}
Jose Ramon Etxebarria Ingeniaritzan doktorea

“Zientziaren eta boterearen artean beti egongo da deserosotasuna”

2014/03/01 Galarraga Aiestara, Ana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hasieran zailak iruditu bazaizkio ere, pentsatzeko denbora pixka bat hartu ondoren, hitz-jario oparoarekin erantzun die galderei. Antzematen zaio bihotzetik ari dela, kartsu hitz egin baitugu miresten dituen pertsonez, agintearekiko jarreraz, hizkuntzaz... Baina, batez ere, ezarritakoa zalantzan jarri eta norberak pentsatzearen aldeko aldarria egin du.
zientziaren-eta-boterearen-artean-beti-egongo-da-d
Arg. GAIZKA EGUZKIZA/AIKOR! ALDIZKARIA
Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?

Ni hunkitu nauten pertsonak dira zerbait egin, eta, horren ondorioz, jazarriak, epaituak edo zigortuak izan direnak. Adibidez, Giordano Bruno. Aurreko egunean irakurri nuen epaileei idatzi zien poema moduko bat, eta han esaten zien “zeuek epaitzen nauzue, baina zuek zaudete txarto, ni trankil-trankil nago”. Eta haren aurretik izan zen Sokrates. Zer delitu egin zuen hark? Ikasleei pentsarazi egiten zien, eta, horregatik, gazteak galbidera eramatea leporatu zioten. Orduan, agian nik ere galbidera eramaten ditut neure ikasleak, nik ere horixe bilatzen baitut, ikasleek beren kabuz pentsa dezaten.

Gero Giordano Brunori gauza bera gertatu zitzaion. Epaitu eta sutara kondenatu bazuten ere, bera lasai zegoen, bazekielako zuzen zegoela. Eta Galileoren kasuan ere, berdin: defenditzen du ideia bat argumentuekin, eta orduan dator aginte dogmatikoa, eta hura ere kondenatu egiten dute.

Hori gertatzen da agintearekin, dogmatikoa dela, eta ez duela nahi jendeak pentsa dezan. Eta ni gidatu nauen printzipioa da: “ongi, hori horrela dela esaten dute, baina nik pentsatu egin behar dut”. Horretan, askotan sufritu egiten duzu, onartu behar duzulako gauzak ez direla hasieran uste zenuen bezalakoak. Adibidez, energia nuklearra ezagutu nuenean, etorkizuneko energia izan zitekeela iruditu zitzaidan, eta gero pentsa zer aldaketa eman nuen.

Izan ere, alde batetik dago boterea, eta haren helburua da jendea kontrolatuta edukitzea, eta bestetik dago bilatzailearen lana, ikertzailearena edo pentsalariarena. Azken horrek zalantzan jartzen du botereak esaten duena, dogma, eta, noski, hori arriskutsua da. Eta hori lotuta dago zientzia eta gizartearen arteko erlazioarekin. Eta horrek kezkatzen nau, zientzia ez baita ez ona, ez txarra. Zientzia da jakin-mina, da ulertu nahia mundua nolakoa den. Baina eragina ez da aseptikoa, botereak erabil dezakeelako gauza baterako edo aurkakorako. Hori da problema. Zientzialaria bazara, egiaren bila zabiltza; baina gizartearen zati zarenez, jarrera bat hartu behar duzu, erabilera aukeratu behar duzu.

Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke, zure ibilbidean zehar?

Egia esan, ni ez nago ezeren esperoan. Historia ikusita, konturatzen zara iraultza txikiak gertatzen direla, baina gizarteak poliki eboluzionatzen duela. Lehen aipatutako iraultzaileak galtzaile izan ziren, baina beraiek bazekiten arrazoia zutela. Galileok esan zuen “e pur si muove”! Eta gero historiak erakutsi du arrazoia zuela. Eta hori da eternoa. Hortaz, ez dugu ezer espero behar bizirik gauden bitartean. Behin hori onartuta, lasai bizi zara. Nire historia pertsonalean ere, euskararekin adibidez, horrela izan da beti: gaztetan esaten genuen “ezina ekinez egina”, eta denborak arrazoia eman digu. Eta zientziaren eta boterearen artean beti egongo da deserosotasun hori.

Jose Ramon Etxebarria
Jose Ramon Etxebarria Bilbao (Gernika, 1948) ingeniaria, fisikaria, irakaslea, euskaltzalea, idazlea eta itzultzailea da. Zientzia eta teknologia gaiak euskaraz ezagutarazteko testuak egiteko lanean nabarmendu da. Ingeniaritzan doktore, fisikako irakasle gisa aritu da hainbat urte EHUn eta UEUn, eta gaur egun euskarako eskolak ematen ditu EHUren Bilboko Ingeniaritza Eskolan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia