}

Zikari aurre egiteko txertoa garatzeko ahaleginetan

2016/06/23 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

zikari-aurre-egiteko-txertoa-garatzeko-ahalegineta
Zika birusaren egitura Arg. Manuel Almagro Rivas/CC-BY-SA 4.0

Zikari aurrea hartzeko txertoa garatzeko asmoa duten Inovio eta GeneOne Life Science farmazia-konpainiek gizakietan lehen proba klinikoak egiteko baimena jaso dute. DNA-txerto sintetiko bat da, eta animalia-eredu txikietan zein handietan emaitza onak eman ditu. Izan ere, zikaren aurkako antigorputzak eta T zelulak sortzea eragin du txertoak; horrenbestez, pertsonetan ere eraginkorra izango dela espero dute.

Lehen fasean 40 boluntariok parte hartuko dute; denak gizonezkoak eta osasuntsuak. Txertoa segurua, onargarria eta eraginkorra dela frogatzea da helburua. Hala balitz, proba klinikoen hurrengo fasera igaroko litzateke eta pertsona gehiagorekin probatuko lukete.

Aldi berean, Nature taldeko bi aldizkarik Zikarekin, dengearekin eta txertoarekin lotutako artikulu bana argitaratu dituzte. Batetik, Pasteur Institutuko ikerketa baten berri eman dute Nature aldizkarian. Haren arabera, berez dengearen birusarekiko espezifikoak diren bi antigorputz Zikaren aurrean ere eraginkorrak direla frogatu dute.

Zika hedatu den leku gehienetan dengea ere badagoenez, ikertzaileek uste dute aurkikuntza garrantzitsua dela Zikaren patogenesia ezagutzeko eta bi gaitzei aurre hartzeko txertoa garatzeko.

Beste artikulua Nature Immunology aldizkarian argitaratu da. Londresko Imperial College unibertsitatean egindako ikerketa bat da, eta horretan ere dengearen eta Zikaren arteko interakzioa aztertu dute. Emaitzek erakutsi dutenez, dengea izan ondoren, pertsonek gorputzean dituzten antigorputzek erraztu egiten dute Zika birusa ugaltzea. Horrenbestez, dengea izateak Zika infekzioa pairatzeko aukera areagotuko luke.

Antza denez, aurrerapauso nabarmenak ematen ari diren arren, seguru asko oraindik luze joko du txertoa garatzeko bideak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia