Zientzumena: zentzumenak aro digitalean
2006/10/04 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
- Bioteknologia
- Diseinua
- Elektronika
- Komunikazioak
- Robotika
- Anatomia/Fisiologia
- Medikuntza
- Hardwarea
- Internet
- Softwarea
Tailerra bi arlotan oinarritu zen batez ere, minusbaliotasunean eta elikadura/gastronomian, eta bi zatitan egin zuten, lau hitzaldi izan baitziren hasieran eta erakusketa ondoren.
EHUko Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia Saileko Julio Abascalek eman zuen lehen hitzaldia, eta pertsona minusbaliatuek dituzten mugak gainditzeko egiten ari diren ahaleginei buruz aritu zen.
Abascalek esan zuenez, “zentzumenen bidez, inguruari buruzko informazioa jaso eta inguruarekin elkarrekintza izateko aukera dugu. Zentzumenak neurri batean edo bestean mugatuta dituzten pertsonek, baina, arazoak dituzte inguruaz jabetzeko eta elkarrekintza izateko. Hortaz, zentzumen mugatuak konpentsatzean datza gure lana”.
Pertsona horiei laguntzeko tresnak garatzean, bi bidetatik jotzen dute ikertzaileek. Batetik, zentzumen mugatua beste zentzumen batekin ordezkatzen dute; adibidez, ikusizko informazioa entzutezkoa bihurtzeko tresnak sortzen dituzte. Beste bidea zentzumen-gaitasuna handitzean datza, kanpoko sentsoreen bidez. Esate baterako, gurpil-aulki robotizatuak prestatzea, mugitzeko arazoak dituzten pertsonentzat.
Bi bideak lantzen ari dira, eta, Abascalen ustez, etorkizunean posible izango da zentzumenak ordezkatzea. Horretarako, ordea, “ezinbestekoa da zentzumen artifizialen eta garunaren arteko komunikazioa hobetzea”.
Usaimena eta dastamena
Ondoren, Andrey Bratoven txanda izan zen. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Sentsore eta Biosentsoreen taldeko irakasle bisitaria da Bratov, eta zapore-sentsoreek izan duten eboluzioaren gainean aritu zen. Gai horrekin lotuta, mihi elektronikoa lortzeko bidean eman diren pausoak azaldu zituen.
Azaldu zuenaren arabera, ukaezina da asko aurreratu dela, baina Bratovek berak onartu zuen oso zaila dela zaporea osotasunean hartzeko gai izango den tresna bat asmatzea. Izan ere, gizakiok ez dugu mihiko dastamen-papilen bidez bakarrik hartzen zaporearen pertzepzioa. Janariaren usainak, tenperaturak, koloreak, gogortasunak... denak du garrantzia zaporean. “Imajinatu kolore berdeko esnea, edo izozki beroa. Seguru asko, dastatzen dituenarentzat, ez dute esne zuriak edo izozki hotzak duten zaporea izango. Horregatik da hain zaila zaporea hartzeko gai den zentzumen artifiziala sortzea”.
Nolanahi ere, tresna ikusgarriak asmatu dira zaporearen arloan. Horietako bat azaldu zuen hurrengo hizlariak: Dan Maynes-Aminzade, Standford Unibertsitateko pertsona-konputagailu Interakzioko Laborategiko ikertzailea. Hain zuzen ere, nahi den zaporea hartzeko interfazea aurkeztu zuen. Hitzaldiak amaitutakoan egin zen tailer-erakusketan bertan erakutsi zuen nola funtzionatzen zuen, eta hitzaldian, berriz, horren atzean zegoen ikerketa-lana jarri zuen agerian.
Artea. Erakusketa
Azkeneko hizlaria Derrick de Kerckhove izan zen, Torontoko Unibertsitateko Kultura eta Teknologiaren McLuhan Programako Zuzendaria. Hark artearen ikuspuntutik aztertu zituen zentzumenak, pertzepzioa, zentzumenen digitalizazioa eta zentzumen artifizialak. Hitzaldi interesgarria, inondik inora.
Hitzaldietan aipatutako tresna eta aplikazioak ikusgai zeuden ondorengo erakusketan. Hartara, nola funtzionatzen zuten ikusteko aukera egon zen, eta batzuetan, baita norberak probatzeko aukera ere. Zalantzarik gabe, zentzumen guztiak erne jartzeko moduko jardunaldia izan zen.