debekatzea,...) baliorik ez dutela uste duen inor dagoenik eta gainera kultura guztietan onartzen direla iruditzen zait. Gai honi dagokionez etika erlatibistarik ez dagoela deritzot. Kultura desberdinen arabera gauza onak eta bizitzeko modu egokiak desberdinak izan badaitezke ere, bat datoz gaizki dagoena finkatzeko orduan eta gaizki dagoenaren inguruan adostasun unibertsala baldin badago, ongia txarretik urruntzen dena dela esan genezake.
Garai batean etikoki onartezinak zirenak (lehen probeta-umea, abortua...) gaur egun onargarriak edo onargarriagoak dira. Honek zer esan nahiko luke, ikuspuntu etikoa aldatu egiten dela edo, aitzitik, etikoki onargarria denaren benetako mugarik ez dagoela?
Erantzukizunei dagokienez, adibidez, zientziaren aurrerakuntzen eta etikaren arteko erlazioa badagoela uste dut. Aurrerakuntza epistematikoak murriztu egiten ditu lehen oso zabalak ziren arloak. Adibidez, ezagutza epistemikoa handiagotu ahala murriztu egiten da zori onari edo txarrari egotz dakiokeena; erretzaile porrakatua izanik biriketako minbizia duenak zorte txarra izan duela esaterik ez du, medikuntzak bien arteko lotura kausalik badagoela frogatu baitu. Gauza bera mirariekin. Beraz, ezagutza hazi ahala gure erantzukizun morala ere handiagotu egiten da.
Baina, bestalde, batzuetan erantzukizuna murriztu egiten duela dirudi. Homosexualena honen adibide argia da. Zientziak homosexualitatea heterosexualitatea bezain naturala dela frogatu duen unetik aldatu egin da homosexualitateak zuen kalifikazio morala eta, beraz, ekintza honekiko dugun erantzukizuna txikiagoa da, gaiztakeria bat baino gehiago gertaera kausala izango litzateke eta. Beraz, aurrerakuntzen eta zenbait ekintzen (ez guztien) kalifikazio moralen aldaketaren arteko loturarik egon badago.
Ildo honetan, aurrerapen kualitatiboa izaten den bakoitzean, gerora arrazoigabeak irudi dakizkigukeen eztabaidak gertatzen dira.
Jauzi kualitatiboek ikuspuntu-aldaketa eta nahasketa dakarte. Honen aurrean badirudi portaera-arauak ere aldatu egiten direla eta egoera berrira moldatzeko joera dutela, erreferentziazko oinarriak aldatzen diren neurrian eztabaida etikoak sortuz. Zientziaren emaitzak oso nabarmenak direnean giza erantzukizunaren aldaketa eskatzen dute (bonba atomikoa, klonazioa...) eta hori etikarentzat erronka da.
Zure hitzaldian, egindakoen "boomerang efektuak" muga moralak baino eraginkorragoak direla esan duzu. Baina aurrerakuntzen oinarrietako bat jakin-mina den neurrian, izan al daiteke ikerketaren emaitzaren beldur? Nola izan daiteke hau benetako muga?
Nire iritziz arazoa ondorengo hau da: etika arau-emaileak, definizioz, arauak ematen ditu. Baina arau guztiak, arau direnetik, apurtu egin daitezke. Beraz, zer eska dakioke moralari? Moral arau-emailearen arauek bermerik ez badute, arazoa arauon eraginkortasunean datza. Honi oso larria deritzot, beti egongo baita arau moralak apurtu eta hondamendiak eragin ditzakeen zientzialariren bat. Beste irtenbideak zigorra eta espetxea lirateke, soluzio juridikoa, baina hauek, beti, gertaeraren ondoren iritsiko lirateke; beranduegi litzateke.
Ondorioz, azken muga zientzialaria beraren autointeresa da. Zientzialariak, berak egingo duena bere aurka itzul daitekeela baldin badaki, hori izango da bere muga. EEBBek, adibidez, ez zuten inolako arazorik izan Nagashakin bonba atomikoa jaurtikitzeko, hori bai, japoniarrek edo errusiarrek ere horrelako bonbarik esku artean ez zuten bitartean. Beti egon daitezke zientzialari suizidak, noski.
Ikuspuntu honek ikerketaren emaitza ezaguna izatea eskatuko luke, baina zer gertatzen da hori horrela ez denean?
Hori pertsona beraren psikologiaren menpe dagoela uste dut. Pertsona baikorra bada, emaitza ona izango dela eta kontrolatu ahal izango duela usteko du. Ezkorra bada, ordea, arriskua handiegia dela usteko du eta, beraz, zuhurrago jokatuko du.
Honek gauzak ikerlarien esku utziko lituzke; hori ez ahal da eztabaidagarria. Egoera desberdinetan norberaren portaera ere desberdina izan daiteke. Adibidez, pertsonekin ikertzean, oso desberdina izan daiteke erabat ezezaguna edo oso urruneko norbait edo, aitzitik, ikerlariaren inguruko norbait erabiltzea.
Hemen ere gauza bera. Ikerketak norberarengan edo hurbilekoenengan izango dituen ondorioak izango dira muga. Giza gaiztakeriak ez du mugarik eta ez dago fanatikoa, Hittler bat, geraraziko duen arau moralik. Benetan balio duena ezagutza hauek guztiak fanatikoen esku ez izatea da.
Legeria zorrotzegia bera ez al litzateke gaiztakeriarako pizgarri izango? Drogak legeztatzearen eztabaida edo EEBBetan alkohola legez kanpo uztearekin gertatu zenaren antzekoa gertatzeko arriskurik ez al dago?
Drogen gaineko zigorrak ezabatzea, besteak beste, mafia kriminalak eragozteko modu bat izan daiteke. Baina nire iritziz arazo nagusiak berean datza, hau da, moralak eta zuzenbideak neurrigabeko hondamendiak eragotzi ahal ditzekete ikerlariak berak horrelakorik ez gertatzeko interes sendorik ezean?
Beraz, helburu zuzenak dituzten ikerketek gerora izan ditzaketen oker erabiltzean legoke auzia?
Argi dago lukurua besterik bilatzen ez duten arloak badirela, kosmetikoena kasu. Animalia asko erabiltzen da produktu kosmetikoak lortzearren, baina kontrolatzen oso zaila diren lobby handiak daude azpian (mendebaldeko emakumeek kosmetikoetan gastatzen duten diruarekin munduko gosea desagertaraz daiteke). Badaude, hala ere, A helburua izan arren, harekin zerikusirik ez duten C eta D ondoriak eragiten dituzten ikerketak eta hauek kontrolatzea ere zaila da oso.
Beraz, bietako bat, edo ikerketa eta ezagutza bera debekatu, eta ez dut uste horretarako inolako justifikaziorik dagoenik, edo ez dago ezagutzea debekatzerik, eta orduan oso zaila izango da honen ondorioak saihestea. Horiek zientziak berarekin dituen arrisku saihestezinak direla uste dut eta mugak gauzak muturrera iristean ezarriko dira. Ez dakit medikuntzan klonazioarekin, adibidez, muturrera iritsiko garen edo ez eta, beraz, nahikoa dela erabakiko dugun edo ez. Oso zaila da mugak jartzea.
Azkenean muga gizakiaren beraren biziraupenean egongo litzateke?
Hori da. Gizarteak oro har suizidak ez direla onartuz, galga bakarra autogalga moduko bat izango da, nahiz eta beti ezagutzaren alde bizia emateko gertu dauden ikerlariak egongo diren. Oso arriskutsua izan daiteke zientziaren fundamentalismoa, baina hori eragoztea ere oso zaila da. Kasu hauetan moralak eta zuzenbideak behar adinako indarrik ez dutela uste dut; geratzen den gauza bakarra ikerlariak berak ezarritako muga da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia