}

Zientzialarien aitormenak

2008/08/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

"Pentsatzeak zure pentsaera aldatzen duenean, hori filosofia da. Jainkoak zure pentsaera aldatzen badu, hori fedea da. Egitateek zure pentsaera aldatzen dutenean, orduan, hori zientzia da. Zerk aldarazi dizu pentsaera eta zergatik?" Galdera hori egin die aurten Edge Fundazioak 165 zientzialariri. Izan ere, Edge Fundazioaren asmoa eztabaida sustatzea da, zientzia-, literatura-, arte- eta filosofia-gaietan, eta urtero galdera bat egiten die hainbat zientzialariri eta pentsalariri.
Datuak aldatzen direnean, zientzialariek pentsaera aldatzen dute? Nola, zertan? Hori galdetu dieteaurten Edge Fundaziokoek 165 zientzilariri.

Aurtengo galdera horixe izan da: zientzia datuetan oinarritzen da. Zer gertatzen da datuak aldatzen direnean? Nola aldatu dute zure pentsaera zientzia-aurkikuntzek edo ebidentzia berriek? Askotariko erantzunak jaso dituzte; guztira 112.600 hitz bildu dituzte, eta erantzunak pertsonalak, batzuetan oso teknikoak eta zenbait politikoak ere badira. Jendea kezkatzen duten gaiei buruzkoak dira, klima-aldaketatik edo gizonezkoen eta emakumezkoen arteko diferentzietatik hasita, Jainkoaren existentziara arte.

Esate baterako, Nature zientzia-aldizkariko zuzendariak, Philip Campbell-ek, drogen erabilerari buruz zuen iritzia aldatu duela aitortu die Edge fundaziokoei. Haren esanean, urtebete lehenago galdetu izan baliote, pertsona osasuntsuek drogak hartzea ez zitzaiola ondo iruditzen erantzungo zukeen. Orain, ordea, “aldeko arrazoiak†dituela adierazi du.

Aldizkarian argitaratutako artikulu batzuek eta zientzialari batzuen iritziak aldarazi diote zuen ustea. Izan ere, frogatu dute garunean eragiten duten zenbait substantzia kontsumitzeak ondorio mesedegarriak dituela pertsona batzuen lanean eta portaeran. Beraz, substantzia horiek neurrian hartzea ez zaio gaizki iruditzen, eta begi onez ikusiko luke bere seme-alaba helduek hartzea ere, betiere helburu on batekin bada, sortzen dituzten albo-ondorioak onargarriak badira eta ez badute mendekotasunik eragiten.

Helena Cronin-ek, berriz, zergatik dauden gizonezkoak eta ez emakumezkoak gizartearen leku nabarmenenetan, horren gaineko iritzia aldatu du. Londresko Ekonomia Fakultateko filosofoa da, eta, lehen uste zuen gustuetan, gaitasunetan eta izaeretan bi sexuak dituzten sortzetiko diferentzien ondorioz direla desberdinak gizonezkoak eta emakumezkoak. Berezkoari aurreiritziak, gizartearen jarrera eta jokabide matxistak gehituta, Cronin-ek garbi zuen zergatik dauden gizonezkoak lehen postuetan.

Alabaina, azterketa estatistikoetan ikusi dute emakumezkoek antzeko portaerak izateko joera dutela, eta batezbestekoaren inguruan biltzen direla. Gizonezkoak, aldiz, gehiago bereizten dira elkarren artean, eta batezbestekoaren aurretik eta atzetik banako asko geratzen dira. Horregatik daude, Cronin-en iritziz, “emakumezko baino gizonezko gehiago ergelen artean, baina baita Nobel saridunen artean ereâ€.

Eboluzioaz, arrazez, Jainkoaz

Zientzia-gaietan zein pertsonaletan, era askotako gaietan aldatu dute iritzia eta ustea zientzialariek.

Eta zein da giza eboluzioaren gakoa? Horri buruz ere iritzi desberdinak dituzte zientzialariek, eta batzuek, gainera, iritzia aldatu dute. Hori aitortu du Richard Wrangham Harvard Unibertsitateko antropologoak Edge Fundazioak aurtengo galdera egin dionean. Lehen gakoa haragia zela uste zuen, haragia jaten hasteak eraman zuela eboluzioa egin duen bidetik. Ideia klasiko bat da, aspalditik onartua. Orain, ordea, antropologoak uste du janaria prestatzeak, kozinatzeak, egin zuela tximinoa gizaki.

Wrangham-ek azaltzen duenez, janariak prestatzea da gizakiaren dietaren ezaugarri nagusia. Kozinatzean, janariak seguruagoak eta jateko errazagoak bihurtzen dira, eta, gainera, energia-kantitate handiagoak har daitezke, gordinik janda baino. Horri esker, ez daukagu janari-kantitate handiak hartu beharrik, eta, hala, denbora dugu beste gauza batzuetarako. Janaria kozinatzea suaren kontrolarekin dago lotuta, eta hori lo lurrean egitearekin... Azken finean, gizaki izatearekin.

Beste zientzialari batek tximinoaren eta gizakiaren arteko diferentzien gainean ez, baizik gizakien artean dauden desberdintasunen gainean hausnartu du, eta arrazei buruz zuen ustea aldatu duela adierazi du. Mark Pagel da zientzialari hori, Reading Unibertsitateko biologoa, eboluzioan aditua. Haren esanean, giza genoma deskodetu zutenean, esaten zuten pertsona guztien genoma berdina zela % 99,9an. Aitzitik, azken ikerketek erakutsi dute aldea handiagoa dela, eta % 99,5ean bakarrik garela berdinak. Txinpantzearekin, % 98,5ean gara berdinak.

Pagelen hitzetan,"arrazaren antzinako kontzeptua okerra bazen ere, gustatu ala ez, onartu behar dut pertsonen artean diferentzia handiak daudela, eta giza taldeak genetikoki bereiz daitezkeela". Horrek ez omen du esan nahi talde bat bestea baino hobea denik, baina litekeena da, diferentzia horiek direla eta, egoera batzuetan batzuek besteak baino hobeto moldatzeko gaitasuna izatea.

Batzuetan, ez da ebidentzia edo datu nabarmenik behar iritzia aldatzeko; Patrick Batesonentzat nahikoa izan zen afari batean elkarrizketa bat izatea. Bateson Cambridge Unibertsitateko ikertzailea da, eta bere burua agnostikotzat zuen, ez zuen Jainkoan sinesten. Gogorregia iruditzen zitzaion ateoa zela esatea, alegia, ez zegoela Jainkorik. Baina, halako batean, kreazionismoaren defendatzaile sutsu baten ondoan afaldu zuen; geroztik, ez du zalantzarik; "ateoa naiz", aitortzen du.

Erantzun gehiago irakurri nahi izanez gero, edo aurreko urteetako galdera-erantzunak, sartu Edge Fundazioaren web gunearen World Question Center atalean. Ezusteko bat baino gehiago jasoko duzu, ziur.

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia