Zientzia eta teknologia garatzen
2003/09/01 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zer da 2001-2004ko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana eta zein dira planaren helburu nagusiak?
Joseba Jauregizar Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Informazioaren Gizarteko zuzendaria da. (Argazkia: Eusko Jaurlaritza).Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren baitan, zientzia eta teknologia kontzeptuak garatu nahi dira enpresa-sektorearentzat eta, orokorrean, euskal gizartearentzat. Izan ere, kontzeptu horiek geroz eta garrantzi handiagoa dute, ez soilik industria eta enpresaren munduan, baita gizartean ere.
Plan hori aurretik zeuden beste plan batzuen jarraipena da eta sektore industriala, lehiakortasunari dagokionez, toki onean kokatzea du helburu.
Horretarako, Europaren maila teknologikora iritsi nahi dugu eta Europak ikerketa eta garapenean inbertitzen duen diru-portzentaje bera inbertitu nahi dugu hemen, hau da, barne-produktu gordinaren % 1,7.
Helburu hori lortzeko, kontuan izan behar da duela 22 urte inbertsio hori % 0,069koa zela, 2002an % 1,5ekoa izan dela eta plan honen bidez % 1,7ra iritsi nahi dela.
Gainera, Europako ekonomiak, BPGaren % 3ko inbertsioa aurreikusten du 2010ean. Guk ere etorkizunera begiratu eta helburu bera lortu nahi dugu, horretarako, zientzia eta teknologia esparruak indartuta.
Plan berria definitzerakoan, zein irizpideri jarraitu diezue?
Australian ikerketa-zentro kooperatiboak ezagutu eta idea EAEra ekarri zuten.1993an teknologia industrialaren lehenengo plana egin genuen. Orduan ikusi genuen beharrezkoa zela zientzia, teknologia eta enpresa integratuko zituen plan bat egitea, ezinezkoa baita hiru alderdi horiek bat-batean uztartzea.
Hasierako plan haren ondotik beste bi egin ditugu eta, horrela, pixkanaka uztartzen joan dira zientzia eta enpresaren mundua, eta baita unibertsitatea ere.
Orain indarrean dagoen plan hau finkatzeko, gainera, 1.200 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten, besteak beste, prospektiba teknologikoko azterketa bat eginez. Horrez gain, euskal enpresen behar teknologikoak zein ziren aztertu genuen eta enpresa horiek eskain zezaketen maila zientifiko-teknologiko erreala zein zen ikusi genuen.
Etorkizuneko merkatuen azterketa bat ere egin zen Europako hainbat herrialde edo eskualderekin; adibidez, Finlandia hegoaldeko eskualde batzuekin, Herbeheretakoekin edo Alemaniakoekin. Garai hartan bertan, gainera, bioteknologien azterketa bat abiarazi genuen, egun Biobask egitasmoa sortu duena.
Beraz, parte-hartzea oso garrantzitsua izan zen, ezta?
Bai, horrela da. Nire ustez, ezinbestekoa da plana garatuko duten eragile guztien iritziak jasotzea, bestela, ez baitu arrakastarik izango. Komunikazioa ezinbestekoa da, planak parte hartzeko aukera eskaini behar du eta behetik gora egindakoa izan behar du, nahiz eta gero egitura bat eman behar zaion guztiari.
Plana definitzeko urratsetan Europa aipatu duzu. Europa da erreferentzia bakarra?
Biobask egitasmoaren barnean, bioteknologiako laborategi bat baino gehiago zabaldu da. (Argazkia: GAIKER).Ez, gure ikuspuntua ez da soilik Europara mugatzen, ikuspuntu zabalagoa dugu. Esaterako, bidaia instituzionalak mundu osoan zehar egin ditugu eta tokian tokiko errealitateak ezagutzeko parada izan dugu. Adibidez, Australian ikerketa-zentro kooperatiboak ezagutu genituen. Korean ere egon ginen eta han gertatutako ‘mirari teknologikoa’ ezagutu genuen, hau da, teknologiaren aurrerakada izugarria.
Prozesu horiek guztiak aztertu genituen eta herrialde haietan eman diren pausoak zein diren hausnartu genuen; nola trebatzen dituzten ikertzaileak, kanpoan ikasi dutenak nola itzultzen diren, besteak beste. Estatu Batuetako eta Kanadako ereduak ere ikusi ditugu; beraz, esan bezala, gure ikuspuntua zabalagoa da.
Eta, Europaz hitz egiten dugunean ere, EAErekin antza gehien duten lurralde, eskualde edo estatuak hartzen ditugu eredutzat; Alemania, Finlandia, Suedia eta horrelako herrialdeak. Noski, gero, gure errealitate sozial, industrial eta teknologikora egokitu behar dira eredu horiek. Beraz, ikuspuntua ez da Europakoa soilik, zabalagoa da, lehen aipatu bezala.
Zein atal ditu planak?
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak hiru atal nagusi ditu: oinarrizko ikerketa ez-orientatua, gako-ekintzak eta, azkenik, gako-ekintza bakoitzeko ikerketa estrategikoak.
Oinarrizko ikerketa ez-orientatuarekin, jakintza, ezagutza eskuratu nahi da eta arlo hori oso garrantzitsua da guretzat. Gako-ekintzekin, berriz, oraina bultzatuz etorkizuna lortu nahi da.
Ikerketa estrategikoak, ordea, etorkizunera begiratzeko bideak dira. Hau da, zein dira etorkizunean garatuko diren teknologiak? Mikroteknologia eta nanoteknologiak, errendimendu handiko fabrikazioa, etorkizuneko garraioak, material adimentsuak, mikroenergia, kablerik gabeko teknologiak, biomaterialak eta abar. Hau da, bost, sei, zazpi urtera aurreikusten diren ikerketa garrantzitsuak dira ikerketa estrategikoak.
Ikerketa estrategiko horien artean, ordea, denek garrantzi bera dute edo pisu handiagoa ematen zaie batzuei?
Orokorrean, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean zenbait atalek besteek baino eskari handiagoa dutela esan genezake; hala nola, mikroteknologiak eta nanoteknologiak, wireless teknologiak, mikroenergiak, enpresa digital hedatuak edo elikagaien segurtasunak. Hala ere, gure ustean ikerketa guztiak bultzatzen dira planaren barruan, baina, errealitatean dagoen gaitasun teknologikoa kontuan izanda, aipatutako atal horiek garrantzi handiagoa hartzen dute.
Mikroteknologia, nanoteknologia eta material adimentsuak, besteak beste, ikerketa estrategikoak dira EAEn.Atal horietaz gain, unibertsitatearen eta ikerketa-zentroen arteko harremanak indartu nahi dira, horrela, bien gaitasunak bateratzeko. Hau da, Europan geroz eta gehiago entzuten da Ikerketaren Europako Esparrua eta, bide horretan, Europa osoan egiten den ikerketa era koordinatu batean integratu nahi da. Gauza bera gertatzen da hemen: ikerketaren euskal esparrua integratu behar da.
Ez al duzu uste enpresen baliabideak eta ikerketa bateratzen direnean oinarrizko ikerketa alboratzeko arriskua dagoela?
Ez, horrexegatik begiratzen du ikerketa estrategikoen programak epe ertain eta luzera. Hau da, ikerketa hori ez dadila epe laburreko zerbaitetan oinarritu, ez dadila aplikatuegia izan, baizik eta, bost, sei urtera begira egindakoa izan dadila.
Oinarrizko ikerketari garrantzi handia ematen zaio, jakintza berria eskuratzeko bidea baita.Hor, gainera, beste kontzeptu bat ere izan behar da kontuan: kalitatea. Geroz eta kalitate hobeko ikerketa egin behar da, geroz eta maila zientifiko-teknologiko handiagokoa. Horregatik, gure gaitasun teknologikoa handitu behar dugu.
Izan ere, orain arte egin diren zientzia-planak oso gertu egon dira industriaren beharretatik eta merkatutik eta zentro teknologikoak ere oso gertu egon dira enpresen nahietatik. Horrek emaitza onak eman ditu, baina orain beharrezkoa da maila zientifiko-teknologikoa handitzea, betiere gizartearekin eta industriarekin harremana galdu gabe.
Askotan entzuten da geroz eta ikertzaile gutxiago daudela. Zein dira planaren asmoak alde horri begiratuta?
Bi alderdi daude. Batetik, plana egiterakoan, ikerketa estrategikoak definitzean, helburuetariko bat ikertzaile-kopurua handitzea zen; hau da, ikertzaileak formatu, kanpoko jendea ekarri eta abar. Hain zuzen ere, 200-300 ikertzaile gehiago formatu nahi ziren planarekin.
Orain, onartu diren ikerketa estrategikoak kontuan izanda eta azterketa bat eginda ikusi da, batez ere zentro teknologikoetan, ikertzaileak ugaritu egin direla. Beraz, ideia hori aurrera eramaten ari da eta datozen urteetan ikusiko da zenbat ikertzaile gehiago sortzen diren.
Gazteek ikertzeko zaletasuna izan dezaten informazio gehiago behar dutela uste du Joseba Jauregizarrek. (Argazkia: Nafarroako Unibertsitate Publikoa).Gainera, azken urteetan Europan ikertzaile-kopurua gutxitu egin dela ikusita, zientzia- eta teknologia-gaiak gutxi ezagutzen ote diren kezka dago. Gazteek ikertzeko zaletasuna izan dezaten informazio gehiago behar dute.
Amaitzeko, ez al duzu uste gizartearen eta komunitate zientifikoaren arteko tartea handitzen ari dela?
Bai, nire ustez hori da planak dakarren hausnarketa nagusietako bat. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak, prozesu zabal baten emaitza dira, baina ez da nahikoa. Ez da nahikoa gizartera iristen ez delako, zientzia-komunitatearen eta gizartearen arteko tartea handia delako.
Puntu horretan bai, azterketa sakonak egiten ari gara, zientziaren emaitzak gizarteari jakinarazteko; kontuan izanda, gainera, zientziaren aplikazioak, egunetik egunera, gehiago zuzentzen direla gizartearen erabilerara. Horregatik, iaz Zientziaren Astea antolatu genuen eta aurten ere antolatuko dugu, baina ez dugu horretan soilik geratu nahi. Komunikazio hori urte guztian zehar egotea nahi dugu, zientzia eta teknologiaren kanpaina sistematikoekin, esaterako.
Azken urteetan Europan ikertzaile-kopurua gutxitu egin da eta hori saihesteko bidea izan nahi du 2001-2004ko planak.Nire kezka nagusia, gainera, hurrengo plana definitzen hasten garenean agertuko da, hemendik gutxira. Zientzia, Teknologia, Berrikuntza eta Gizartearentzako Plana izango dena, azken finean, orain arte egin diren planen jarraipena izango da. Horregatik hasi ginen pixkanaka; lehenik, 1993-1996ko Teknologia Industrialeko Plana egin genuen; ondoren, 1997-2000ko Zientzia eta Teknologia Plana; orain 2001-2004ko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana eta hurrengoa Zientzia, Teknologia, Berrikuntza eta Gizartearentzako Plana izango da.
Plan hori 2005-2008 urteetarako izango da, baina kontuan izan behar da plana definitzeko urtebete edo gehiago beharko dugula, agente guztien parte-hartzea kontuan hartzeko. Eta, noski, garrantzia emango diogu komunitate zientifikoaren eta gizartearen artean dagoen hutsunea gutxitzeari.
ETORTEK: diru-laguntzen programa 2001-2004ko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana martxan jartzearekin batera, ETORTEK diru-laguntzen programa abiarazi zuen Eusko Jaurlaritzak. Diru-laguntzen programak EAEko zientzia, teknologia eta ikerketa sarea eta haiek egiten duten ikerketa estrategikoa bultzatzea du helburu. Ikerketa estrategiko horiekin epe motz edo ertainean euskal gizarteak izango dituen erronkei erantzuteko beharrezkoa den jakintza eskuratu nahi da eta, horrela, etorkizunean garrantzitsu izango diren sektoreetan enpresa-aktibitate berriak garatu nahi dira. 2002. urtean egin zen lehenengo deialdia eta urte horretan diruz lagundu ziren proiektu estrategikoak ETORTEK 2002 taulan aurkituko dituzu. Aurtengo deialdia dagoeneko amaitu da eta 2.400.000 euroko aurrekontua izan du. Hurrengo deialdietako aurrekontuei dagokienean, 5.000.000 euro onartu dira 2004rako eta 6.000.000 euro 2005erako. |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia