Zientziari toki gutxi egunkarietan
2004/09/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia | Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Urte-erdiko epean argitaratutako zientzia-albisteak jaso, eta albiste horien hainbat azterketa egin ditugu. Albisteen kopurua, erabilitako formatua, albisteen iturriak (Euskal Autonomia Erkidegokoak edo kanpoko albisteak diren), hizkuntza eta tratatu diren gaiak aztertu ditugu. Horrekin guztiarekin, zientzia- eta teknologia-gaiek eguneroko idatzizko komunikabideetan duten presentzia eta garrantzia neurtu nahi izan dugu.
Epe horretan, 1.252 albiste argitaratu dira EAEko bost egunkari horietan. Horien artetik, Berria eta El Correo Español egunkariek argitaratu dituzte zientzia-albiste gehien, 426 eta 249 artikulu, hurrenez hurren.
Hala ere, albiste-kopurua ez da beti aldagai adierazgarri bat zientziak hartzen duen garrantzia neurtzeko. Horregatik, egunkari bakoitzak zientziari eskaintzen dion orrialde-kopurua aztertu dugu.
Hiru egunkarik eman diote toki gehien zientziari. Orri-kopuru handienetik txikienera, Berria, El Correo Español eta Gara dira egunkari horiek, 175, 149,25 eta 147,25 orrialderekin, hurrenez hurren. Datu horiek kontuan hartuta, datu orokorrak ere atera ditugu: zientziak berrien % 1 baino ez du hartzen aztertu diren egunkarietan.
Euskararen presentziari dagokionez, Berria egunkariak eman dio zientziari leku gehien sei hilabete hauetan. Eta, horregatik, argitaratu diren zientzia-artikuluen % 38,02 euskaraz daude.
Sinadurarik ez
Berria, Gara eta El Correo Español egunkarien kasuan, zientzia eta teknologiari buruzko artikulu gehienak egile jakin batzuek idazten dituzte. Dena dela, egunkariek ez dute zientzia-formazioa indartzen (kazetari zientifikoaren figura ez da ohikoa). Joera handia dago sinatu gabeko artikuluak argitaratzeko.
Iritzi-artikulu gutxi izan dira, 18 besterik ez. Beraz, nahiz eta zientziak geroz eta leku gehiago duen, iritziaren alorrean zientziak hartzen duen garrantzia txikia da. Horrek adierazten du egunkariek ez diotela ematen beste esparru batzuei ematen dieten tratamendua, politikari, administrazioari, ekonomiari eta kirolei ematen dietena, esaterako. Gainera, iritzi-artikuluetan ikertzaileen iritziak pisu gutxi du.
Hala ere, ikerketa horren datu-bilketa bukatu ondoren, zientzia-gaiei buruzko iritzi-zutabe bat jarri du martxan Berria egunkariak. Zutabe hori urtetan egin zen Egunkaria -n, eta, orain, berreskuratu egin nahi izan dute argitalpen berrian.
Marte nagusi
Egunkarietan gaurkotasun handiko gaiak tratatzen dituzte, baina, gaurkotasun handiko albisteak zientziaren arlo guztietan izaten diren arren, arlo guztiak ez dira berdin tratatzen egunkarietan. Komunikabideetan indarra izateko, albisteek salgarriak izan behar dute hein handi batean. Horregatik, prentsan, oro har, espazioarekin eta osasunarekin zerikusia duten gaiak argitaratzen dira gehien; urte-erdiko azterketa honetan ere joera bera ikusi dugu.
Albisteak gaika sailkatu ondoren, argi ikusten da hori. Sei hilabete horietan nagusi izan dira Espazioa (356 artikulu), Osasuna (281 artikulu) eta Biziaren Zientziak (194 artikulu). Ingurumenarekin zerikusia duten albisteek, nahiz eta salgarriak izan, ez dute hainbesteko presentzia izan (124 artikulu). Bestalde, Fisika, Kimika eta Matematika ataleko albisteak oso gutxi izan dira, 11 artikulu, hain zuzen ere. Gehienek Fisikarekin dute zerikusia. Lehenengo hiru hilabeteetan ez zen artikulu bat ere argitaratu atal horretan.
Bestalde, zientzia-albisteak sartu ala ez erabakitzeko, kanpoan ematen zaien garrantzia hartzen da kontuan, hau da, ‘girotzen’ bada komunikabideek erantzun egiten dute. Oro har, egunkarietan ez dute garrantziaren baloraziorik egiten, ikuspuntu zientifikotik alegia; aitzitik, balorazio hori kanpotik emanda dator. Lan hori beste batzuek egiten dute: agentziek, agintariek, aldizkari espezializatuek eta kongresuetako edota hitzaldietako parte-hartzaileek, besteak beste. Prentsa-kabineteak eta informazio-zerbitzuak ere horren erantzule dira, horiek daudenean komunikabideek hobeto erantzuten baitute.
Sei hilabete hauetan egon dira egunkarietan garrantzi edo oihartzun handia izan duten hainbat ikerketa-lerro, besteak beste, Marteri buruzko ikerketa eta hegaztien gripea. Oro har, Marteri buruzko ikerketak oihartzun handia izan du bost egunkarietan. Eta Euskal Autonomia Erkidegoko albisteei dagokienez, aipatzekoak dira, besteak beste, Zientziaren Asteak eta Euskadi Ikerketa Sariak egunkarietan izan duten presentzia.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia