}
Javier Armentia Fructuoso Astrofisikaria

“Zientziaren balio soziala berreskuratu behar dugu”

2024/12/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Javier Armentia Fructuoso (Gasteiz, 1962) astrofisikaria da, eta Iruñeko Planetarioko zuzendaria izan da sorreratik (1990) aurtengo udazkenera arte; horrenbestez, ez da harritzekoa askok Pamplonetarioaren arimatzat jotzea. Baina askoz gehiago ere bada Armentia: irakaslea, dibulgatzailea, kolaboratzailea komunikabideetan, zientzia gizarteratzeko ekimenen sustatzailea, zientzia-eremuan diskriminazioa jasaten duten taldeen babeslea eta haien eskubideen aldarrikatzailea… Argi du, beraz, Pamplonetarioan lanean jarraituko ez duen arren, ez dela aspertuko. Elhuyar aldizkariari, berriz, lekukotza eskatzeko aitzakia eman dio, eta eskuzabal erantzun die galderei.

zientziaren-balio-soziala-berreskuratu-behar-dugu
Arg. Iñigo Uriz/Argazkipress

Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?

Gauza asko esan ditzaket, baina ez dizut lana zaildu nahi. Bakarra aukeratzekotan, garbi daukat zein den, oraindik ere liluratu eta harritu egiten bainau: unibertsoaren azelerazioaren ebidentzia. 1998. urtean, supernoba oso-oso urrun batzuk behatzen ari ziren astrofisikari batzuek jakinarazi zuten unibertsoa gero eta azkarrago hedatzen ari zela. Horrek hankaz gora jarri zituen Unibertsoaren bilakaerari buruzko ordura arteko hipotesi guztiak. 

Ni 1980an hasi nintzen kontu horiek lantzen, eta orduan inflazio kosmikoa zegoen boladan. Haren arabera, Unibertsoa oso azkar eta indartsua hedatu zen lehen urteetan, eta, horren ondotik, hedatzen jarraitu zuen, modu egonkorrean. Eztabaida zen unibertsoa infinituraino hedatu eta sakabanatuko ote zen edo muga batera iritsi eta biltzen hasiko zen, Big Crunchera arte.

Unibertsoa geroz eta azkarrago hedatzen ari dela jakitea ikaragarrizkoa izan zen. Baina kosmologiak hori du! Beste arlo batzuetan, agian, etsi egingo lukete, baina guk behaketak egiten jarraitu dugu, eta, horri esker, Unibertsoaz dakiguna ulertzen laguntzen diguten hainbat fenomeno identifikatu ditugu.

Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke?

Nik nahiko nukeena da zientziak dagokion zeregina eta lekua edukitzea gizartean. Zientzia izatea tresna bat gure arazoak konpontzen lagunduko diguna; ekarpena egitea, noski, kliman eta ingurumenean, baina baita desberdintasun sozialetan, inklusibitatean… Eta urgentea da. Baina irudipena dut zientziak, gehiago edo gutxiago, kapitalismoaren anaia ergelaren rola jokatu duela maiz. Zientzialari askok esan dute: “Ez, ni ez naiz arazo horietan sartzen, nik ikerketa egiten dut”. Jarrera horrek, ordea, konplize izatea dakar. 

Zientzia hasieratik oinarritu da ideien zirkulazio askean eta parekoen ebaluazioan. Begira, ordea, zer bihurtu dugun: orain sistema pribatu bat dugu, diru pila bat mugitzen duena eta editorialen preso bilakatu dena. Eta nik ere argitaratu behar ditut artikuluak, eta nire inpaktu-indizea hobetu behar dut. Astrofisikan, zorionez, ohikoak izan dira betitik artikuluen doako biltegiak eta software libreak, eta behatokietako datuak jabari publikokoak izatera igarotzen dira epe baten ondoren. 

Denbora luzez, zientzialariek beren aurkikuntzak partekatu dituzte beste kideekin, gutun bidez eta abar. Eta hori galdu da. Zientziaren balio soziala berreskuratu behar dugu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia