Zientzia, teknologia eta ekonomia
1996/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
II. CAF-Elhuyar sariketara ekonomiari buruzko lan batzuk aurkeztu ziren. Orain arte, Elhuyar. Zientzia eta Teknika aldizkarian argitaratutako artikuluetan, era batera edo bestera gaiak zientziaren eta teknologiaren esparru desberdinekin erlazionatutakoak izan dira beti. Beraz, aldizkari honetan ekonomia ez da pisu handiko gaia izan. Hala ere, gai hori lantzen duten idazlanak aurkeztu dituzten egileak ez dira iritzi berekoak antza, eta ekonomia sariaren izenburuarekin, hau da, zientzia eta teknologiarekin, erlazionatu dute. Neurri handi batean, nire ustez, arrazoia dute.
Gure mendebaldeko kultura honetan hartzen diren erabaki gehienek ikuspuntu ekonomikoetan dute oinarri sendoa eta zientzia eta teknologia, ez dira joera horretatik kanpo gelditzen. Gure herrian adibidez, gaur egun lantegi askotan egunero hartzen diren erabaki teknikoetan irizpide ekonomikoak kontutan hartzen dira. Arazo bati irtenbidea aurkitzeko, behin baino gehiagotan teknologiak aukera desberdinak eskaintzen ditu, baina ekonomiak aukera horiek mugatu egiten ditu nabarmenki.
Materialen arloa horren adibidea da. Azken urte hauetan material berriak garantzen ari dira. Horietako batzuk (zenbait konposite, adibidez) ez dira ia-ia erabiltzen, nahiz eta propietate oso onak eta interesgarriak eduki. Arazoa ekonomikoa da eta material horien erabilpena ez da zabalduko merkeagoak izango diren beste lorpen-bideak aurkitu arte. Beraz, aurrerapen teknologikoa mugatu egiten dute irizpide ekonomikoek eta hortaz, teknologiak muga horiek gainditu ahal izateko, bideak jorratu egin behar ditu.
Ikerketan ere, antzeko portaerak gero eta nabarmenagoak dira. Europako Elkarteko Brite deituriko ikerketa-proiektuetan adibidez, ikuspuntu zientifiko eta teknologikoez gain, proiektuaren garapenaren bidez lor daitezkeen aurrerapen ekonomikoak ebaluaketaren parte garrantzitsuak dira. Hori horrela eginda, agintari politikoek mozkin ekonomikoa sor dezaketen ikerketak bereziki bultzatu nahi dituztela dirudi.
Hasierako ildora itzuliz, zientzia eta teknologiaren garapenean ikuspuntu ekonomikoak ere kontutan hartzen baldin badira, agerian gelditzen da bi gai horiek aztertzen dituen aldizkari batek ezin duela ikuspuntu ekonomikoa bazter utzi. Ekonomiak barne-adar asko ditu. Horietako batzuek ez dute zientziaren edo teknologiaren garapenarekin zerikusi handirik edukiko apika, baina beste batzuk oso lagungarriak eta interesgarriak izan daitezke bi mundu horietan gertatzen diren aldaketak ulergarriago egiteko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia