}

Zientzia-kazetaritza izan da mintzagai Donostiako Kursaalean

2008/10/15 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Elhuyar Fundazioak eta Innobasque erakundeak antolatuta, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Komunikabideetan nola tratatzen diren aztertzeko zeneko mintegi bat izan zen atzo Donostiako Kursaalean. Gogoeta aditu askoren eskutik etorri zen, kazetariak zein zientzialariak, Euskal Herrikoak zein kanpokoak eta komunikabide-mota guztietakoak.

Maria Pilar Perla (erdian) Heraldo de Aragon egunkariaren Tercer Milenio gehigarriaz aritu zen.

Jardunaldiaren hasieran, Elhuyar Laborategiaren koordinatzaile Bego Zubiak prentsa idatziaren azterketa bat aurkeztu zuen. Zubiaren taldeak Euskal Herrian editatutako egunkarietan argitaratutako zientzia-gaiak bildu eta aztertu ditu lau hilabetez, eta emaitza nagusien laburpena egin zuen jardunaldia abiatzeko.

Komunikabideak mahai gainean

Gero, Maria Pilar Perla kazetariak hitz egin zuen. Heraldo de Aragon egunkariaren Tercer Milenio gehigarriaren arduraduna da. Zientziari buruzko gehigarria da, eta atzo bertan izan ziren 15 urte lehen aldiz kaleratu zenetik. Perlak gehigarriaren ildo nagusia aurkeztu zuen. Berak bakarrik egiten duenez, ikertzaile- eta dibulgatzaile-sare handi bati esker, eskarmentu handia du zientzialariak dibulgazioa idazten jartzeko garaian. Hain zuzen ere, horri buruz hitz egin zuen. Horrez gain, asteroko gehigarri bat erakargarri bat egiteko ideiak plazaratu zituen.

Goizeko jardunaldia mahai-inguru batekin amaitu zen. Arantzazu Zugasti Noticias de Gipuzkoa egunkariaren zuzendariordea, Juan Beloki EITB taldearen irratietako arduraduna eta Bingen Zupiria ETBren zuzendaria elkartu ziren mahaian. Haien helburua izan zen zientzia-albisteen tratamendua aztertzea prentsa idatziaren, irratiaren eta telebistaren ikuspuntuetatik, hurrenez hurren. Beste hainbat gauzaren artean, Zugastik albisteak baloratzeko garaian izaten dituzten arazoez hitz egin zuen. Beloki arduratuta zegoen albisteaz beraz gain, irratiak kontakizunak behar dituelako, eta Zupiriak argi utzi zuen kazetari espezializatuen bidea ez zela ETB telebistak ontzat ematen duen estrategia bat. Hirurak agertu ziren zientziaz ulertzen dutenekin aliantzak sortzearen alde.

Behatokien hitza

Juan Beloki EITB taldearen irratietako arduraduna, Arantzazu Zugasti Noticias de Gipuzkoa egunkariaren zuzendariordea, eta Bingen Zupiria ETBren zuzendaria. Zientzia kazetaritzaren zailtasuntzat jotzen dituztenak asko azpimarratu zituzten.

Arratsaldean, Pompeu Fabra Unibertsitateko Gema Revueltak hitz egin zuen. Unibertsitateak duen Zientziaren Komunikazioaren Behatokiaren zuzendaria da eta zientzia komunikatzea zergatik merezi duen aztertu zuen. Adibidez, honako ideia hau ekarri zuen: zientzialariek berak egiten ez badute, eta ez badaude egiteko prest, beste arlo batzuk sartuko dira horretan. Esate baterako, eboluzioa ez badu zientzialari batek azaltzen, kreazionista batek hartuko du leku hori. Gainera, zientzia eta gizartearen arteko harremana aztertzeko baliabideak aurkeztu zituen, eta nola aldatu den kontzeptu hori.

Gero, Bartzelonako unibertsitate Autonomoaren Maria Teresa Escalas-en txanda izan zen. Escalas Observatorio de difusión científica behatokiaren zuzendaria da, eta, besteak beste, zientzia-politiken eraginaz hitz egin zuen.

Arratsaldeko saioa bigarren mahai-inguru batek itxi zuen. Han elkartu ziren Luis Alfonso Gámez El Correo egunkariaren zientzia-kazetaria, Jesus Ugalde EHUko ikertzailea, Txema Ramirez de la Piscina EHUko kazetaritza-irakaslea eta aurrez hitz egin zuen Gema Revuelta. Ikerketa zientifikoaren atzean dagoen ziurgabetasuna eta metodo zientifikoa komunikatu beharrari buruz eztabaidatu zuten.

Jardunaldi interesgarria zientzia-kazetaritzaren inguruko gogoetak egiteko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia