}

Zientzia olinpikoa

2002/02/17 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Zalantzarik gabe, puri-purian diren Neguko Joko Olinpikoetan errekor berriak ezarriko dira. Jakina denez, lehiaketa horiek lau urtetik behin jokatzen dira, eta kirolariak hurrengo deialdirako prest egoteko jo eta su entrenatzen diren bezala, kimikariek material hobeagoak eta egokiagoak lortzeko lasterketa jokatzen dute.
Joko Olinpikoetarako garatutako materialak denen eskura izango dira gero.

Iraupeneko eskiatzaile Haritz Zunzunegi tolosarrak ez du ziurrenik karbonoaren kimikaz askorik jakingo, baina kirol horretan hasi zenetik materialek eta diseinuek izan duten bilakaeraren lekuko zuzena da. Gauza bera gertatuko zaio snowboardeko half pipe modalitatean parte hartzen duen Iker Fernandez donostiarrari.

Dena dela, snowboarda kirol gaztea denez, tradizio handiagoko beste kirol batzuek baino aldaketa gutxiago izan ditu. Adibidez, inor gutxik gogoratuko ditu hamarkada batzuk lehenago erabiltzen ziren zurezko eski luze eta zuzen haiek. Egungoek, aldiz, bihotza bakarrik dute zurezkoa, eta batzuek ezta hori ere.

Eski-modalitate bakoitzak du bere ezaugarrietara egokitzen den material berezia. Izan ere, batzuetan gehiago bilatzen dira zurruntasuna eta gogortasuna malgutasuna baino, eta bestetan garrantzitsuena bibrazioak xurgatzea izan daiteke. Gainera, kirolari olinpikoek bere garaierara, pisura, mugimenduetara eta gustuetara egokitutako materiala nahi izaten dute. Horregatik, neurrira egindako material horiek lortzeko, bai konposizioa bai diseinua ondo baino hobeto landu behar dira.

Egitura egokitzea garrantzitsua da

Eskien diseinua nukleotik hasten da. Zurezkoa edo sintetikoa izaten da, eta bietan ere asko zaintzen dira arintasuna eta sentikortasuna. Egurra erabiltzekotan, ez da harritzekoa izeiarena izatea aukeratuena, toki elurtuetara egokitutako zuhaitza baita. Dena dela, izei-espeziea ere kontuan hartzen da, baita hezetasuna ere: malgutasuna galdu gabe arintasuna lortu arte lehortzen uzten da zura, eta oso garrantzitsua da puntu egokiarekin asmatzea.

Hainbat modalitatetan, pala zabaleko eta gerri estuko eskiak gailendu dira.

Horretaz gain, pisua arintzeko eta bide batez malgutasuna areagotzeko, nukleoa hainbat tokitan zulatzen da. Arintasuna lortzeko beste era kanalak utziz tolestatutako egurrezko aglomeratuak eta zurezko geruza zapalak tartekatzea da, hau da, eskiaren nukleoa sandwicharen moduan antolatzen da. Horrela, pisua arintzeaz gain, iraunkortasunari eta gogortasunari eusten zaie.

Eskiaren nukleoa estaltzeko, ardatzaren inguruan, angelu jakinean, beira-zuntzak, karbono-zuntzak eta beste material batzuk sigi-saga antolatzen dira. Hain zuzen, zuntzen bihurdura-angeluak baldintzatzen du eskiaren erantzuna eskiatzailearen biretan. Beste eragile batzuekin batera, eskiaren ertzak elurrari heltzeko gaitasunean ere eragiten du. Kontuan izan behar da, elur-bustitik izotzeraino, elurraren egoera oso ezberdina izan daitekeela, baita aldakorra ere; beraz, egoera guztietan irristatzea eragotzi gabe ondo itsastea ezinbestekoa da.

Eskia bukatzeko, moldaketa-prozeduren eta beste teknika batzuen bidez, dekorazio erakargarriko goialdea eta zehaztasun handiko materialeko behealdea itsasten zaizkio erdiko egiturari.

Eskigile ia denek erabiltzen duten materialetako bat kevlarra da. Material hori asmatu zuen DuPont enpresaren esanean, altzairua baino bost aldiz gogorragoa izateaz gain, arina, malgua eta erosoa da. Aplikazio ugari ditu (balen kontrako txalekoetan erabiltzen da!) eta oso egokia da eskien osagaien artean jartzeko, bibrazioak xurgatzeko eta indar angeluaren arabera erantzuteko gaitasuna ere baduelako. Osatzen duen poli(p-fenilen tereftalamida) edo PPTA zuntz polimerikoaren egiturari esker lortu ahal izan dira Kevlarraren ezaugarriak.

Biratzean denborarik ez galtzeko, eskiek diseinu egokia izatea ezinbestekoa da.

Bestalde, elurra eta eskien artean, elurraren egoerari egokitutako argizaria erabiltzen da. Horrela, elur izoztuaren gogortasuna leuntzeko, argizari bigunak erabiltzen dira; aldiz, elur bigunaren marruskadura gainditzeko, irristatzea errazten duten argizariak behar dira. Batzuetan, ordea, arazoa areagotu egiten da, maldaren goialdeko eta behealdeko egoerak desberdinak baitira. Kasu horietan, eskiatzeko zaletasun handia duen kimikari batek asmatutako argizaria da aproposena: Super HotSauce. Elurra biguna dagoenean, argizariaren ur-molekulek kanpoaldera migratzen dutenez, azalera irristakorragoa bihurtzen da.

Diseinua eta arropa ez dira soilik moda-kontua

Materialaz gain, eskien diseinuak ere bilakaera nabarmena izan du, batez ere luzeran eta itxuran. Duela urte gutxiko eskiekin alderatuz, hainbat modalitateko gaur egungo eskiak motzagoak dira eta pala zabalagoa eta gerrialde estuagoa dute. Lehengo eski luze eta zuzenekin biratzean, une batean biraketa moteldu egiten zen. Aldiz, diseinu berezi hori duten eskiekin birak errazago eta garbiago ematen dira, eta biratzen hasteko eskiak okertzeko indarrik egin behar ez denez, indar gutxiago galtzen da. Horrekin batera, egonkortasuna bermatzen da.

Eskiak alde batera utzita, arropetan ere izan dira aldaketa eta berrikuntzak. Garai batean aukeratu egin behar zen: kanpoko hezetasunari sartzen utzi ala norberaren izerdiaz blaitu. Orain, ordea, goretex eta antzeko ehunei esker, posible da elurretik ondo babestuta egotea eta era berean izerdia kanporatzea. Goretexaren sekretua politetrafluoroetilenozko polimeroa hedatzean datza; horrela, 22,5 mila milioi inguru poro txiki edukitzea lortzen da. Poro horietatik izerdi-lurrunak alde egin dezake, baina elurraren eta euriaren ur-tantak ez dira sartzen. Jantziaren iraunkortasuna bermatzeko, kanpotik babesgarri oliotsu bat ematen zaio.

Argi dago Joko Olinpikoek hasierako garaietatik ikaragarrizko iraultza izan dutela, eta K.a.-ko 5. mendeko grekoek ametsetan ere ez zuten pentsatuko egunen batean elurretan jokatuko zirenik. Nola ezagutu, orduan, gaur egungo kirol-materialak? Ezinezkoa! Hori bai, kimikarien oinarrizko lau elementuetako batek ezinbestekoa izaten jarraitzen duela jakiten poztuko lirateke: su olinpikoa piztuta dago.

Iturria: Olympic science

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia