Zientziaren eta zientzialarien balorea
1999/11/28 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia
Modu bitxiagorik ere izan du gizarteak, zientziak eta zientzialariak bere alde egin dutena eskertzeko. Horietako bat, diruetan islatzen da —billeteetan—, gizarteak zientzialarien lanari prezioa jarri nahi izan balio bezala.
1991ko udan, Londresen burututako espektroskopia kongresu batean, fisikari austriar batek bere hitzaldia janzteko transparentziak erabili zituen. Horietako batean Austriako 1.000 txelineko billete bat aurkeztu zuen. Billete horren atzealdean Erwin Schrödinger fisikariaren irudia agertzen da, eta bere aurkikuntzarik handiena islatu nahi duen y hizki grekoa, mekanika kuantikoaren uhin ekuazioen adierazgarri. Hala ere, fisikari hari gutxitxo iruditzen zitzaion, Austriako billete handienean, 5.000 txelinekoan, Schrödinger-en ordez Mozart agertzen baita.
Alemaniarrek ere badute zientziari egindako bere omenalditxoa. Gaur egungo 10 markotako billetean Karl Gauss matematikaria ageri da. Ez hori bakarrik, bere irudiaren ondoan, kurba gaussiarra jarrita dute, eta Gauss-en kanpaiaren formularen xehetasuna. Ezin ukatu horrenbeste zehaztasuneko billeteak alemaniarren sena duela.
Frantzian, aurrez pentsa zitekeenez, Louis Pasteur omentzen dute 5 liberako billetean. Paper horretan, Pasteurren irudiaz gain, bere bi aurkikuntza nagusiak ere ageri dira: alde batetik txakur baten hortzkada jasotzen ari den gazte bat —amorruaren aurkako txertoaren isla—; bestetik, enantiomeroen bereizketa adierazi nahi duten kristalak eta mahats-sorta.
Orain arteko billeteen zerrendak badu segida. Adibidez, Poloniako 1.000 zloty-ko billetea, Copernicoren eta bere eguzki-sistemaren irudiekin. Hori bezala, Italian badira Marconiri, Galileo Galileiri, eta Alessandro Voltari eskainitako billeteak. Grezian, 100 drakmako billeteak Demokrito filosofoa du aurrealdean, bera eta materiaren konposizio atomikoari buruzko erreferentzia gisa. Einstein-ek, nola ez, badu bere moneta, Israelgo 5 lirots-ekoa. Herrialde berriek ere, Kroaziak adibidez, zientzialariak jarri dituzte beren monetetan. Kroaziakoa kasua, gainera, esanguratsua da, 1991. urtean Jugoslabiako federazio ohitik bereiztu eta atera zuen lehen billeteari zientzialari baten irudia jarri ziolako, Ruger Boskovic fisikari eta matematikariarena.
Ingalaterran zientzialariek dagoeneko galdu dute billeteen aurrealdean agertzeko itxaropena, han errege-erreginen irudiak ezer baino lehen jartzea nahitaezkoa baita. Hala ere, billeteen atzealdean, zientzialariei eman zaie tokiren bat edo beste. Isaac Newton libra bateko billete zaharrean agertzen zen, prisma, teleskopio, eta orbita eliptiko baten ondoan; gaur egungo 20 librako billetean, berriz, Michael Faraday agertzen da.
Zientziaren historiarako garrantzi handiegirik ez duen billeteen istorioan bitxiak izan daitezke jarritako adibideak, baina ez dira, ezta hurrik eman ere, bilduma osoaren berri ematera iristen. Gehiago jar zitezkeen: Holandako florinak Anthony Van Leeuwen mikroskopistarekin, Simon Stevin fisikariarekin, eta Christian Huygen zientzialariarekin (nahiz eta billete horiek ez ziren inoiz merkatura atera). Frantzian, Pasteurrez gain, bada 500 liberako billetea, Marie eta Pierre Curierekin; Italian, 50.000 lirakoa, Leonardo Da Vincirekin; Espainian, 2.000 pezetakoa, Mutis-ekin; Suedian 100 eta 1.000 koroakoak Carl Von Linné eta Jakob Berzelius-ekin, Brasilen 50 eta 10.000 realekoak, Oswaldo Cruz eta Carlo Chagas-ekin… zientzialarien balorearen adierazgarri?
7kn argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia