Zientzia eta teknologiarekiko interesa % 11 igo da 2006tik
2013/07/10 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gaur aurkeztu dira “Euskal Herriko gizarteak zientziari eta teknologiari buruz duen ikuspegiaren ikerketa 2012“ ikerlanaren emaitzak. Bilbon izan da aurkezpena, eta, emaitza aipagarrienak nabarmentzeaz gain, 2008ko azterketarekin ere alderatu dituzte emaitzak.
Azterketaren egileak berak arduratu dira azterketa aurkezteaz; hau da, Leire Cancio Elhuyarreko zuzendari nagusia, Miren Begoñe Urrutia Barandika Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Politika Zientifikoko zuzendaria, eta Juan Ignacio Pérez UPV/EHUko Kultura zientifikoko katedraren arduraduna.
Egileek adierazi dutenez, euskal gizarteak zientziaz eta teknologiaz 2012an zuen iritzia neurtzea eta haren diagnostikoa egitea izan da azterketaren helburua. Horrekin batera, euskal gizarteak gaiari buruz duen iritziak zer bilakaera izan duen ere aztertu dute, 2008ko datuekin alderatuz.
Aurkezpenaren ondoren, bertaratutakoek emaitzak aztertzeko eta ondorioak ateratzeko lan-saio batean parte hartzeko aukera ere izan dute.
Alderdi kuantitatibotik eta kualitatibotik
Azterketak bi ikuspegi hartzen ditu, kualitatiboa eta kuantitatiboa. Ikuspuntu kuantitatibotik, nabarmentzen da herritarren artean igo egin dela zientzia eta teknologiarekiko interesa (2006an baino % 11k gehiago agertu du interesa). Igoera hori are handiagoa da gazteen artean (15-29 urte).
Hain justu, 29 urtetik beherakoak dira zientziari eta teknologiari buruz informatuta daudela gehien uste dutenak, eta, haien esanean, Internet da haien informazio-iturri nagusia. Datuek erakusten dutenez, Interneten garrantzia % 33 igo da 2006tik hona.
Bestalde, herritarrek uste dute zientziak eta teknologiak gastu publikoaren lehentasun nagusietako bat izan behar luketela. 2006ko datuekin alderatuz gero, % 18 hazi da uste hori. Ikerketa-instituzio eta erakundeetan herritarrek duten konfiantza-maila altua edo oso altua dela esan genezake, eta, betiere, jarduera politikoan, administrazioan, enpresa pribatuan edo beste zenbait elkartetan dutena baino handiagoa.
Ikuspuntu kualitatibotik, berriz, biztanle gehienek aitortzen dute dute zientzia eta teknologian egiten diren inbertsioak eta garapen-maila Europako herrialde aitzindarien parera iritsi beharko lukeela.
Horrez gain, krisiaren ondorioek kezka sortzen diete; esaterako, talentuen ihesak, inbertsioen beherakadak eta lan-baldintzak okertezak.
Eta badago aurreko azterketarekin alderatuta oraingoan nabarmendu den beste datu bat: orain lehen baino jende gehiagok uste du, zientzia eta teknologiaren lehentasunei buruzko erabakiak hartzean, komunitate zientifikoak zein herritarrek modu aktiboan parte hartu behar dutela, erabakiak administrazioen esku utzi gabe.
Gogoeta-saioa
Emaitzak ikusita, bertaratutakoak talde txikietan bildu dira, eta haien gainean gogoeta egin dute. Talde guztiek nabarmendu dute Internetek hartu duen garrantzia. Horrekin batera, aztertu dute nola lortu sarean zabaltzen diren informazioaren eta iritzien gaineko kalitate-bermea. Gehienen ustez, mesedegarria izango litzateke erreferentziazko erakundeek egitea lan hori, baina, horrekin batera, komenigarria litzateke ikertzen eta zientzia-munduan dabiltzan norbanakoak ere erreferente bihurtzea.
Bestetik, hezkuntza giltzarritzat jo dute zientzia eta teknologia gaiak gizarteratzeko eta kultura zientifikoa sustatzeko. Edonola ere, guztiek begi onez ikusi dute gehiengoak interes handia agertzea gai horiekiko, eta inbertsioei eusteko borondatea izatea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia