Zientzialariak oroimenean galdurik
2001/01/28 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Oroimena kontrola ezin dezakegun zerbait denez, harrigarria eta batzuetan ulertezina egiten da. Oraindik ere, ez dakigu zergatik oroitzen ditugun gertakizun batzuk eta, era berean, ulergaitza da gertakizun bat mementu batzuetan gogoratzea eta beste mementu batzuetan berriz ez. Hala ere, oroimenaren munduan dena ez da ezezaguna. Bistakoa da, adibidez, iraupen eta edukiaren aldetik oroimen-mota desberdinak daudela. Argi dago baita ere, oroimena neurona-zirkutuetan oinarrituta dagoela eta, nahiz eta frogatua ez egon, adinean aurrera egin ahala gauza berriak ikasi eta oroitzea zailagoa egiten dela. Orain arte, adineko jendearen oroimen eskasaren zergatia neuronen zahartzea zela esan ohi zen, baina urteetan onartuta egon den uste hori ikerketa berri batek hankaz gora jarri du. Izan ere, Princeton Unibertsitatean Elizabeth Gould-ek tximinoekin egin duen ikerketaren arabera, egunero sortzen dira neurona berriak.
Oroitzapenak kokatu bai, baina gero...
Sarreran esan bezala, oraindik gauza asko argitzeke daude. Hala ere, ikerketa guztien oinarria delako, oroimenaren kokapen zehatza ezagutzen da. Adituen arabera, oroimenaren lehen aztarnak, hau da, neuronen lehen elkartzea hipokanpoan gertatzen da. Hipokanpoak neurona-elkartzeak aldi baterako gordetzen ditu eta epe bat pasa ondoren, lobulu frontalera joaten dira. Dirudienez, hipokanpoa oroimenen sorlekua da eta lobulu frontala, berriz, oroimenen ezkutalekua.
Bestalde, oroitzapen bat betiko ahaztuta ez gelditzeko, nahikoa da dagokion neurona-zirkuituetariko bat estimulu baten bidez aktibatzea. Estimulua irudi bat, pertsona bat, esaldi bat edo gertaera bat izan daitezke. Egunero nahigabe egiten duguna da hori, eta gainera, gure kontrolik gabe.
Oroimenaren inguruan dagoen jakin-mina oso handia izan arren, ezin esan argitasun handiegirik dagoenik. Izan ere, neurona-elkartzea non egiten den zehaztera iritsi badira ere, ikerlarien artean desadostasun asko daude neuronen sortzeari buruz. Orain arte, ia aditu denak bat zetozen sortzetiko neurona-kopurua ez zela aldatzen esatean, baina ikerketa berri batek hori, dudan jarri du. Izan ere, egunero milaka neurona berri sortzen direla ikusi da, nahiz eta oraindik ez dagoen oso argi neurona horiek oroitzeko gaitasunik duten ala ez. Dena dela, baiezkoan daude, hipokanpoa eta lobulu frontalaren artean etengabeko neurona-sorta mugitzen baita.
Oroitzapenak ez dira sinesgarriak
Oroimena zientzialarien hainbat ika-miken arrazoia den bezala, oroitzapenak maiz izaten dira familiarteko ezadostasunen arrazoia. Sarritan, bi pertsonak gertakizun beraren oso bertsio desberdinak izaten dituzte. Oraindik ezinezkoa da hori zergatik gertatzen den esatea, baina badirudi bidean direla.
Concordia Unibertsitatean egin den ikerketa baten arabera, oroitzapenak aldatu egiten dira. Oroimena ez da estatikoa, egunero eboluzionatzen doan zerbait baizik. Oroimeneko elementu guztiak egunero berregituratu eta antolatu ohi dira eta azken egituraketa da gogoratzen dena. Noski, oroitzapenak ez dira goizetik gauera erabat aldatzen poliki-poliki baizik. Gainera, oroitzapen gogokoenak ere ez omen dira aldaketa horietatik libratzen.
Aldaketak nola gertatzen diren ez dago oso argi, baina teoria batzuk badaude. Jean Roch Laurence Concordia Unibertsitateko ikerketen zuzendariaren hitzetan, burmuinak gertakizun garrantzitsuenak bakarrik gogoratzen ditu eta xehetasunak, berriz, ahaztu egiten dira. Ondoren, berriz ere gertaera gogoratzean, gertakizuna osatu eta sinesgarri bihurtzeko xehetasunak asmatzen dira. Burmuinak xehetasunen jatorria ahazten duenez, irakurri edo ikusitako edozein xehetasun oroimenean sar dezake. Horrela, oroitzapenak aldatzen joaten dira, eta ez pentsa, bizitza markatu diguten gertaerak aldaketa horietatik libratzen direnik. Harrigarriena da pertsonak benetan gogoratzen duen hori bizi izan duela uste duela. Hau da, gertakizunak benetan berak gogoratzen dituen bezala gertatu zirela uste izaten du.
Argi ibili, beraz, oroitzapenekin, eta ez kaskagogorra izan. Hemendik aurrera oroitzapenen mugak ere onartzen ikasi beharko da.
7K-n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia