Zientzia, zoria eta... eureka!
2002/08/04 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Bada, aurkikuntza asko beste zerbaiten bila ibili eta ustekabeko batek eraginda gertatu dira; adibidez, penizilina, velcroa edo baztangaren kontrako txertoa. Newtoni sagarra buru gainera jausi zitzaionean jaio zen grabitatearen legea, eta igelen hankei esker ezarri zituen Luigi Galvanik neurofisiologiaren oinarriak XVIII. mendearen amaieran. Metalezko harietatik zintzilikatutako igel-hankak metalezko barandarekin kontaktuan jarritakoan uzkurtu egiten zirela ikusi zuenean, muskuluen mugimendua eta kinada elektrikoen arteko harremanaz konturatu zen Galvani.
Hain aspaldira joan gabe, 2000. urteko Kimikako Nobel saridunek akats baten erruz aurkitu zituzten plastiko eroaleak. Hideko Sirakawa ikertzaile japoniarraren laborategian uste baino mila bider kontzentratuagoa zen katalizatzailea erabili zuten polimero bat sintetizatzeko, eta elektrizitatea garraiatzeko gaitasuna zuen plastikoa lortu zuten. Gauza guztiz berria zen hura plastikoen munduan, eta gaur egun punta-puntako ikergaia da. Polimero eroaleek aplikazio interesgarriak dituzte elektrizitate estatikoaren kontrako material gisa. Bonbilak, telebista-pantailak eta zirkulazio-seinale argidunak egiteko ere aproposak dira, ohiko materialek baino energia gehiago aurreztu eta berotasun gutxiago ematen dutelako. Gainera, lotura handia dute elektronika molekularrarekin eta ordenagailu azkarrago eta txikiagoen oinarria izan daitezke. Bitxia, baina batzuen usten XXI. mendeko iraultza teknologikoa izango dena neurketa-akats baten ondorioz sortu zen.
Zori hutsa baino zerbait gehiago
Louis Pasteur ikertzaileak esan zuenez, ‘behaketaren arloan zoriak prestatutako buruari baino ez dio laguntzen’; eta ez zaio arrazoirik falta, ustekabeko gertaerak ez baitu ezertarako balio hartatik ondorioak ateratzeko gaitasunik gabe. Har dezagun, esaterako, Alexander Fleming, penizilinaren aita. Aurkikuntza 1928an egin zuen, estafilokoko bakterioak hazten ari zen kaxa irekita utzi eta, nahi gabe, lizunarekin kutsatu zitzaionean
Egun hartan bi asteko atsedenaldia hartu eta, oporretatik bueltan, kaxa lizunez estalita zegoela ikusi zuen. Baina ez zuen zaborretara bota eta esperimentua galdutzat eman; lizunaren inguruan bakteriorik ez zegoela ikusi eta lizunak bakterioen hazkundea eragozten zuela ondorioztatu zuen. Lizuna beheko solairuko laborategian ikertzen ari ziren Penicillium notatum onddoa zen. Laborategian narratsa izatea onuragarria suertatu zitzaion Fleming-i, eta gu guztioi ere bai, XX. mendeko medikuntzaren iraultza handietako bat izan baitzen penizilina.
Argi dago kasualitateak asko lagundu ziola Flemingi penizilina aurkitzen; baina kasualitatez aurkitu zuela esan daiteke? Fleming aspalditik zebilen bakterioak hil bai baina giza ehunetan kalterik eragiten ez zuten substantzien bila, eta erne zituen zentzumen guztiak. Zientzialarien artean serendipity hitza erabiltzen da halako kasualitateak deskribatzeko.
Ingelesezko hitza da, euskaraz oraindik itzulpenik ez duena eta XVIII. mendean jaio zena. Horace Walpole idazle ingelesak erabili zuen lehenengoz 1754an Horace Mann izenkide eta lagunari idatzitako eskutitzean. Eskutitz horretan, gaur egungo Sri Lankan kokatutako Serendip-eko erreinuaren kondairaz eta hango hiru printzeez hitz egiten zion. Printze haiek bereziak ziren, egiten zituzten bidaietan pentsatu gabeko arazoen eta galderen erantzunak aurkitzen baitzituzten. Eta behatzeko gaitasunari eta argitasunari zor omen zieten aurkikuntza haiek guztiak egiteko gaitasuna. Horace Wallace-k serendipity hitzarekin deskribatu zuen Serendip-eko printzeen gaitasun harrigarria, eta, XX. mendearen erdialdean, Walter B. Cannon biologo estatubatuarrak ikerketa zientifikoan egiten den zoriaren erabilera egokia adierazteko erabili zuen hitz bera.
Oinarrizko ikerketaren aldeko aldarrikapena
Serendipity hitzaren inguruan, beraz, zoriaren eta buru-argitasunaren arteko zorioneko konbinazioari zor zaizkion aurkikuntzak biltzen dira. Izan ere, zientziaren garapenean ikertzaileek ere meritu apur bat izan dutela onartu beharko da, ezta?
Bromak aparte, zoriaren inguruko kontu horiek oso gogoko dituzte ikertzaileek oinarrizko zientziaren aldeko defentsa egiteko. Ikerketak diruz laguntzeko ia-ia zer aurkikuntza egingo duten iragarri behar dutelako kexatzen dira; haserre daude helburu zehatz eta erabilgarri bati jarraitzen ez dieten ikerketak baztertu egiten direlako. Interes ekonomikoak medio, gai batzuk izar bihurtu direla salatzen dute, hala nola, genoma, bioteknologia edo medikuntzako zenbait alor; eta, aldiz, oinarrizko ikerketa, jakintza hutsagatik egiten dena, ez dela batere zaintzen.
Edozein aurkikuntza iragarri bezain pronto, horrek zertarako balio du? galdera egiten da. Baina galdera horrek ez du beti erantzuna izaten. Are gehiago, ez du erantzuna izan beharrik. Zertarako balio du, bada, ume jaioberri batek? Esan zion Benjamin Franklin-ek bera bezala gizakiak gidatutako lehenengo globoa aireratzen ikusten ari zen gizon bati. Paris-en zeuden, 1783ko azaroan, eta Franklin txundituta zuen asmakizun bera ageriko baliagarritasunik gabeko zerbait iruditu zitzaion albokoari. Franklin-ek ekarpen garrantzitsuak egin zituen elektrizitatearen arloan, nobedadeak bestela begiratzen zituelako agian.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia