Zientzia eguneroko prentsan
2005/07/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Eguneroko prentsan agertzen diren berri guztien % 2,42 zientzia-gaiei buruzkoak dira. Hori da Elhuyar Fundazioak, bigarren urtez jarraian, egin duen eguneroko prentsaren azterketaren ondorio nagusia. Horrela esanda, kopuruak ez dirudi oso handia, baina, aurreko urteko emaitzekiko aldea nabarmena da: berri-kopurua bikoiztu baino gehiago egin da.
Ikerketan, Berria , Deia , Gara , El Diario Vasco , El Correo Españo l, Diario de Noticias de Alava eta El Pais egunkariak erabili dira. Hau da, Euskal Autonomia Erkidegoan argitaratzen diren guztiak, gehi El Pais . Espainiako egunkari horrek badu nolabaiteko erreferentzialtasuna zientziaren dibulgazioan, eta horregatik erabili da azterketan. Iazko azaroan hasi eta aurtengo apirila arte, egunero begiratu, irakurri eta fitxatu dira zazpi egunkarietan argitaratu diren berriak, erreportajeak, elkarrizketak eta abar. Eguneroko gaiez gain, egunkarietako gehigarriak ere aztertu dira.
Labelik gabeko lana
Horrelakoetan ohikotzat jo daitezkeen datuez haratago —argitaratze-data, izenburua, kazetaritza-formatua, izenpetua dagoen ala ez, gaia, iturrien aipamena...—, aurreko urteko azterketarekin alderatuta, bada nabarmendu daitekeen alor bat: kalitatea. Hau da, datu hotzak jasotzearekin batera, argitaratutako informazioa balioztatu nahi izan da. Ondorioa? Egunkariek badute zer hobetu zientziari buruzko informazioa emateko orduan.
Ondorio horretara iristeko, artikuluei hainbat parametroren araberako puntuazioa eman zaie, zenbateraino zuzen landuta dauden adierazteko. Edukien zuzentasuna balioztatu da, iturriak aipatzea, aipatzen diren iturri horiek fidagarriak diren edo ez, adituen iritzirik jasotzen den, berritik haratagoko informaziorik eskaintzen duen, azalpen grafikoak egokiak eta onak diren eta idazkera ere baloratu da, ea okerra, arrunta edo zuzena den. Horiek guztiak kontuan hartuta, 0 eta 9 artean, kalkulatu da zuzen landutako artikulu batek gutxienez 5eko puntuazioa
lortu beharko lukeela.
Gutxieneko maila horretara pentsa daitekeen baino askoz artikulu gutxiago iritsi dira: % 53 doi-doi; hau da, erdia baino gehixeago zuzenak izan dira, baina erdia baino gutxixeago txartzat hartu behar dira.
Luzatzeagatik, informazioaren hartzaileengana ere luza daiteke kritika, nahiz eta modu lausoagoan izan. Izan ere, egunkarien erosle diren neurrian, erosten dutenek kalitatezko produktuak kontsumitzeko eskubidea dute, eta, noski, eskubide hori eskatzekoa.
Hausnarketa edo kritika are eta urrunago eramatea ere badago, nahiz eta ez jakin noraino. Izan ere, gerta daiteke erosleak ez konturatzea jasotzen ari diren zientzia eta teknologiari buruzko informazioaren erdia kalitate gutxikoa dela. Kasu horretan, arazoak larriagoa dirudi, gizarte honen hezkuntza-ereduei begira jarri beharra egongo litzateke eta.
Edonor idazle
Kalitate-kontuak eta informazioaren jasotzaileak alde batera utzita, baina lotura hautsi gabe, informazioaren egileak ere hartu ditu kontuan azterketak. Horrek zerikusi handia izan dezake kalitatearen gaiarekin. Zientzia-dibulgatzailearen perfilik bada egunkarietan? Zientzia eta teknologia gizarteratzen espezializatutako pertsonarik badago egunkarietan? Galdera horiei erantzun nahi izan zaie. Azaroa eta apirila artean argitaratu diren 4.489 artikuluen fitxei erreparatu zaie.
Artikuluak nork sinatu dituen begiratu da, eta, ogibide hau dugunontzat, emaitza itxaropentsua: zientzia-kazetariaren figura ez da oraindik guztiz hedatu. Egunkari guztietan daude zientziaz eta teknologiaz idazten duten pertsonak, baina ez dira iristen egunkariek gai honi eskaintzen dizkioten orrialde guztiak betetzera. Horregatik, artikulu asko eta asko espezializaziorik ez duten kazetarien eskuetatik pasatzen dira.
Zientzia-dibulgazioaren beste atal batzuei ere erreparatu zaie azterketan. Adibidez, egunkari bakoitzak zientziari zenbat toki eskaintzen dion jakitea ere badago, eta portzentajeetan Berria da toki gehien ematen diona; Deia , berriz, gutxien ematen diona.
Euskararen presentziari ere begiratu zaio, eta, aurten, iaz baino txikiagoa du; % 20 aurten, % 38 iaz. Berez, euskaraz idatzitako artikuluen kopuruak gora egin du, baina zientziari eskainitako berri-kopuruen gorakada handiagoa izan da. Bitxikeria bat ere bai: egunkari guztiek, El Pais barne, idatzi dute zerbait euskaraz zientziari buruz. Bat geratu da hutsean, sei hilabetean laburtxo bat ere ez euskaraz: nagusiki Bizkaian eta Araban saltzen den El Correo Español .