Zientzia eta ikerketa gizarteratzen, baietz beste 50 urtez!
2022/09/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Elhuyarrek eta UEUk 50 urte daramatzate zientzia eta ikerketa gizarteratzen, euskaraz eta Euskal Herriko ekoizpen zientifikotik abiatuta. Elkarrekin egin dute bidea, eta elkarrekin egin nahi dute aurrera datozen urteetan ere. Horretarako aukerak eta zailtasunak aztertu zituzten ekainaren 22an, Teila Fabrikan egin zuten solasaldi batean.
Uda estreinatu berri, eta euria ari du kanpoan; baina goxo gaude, Teila Fabrikaren babesean, dozena bat lagun. Arantxa Urretabizkaia Bejaranok literaturaz esan ohi duen bezala, zientziaren gizarteratzea ere “gehiengoari batere ez eta gutxiri asko inporta zaion zerbait da”. Ez gara asko, baina entzuteko eta parte hartzeko gogoz gaude. Aurrean ditugu, mahai altu baten bueltan eserita, bi solaskideak eta moderatzailea.
Zientziak eskatzen duen doitasunaz, 18:00etan puntuan, puntual, hasi da Igor Leturia Azkarate ongietorria eman eta saioa aurkezten. UEU eta Elhuyar erakundeak aurkeztu ditu lehenik, biak ere zientzia eta ikerketa gizarteratzen erreferenteak. Gertutik ezagutzen ditu, bietako kide baita, bateko bazkide eta besteko langile. Alde banatara dituen solaskideak aurkeztu ditu: “Ana Galarraga Aiestaran, Albaitaritzan eta Elikagaien Zientzian eta Teknologian lizentziatua; 20 urtetik gora daramatza Elhuyarren zientzia komunikatzen. Eta Ainhoa Latatu Nuñez, Biologian doktorea, UEUko Natur Zientzien sailburu izana; azken 20 urteetan UEUko lantaldean dihardu”.
Bakoitzak bere erakundearen jarduna labur azaldu ondoren etorri da galdera mamitsua: “Zergatik eta zertarako gizarteratu zientzia?”. Galarragak garbi utzi du: “Zergatik? Eskubide bat delako. Giza eskubideetako bat da zientzia-jakintza eskuratzeko aukera izatea. Guk horretan laguntzen dugu. Eta, zertarako? Bada, gizarte irizpideduna, kritikoa, jantzia, arduratsua eta erantzukizunak bere gain hartzeko eta eskatzeko gai dena eraikitzen laguntzeko”. Ikuspegi bera du Latatuk: “Ezagutza transmititzen duzunean, ari zara errealitatea interpretatzeko tresnak eta gakoak ematen. Gizartearen eraldaketa horretan sinesten badugu, tresna horiek eman beharra daukagu. Eta gizarte hori euskalduna bada, bada euskaraz egin behar dugu hori, hori delako gizarte horren hizkuntza”.
Ikerketaren munduan, ordea, euskararen presentzia urria da. Hala ere, maila akademikoan ia dena ingelesez komunikatzen den garaian, UEUk zazpi urte daramatza IkerGazte kongresua antolatzen, euskaraz, korrontearen kontra. “Euskararen normalizazioan eragin nahi badugu, ikerketan ere euskara normalizatu behar dugu”, aldarrikatu du Latatuk. “Harreman mailan duen garrantziaz gain, ikerketa euskaraz egin behar dugu, eta sortu behar ditugu erreferentziak euskaraz. Beraz, korrontearen kontra bai, baina, aldi berean, behar bati erantzunez. Halaxe gabiltza Elhuyar eta UEU, sortu ginenetik, gizartean sortzen diren beharretara moldatuz”. Erabateko adostasuna adierazten dute Galarragaren keinuek, baita hitzek ere: “Horixe bera biltzen du Elhuyarren leloak: ‘ezagutuz aldatzea’. Oso aproposa izateaz gain, itsasargi ere bada guretzat”.
Aldatu eta moldatu
Aldatzea eta moldatzea ezinbestekoa da zientziaren komunikazioan 50 urtez irauteko. Formatuek eboluzio handia izan dutela eta, ongi egokitzen asmatu ote duten galdetu die Leturiak. Galarraga hasi da: “50 urtean, ez bakarrik irautea, baizik eta komunikatzeko dauden formatu guztietan egotea bada zerbaiten erakusgarri; beste askok bidean utzi behar izan dute, eta gu bizirik gaude, etengabe eraldatzen. Uste dut ari garela asmatzen”.
Eta kontrapuntua ere jarri du: “Badago obsesio moduko bat azken formatuetan ere egon beharrarena. Baina pazientzia eta perspektiba ere behar dira, eta ikusi formatu horietatik zeinek egiten duten aurrera, eta balio ote duten gure edukietarako eta gure helburuetarako”.
“Guk eboluzio handia izan dugu komunikazioan”, jarraitu du Latatuk. “Baina, Anak dioen bezala, oso ondo jakinda zein den gure helburua, eta horretarako zein den baliabide egokiena”.
Duela 50 urte, komunikatzeko eta informazioa hedatzeko bideak ez zeuden edonoren esku. Interneten garapenak asko erraztu eta demokratizatu du komunikazioa. Informazio askoz gehiago dago orain eskuragarri, eta, gainera, dohain. Kontrakoa pentsa litekeen arren, horrek euren lanari balioa ematen diola uste du Galarragak: “Alea eta lastoa bereizteko laguntza behar da, eta guk informazio fidagarria, independentea, kontrastatutakoa, zuhurra, sakona eta neurrikoa ematen dugu, alarmismotik zein triunfalismotik ihes eginda. Eta hori asko eskertzen du hartzaileak. Gainera, gurea ere dohainik da. Orduan, gizarte osoari egiten zaion ekarpen bat denez, erakunde publikoek bermatu beharko lituzkete gure jarduera mantentzeko baliabideak”.
“Guztiz ados”, jarraitu du Latatuk. “Demokratizazioa eta ezagutza askatzea UEUrekin oso bat datorren zerbait da. Informazio fidagarria izateak ahalduntzen du hartzailea. Pandemian garbi ikusi da; gertatzen ari diren gauzak nola interpretatu jakiteko, garrantzitsua da informazio fidagarria eskura izatea. Guk hor egon behar dugu”.
Ardura, denona
Fidagarritasun eta sinesgarritasun hori garrantzitsuak dira, komunikazioaren demokratizazio horrekin batera etorri baita albiste faltsuen eta gezurren ugaritzea, sasizientzien eta sasiterapien zabalkundea, eta negazionismoak. “Horrelakoei aurre egitea da gure egitekoa”, dio Galarragak. “Ardura hori badugu, baina ez da gure ardura bakarrik. Gainerako hedabideek ere hartu beharko lukete ardura hori; informazio fidagarria eta kontrastatutakoa zabaltzearen ardura. Eta baita gizarte osoak ere, norbanakoek. Eta hor hezkuntzatik asko dago egiteko, espiritu kritikoa izan dezagun denok”.
Eta, ardurez hitz egiten hasita, genero-berdintasunaren gaia jarri du mahai gainean Leturiak. “Estereotipoak apurtu behar ditugu, batetik, neskek erreferente berriak izateko, baina, bestetik, emakumeen presentzia normalizatzeko”, azaldu du Latatuk. “Horretarako bideetako bat agerikoena da: elkarrizketak egitean ahalegin berezia egitea emakumeak egoteko, eta abar. Baina, horrez gain, dauzkagun batzordeetan eta erabaki-organoetan ere emakumeek egon behar dute. Asko dugu egiteko, eta egin behar dugu; gure erantzukizuna da”.
“Bai, tokatzen zaigu lan hori egitea”, berretsi du Galarragak. “Eta erreferentziak eskaintzeaz gain, egoera salatzen eta arduradunei neurriak eskatzen ere lagundu behar dugu. Izan ere, arazo hau egiturazkoa da, ez da arlo honena bakarrik. Eta, hasieran genioen moduan, zertarako nahi dugu jende irizpideduna? Bada, erantzukizunak eskatzeko; eta, kasu honetan ere, horixe tokatzen zaigu”.
Baina, “zuen lanaren funtsa jakintza zientifikoa hedatzea eta gizartea informatzea da, edo zilegi da iritzietan eta politikan eragitea?”, galdetu du Leturiak. Eta, Latatuk: “Bai, eraldatzeko etorri gara. Bada, eragin dezagun politiketan”. Baiezkoa, Galarragak ere: “Lehen bazirudien eskatzen zitzaigula neutraltasun moduko bat, baina gizartea ez da horrelakoa. Gizartea konplexua da, eta guk gizarte hori nahi dugu interpretatu, interpretatzeko tresnak eskaini, eta eraldatu. Orduan, elementu eta eragile guztiak aintzat hartuta egin beharko genuke lana”.
Argi dute zein diren bultzatu nahi dituzten baloreak. “Hizkuntzarena garbi dago —hasi da Latatu—; gure hizkuntzatik, gure herritik, maila globala galdu gabe, baina gureari kasu eginez transmititu nahi dugu. Pertsona guztiei aukera berdinak eskaintzearen alde egin nahi dugu, eta zintzotasuna ere garrantzitsua da”. Beste balore batzuk gehitu ditu Galarragak: “gardentasuna, independentzia, enpatia, zuhurtzia eta apaltasuna”.
Elkarrekin
Azken urteetan UEUk darabilen ElkarEkin leloa ekarri du Leturiak, eta elkarlanaren funtzioaz galdetu. “Ba ekitaldi hau, adibidez”, erantzun du Latatuk, besoak publikorantz zabalduz. “Hemen egotea, Elhuyar, UEU, Teila Fabrika coworking erako espazio honetan. Gero eta identifikatuago sentitzen gara lelo horrekin, guk hainbesteko garrantzia ematen diogun komunitate-izaera horri beste dimentsio bat ematen diolako. Eta jarrera bat ere badelako: ez bakarrik komunitatea garela, baizik eta elkarrekin ekingo diogula”.
“Eta, bestetik, nik uste dut esker onekoak izan behar dugula. Bide hau ez dugu guk bakarrik egin. Askoren laguntzarekin eta askoren artean egin dugu, elkarrekin, eta aurrea begira ere elkarrekin egiten jarraitu nahi dugu”. Leloari zukua ateratzen jarraitu du Galarragak: “Oso polita izan zen Elkarrek saria ematea bi erakundeoi. Gu ere oso identifikatuta sentitzen gara leloarekin, guri ere balio digu”. “Noski, denontzat da”, eskaini du Latatuk. “Bai, denok kabitzen gara. Eta, bai, babes hori ezinbestekoa da. Ez da irauten 50 urtez jende asko eta askoren babesik ez baduzu”.
Bertsolarien gisara, esaldi politak eta esanahiz beteak, solasaldiari amaiera jartzeko. Baina ez da hor amaitu. Entzuleen txanda da. Gogotsu hasi da bat: “Hona nentorrela, lerroburu hau irakurri dut: ‘Rammsteinen kontzertu batek anomalia bat eragin du partikula-azeleragailu batean’ [barre egin dugu denok]. Badaukagu, zuen komunitatean, bihar horri buruz hitz egiteko edo idazteko gai den inor?”. Ez du zalantzarik Galarragak: “Bai, badaukagu. Eta guk geuk ez bagenu izango ere, jakingo genuke norengana jo. Denbora asko daramagu sarea lantzen. 50 urte! Konfiantzan oinarritutako sarea da. Gure proiektu guztietan adituengana jotzen dugu, eta konturatzen dira mimatzen ditugula, eta haiek esandakoa ongi interpretatuko dugula eta halaxe jarriko dugula”.
Eta aditu horiei ikusgarritasuna ematearen balioa azpimarratu du beste entzule batek: “Oso garrantzitsua da gertuko ikertzaileak erreferentzia izatea, ez bakarrik Einsteinen eta Newtonen gisako jainkoak”.
Beste bat kexatu da pandemian asko azpimarratu zela zientzia komunikatzearen garrantzia, baina dagoeneko berriz bazterrean gelditu dela; ea zein den hedabideen eta administrazio publikoen ardura. “Erabaki politiko bat izan behar du, argi eta garbi. Eta guk ere hedabideei eskatu behar diegu beren funtzio informatiboa bete dezaten. Ez dugu nahikoa eskatzen”, dio Galarragak. “Nik harro begiratzen diot egoerari nola heldu diogun —dio Latatuk—; orain hor jarraitu behar dugu, eutsi egin behar diogu”.
Eta entzuleek parte-hartzaile bihurtzen jarraitu dute, ia bazkalondo bateko giroan, zientzialariek gehiago komunikatu behar ote duten galdetuz, komunikazioko ikasketetan zergatik ez den zientzia-oinarririk ikasten salatuz, eta kultura zientifikoa ere kultura dela aldarrikatuz.
Konturatu gabe egin du aurrera denborak. Eta, orain bai, bukatzeko, Leturiak eskerrak eman eta txaloak eskatu ditu hizlarientzat, eta bi erakundeak zoriondu ditu, 50 urte betetzeagatik, eta urte horietan egindako lanagatik. Jarrai dezatela, bai, UEUk eta Elhuyarrek, beste 50 urtez ere, ezagutuz aldatzen, ElkarEkin.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia