}

Zientzialarien "Big Brother"-ak

2010/04/10 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

" The Large Human Collider " (Giza Talkagailu Handia); izenburu deigarri hori eman dio Nature aldizkariak joan den hilean argitaratutako artikulu bati. Artikulua Large Hadron Collider edo LHC partikula-azeleragailuari buruzkoa da. LHCk, hitzez hitz, hadroien talkagailu handia esan nahi du, eta fisikako esperimentu benetan garrantzitsuak egiten hasi dira han. Izenburuak iradokitzen duen bezala, ordea, artikulua ez da fisika-arlokoa; aitzitik, LHCren alderdi gizatiarrari buruzkoa da.

Izan ere, LHCn egiten hasi diren esperimentuetan 10.000 fisikarik parte hartzen dute, eta haietatik 2.250 CERN Ikerketa Nuklearreko Europako Erakundekoak dira. Guztien artean, erabaki teknikoak hartu behar dituzte, datuak interpretatu, iritziak sortu eta jakintza zabaldu.

LHC partikula-azeleragailuaren kontrol-gunea, berriro martxan jarri zuten egunean.
(Argazkia:CERN)

Denek antzeko interesak dituzten arren, noizean behin haien artean arazoak sortuko direla aurreikus daiteke. Zer eratako arazoak izango dira? Nola gaindituko dituzte? Galdera interesgarriak dira soziologo, antropologo eta filosofoentzat, eta, seguruenik, erantzunak are interesgarriagoak izango dira. Horregatik, LHCk biltzen duen fisikari-komunitatea aztertzen ari da hainbat soziologo.

Hala ere, gaia ez da berria. Nature aldizkariko artikulu horretan, esaterako, Karin Knorr-Cetinaren lana aipatzen dute. Alemaniako Constance Unibertsitateko soziologoa da Knorr-Cetina, eta ia 30 urte daramatza CERNeko esperimentuetan parte hartu duten zientzialari-taldeak aztertzen.

Knorr-Cetinaren esanean, gobernu- edo industria-erakundeen ohiko egitura hierarkiakoada. LHCren neurria haienaren antzekoa denez, egitura ere antzekoa izatea espero zitekeen. Alabaina,Knorr-Cetinak ikusi duenez, LHCn aginduak ez dira goitik behera ematen. LHCk atal asko ditu, denak oso espezializatuak, eta atal bakoitzean ikertzen ari den lan-taldea da horretaz gehien dakiena. Beraz, eredu hierarkikoak ez du funtzionatzen.

Ez da hierarkikoa, baina demokratikoa ere ez. Knorr-Cetinak berak nabarmentzen du zientzia ez dela demokratikoa: "arrazoia nork duen ez da gehiengoaren botoen bidez erabakitzen". Zein da, orduan, CERNeko egitura? Soziologo horren iritziz, komunitate baten antzekoa da, non fisikariek beren etxeak eta indibidualtasuna alde batera uzten dituzten helburu baten mesedetan lan egiteko.

Beste soziologo batzuek ohartarazten dute fisikarien artean lehia egon daitekeela, eta, horren ondorioz, liskarrak sor daitezkeela. Arrisku hori saihesteko, LHCko esperimentuetan oinarritutako zientzia-artikulu denetan parte hartu duten ikerketa-taldeetako fisikari guztien izenek agertu behar dute, herrialdearen ordena alfabetikoaren arabera.

Hortaz, badirudi besteen gainetik nabarmentzeko lehiarik ez dela izango, baina bai antsietate eta estres handia. Behintzat, hori iragarri dute soziologoek, eta arazoak hortik etor daitezkeela ere aurreratu dute batzuek. Oraingoz, esperimentua hasi baino ez da egin, eta ikusi beharko da zer emaitza ematen duen, bai fisika-arloan, bai soziologikoan.

Big Brother martetarra

LHCko azterketa soziologikoa bigarren mailakoa bada ere, beste zientzia-egitasmo batzuetan funtsezkoa da alderdi hori. Horren adibidea da Martera joateko egitasmoa. Hala, Errusiako espazio-agentziak eta ESAk, Marterako joan-etorriko bidaia tripulatu baten bizikidetza aztertzeko, Mars 500 esperimentua diseinatu dute.

Esperimentuan, espazio-ontzi bat simulatzen duen modulu batean sartu dituzte sei boluntario, denak gizonezkoak. Helburua da han bizitzea 520 egunez. Denbora horretan, Marterako joan-etorriko bidaian eta planetaren azalean egingo lituzketen gauzak egingo dituzte, eta, bitartean, ikertzaile-talde batek haien portaera aztertuko du. Jakinarazi dutenez, You Tube atarian ere ikusgai jarriko dute. Beraz, inork Big Brother benetan martetar bat ikusi nahi badu, hor izango du aukera.

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia