}

Zilarrik gabeko argazkiak

2002/08/09 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia


Polaroid etxeak argazkiak sortzeko modu berri bat asmatu du. Oraingoz ez du kamera arruntentzat balio, baina mundu digitalean aplikazio ugari izan ditzakeela esan dute.

Argazkigintza asmatu zenetik gauza asko aldatu badira ere, zilarrak tinko eutsi dio protagonista-rolari. Kamera digitalak alde batera utzita, argia eta zilar-gatzak dira duela 200 urtetik argazkigintzaren oinarria. Izan ere, argazkiak egiten dituzunean, zilar-gatzak zilar metaliko bihurtzen ari zara, besterik ez. Gero, laborategian, pelikula konposatu kimikoekin tratatzen da negatiboa lortzeko. Eta argazkia eskuartean izateko, gauza bera.

Koloretako pelikulek, zilar-gatzez gain, argi gorriarekiko, berdearekiko eta urdinarekiko sentikorrak diren koloratzaileak dauzkate, geruzatan jarrita. Argazkia egiten denean, zilar-gatza zilar metaliko bihurtzen da, beti bezala, baina argi/itzalak geruzatan banatuta jasotzen dira. Batean gorriaren erreflexua jasoko da, bestean berdearena eta azkenekoan urdinarena. Laborategian, erreflexu horiek kolore bihurtzen dira erreakzio kimikoen bidez eta, gainera, pelikulako zilar guztia erauzten da. Prozesuak pauso asko ditu, konplexua da eta makina bat konposatu kimiko erabiltzen dira.

Azidoa zilarraren ordez

Polaroid etxeak aurkeztu duen metodoak zilarra erabili ordez azidoa erabiltzen du. Prozesua ohikoa baino askoz sinpleagoa da eta automatikoki hasi eta bukatzen da, filma argitan jartzen den unean. Iodo-gatzak eta bi azido dira prozesuaren protagonista. Argiak
iodo-gatzak deskonposatu egiten ditu lehen azido bat emateko eta, horrek bigarren azido baten sintesia eragiten du. Azidoak koloratzaileak kolore bihurtzen ditu eta prozesua bakarrik gelditzen da, bidean sortu den base bati esker, azidoaren etra basearen arteko oreka erdiesten denean.

Prozesua konplexua den arren, guztia pauso bakar batean gertatzen da eta konposatu kimiko gutxiago behar ditu. Gainera, zilar-gatzekin ez bezala, errebelatzerakoan gerta daitezkeen gehiegizko esposizio-arazoak saihesten ditu.

Oraingoz, metodo berria ez da argi ikuskorrarekiko oso sentikorra eta, beraz, ez ditu ohiko kamerak ordezkatuko; baina laserrekin edo diodoekin lan egiteko oso aproposa dela uste dute ikertzaileek. Izan ere, bereizmen handiko irudi oso garbiak sortzeko aukera ematen du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia