}

Zinema digitala iritsi da

2000/02/08 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Badirudi azkenaldiko joera pelikularik gabeko zinema dela, hau da, ohiko euskarri fisikoa ez duena. Europan eta Estatu Batuetan lehenengo emanaldiak jadanik hasi dira

Pelikula batean fisikoki grabatuta egon beharrean, filmak disko gogorretan eduki nahi dituzte. Memorian gordeta dagoena proiektore mota berri batez pantailaratu. Sistema horrek, gutxienez, normalean erabiltzen den 35 mm-ko pelikularen irudi kalitatea du; agian zertxobait hobeagoa. Gainera, jatorrizko filmak ez du kalitaterik galtzen kopiak egiterakoan, ezta kopia bakoitzak emanaldi askoren ondoren, ohiko pelikulei gertatzen zaien moduan. Bestetik, zinema enpresetara banaketa satelitearen bidez egin daiteke.

Argiarekin jolasean

Texas Instruments enpresak sortutako proiektore berezi batez egin dira lehenengo emanaldi esperimentalak. Erabiltzen duen sistemari DLP (Digital Light Processing) deritzo eta hiru txip optikotan du funtsa. Prisma batek argia oinarrizko hiru kolore izpietan banantzen du (gorria, berdea eta urdina) eta txip bakoitzak izpi bana jasotzen du.

Txip optiko bakoitzak 1.310.000 mikroispilu mugikorren multzoa du barruan eta ordenagailu batek kontrolatzen ditu. Mikroispiluak etengailu gisan egiten dute lan, hau da, argia pasatzen uzten dute edo ez. Horrela, ispilu guztien konbinazioaz erresoluzio handiko irudi gorri, berde eta urdinak sortzen dira. Horien nahasketak kalitate handiko irudia sortzen du. Teknologia hori egiten zaila bada ere, emaitza pa- regabekoak dira eta fa- brikazio kostuak murrizteko modua bilatu nahi da.

Dog Darow DLPren garapenaren arduradunaren iritziz, teknologia hori Europara ekartzeak frogatzen du kontsumorako prest dagoela. Zinema guztiak digitalak izateko bidean emandako pauso handia da. Izan ere, Estatu Batuetako eta Kanadako zenbait tokitan jarri da martxan proiektua. Orain Europako bost tokitan ere emango da, horietako hiru Erresuma Batuan. Estreinaldia Parisen izango da, Toy Story 2 filmaren emanaldiarekin.

Hala eta guztiz ere, zinema guztietan sistema digitalak erabil ahal izateko diru kopurua izugarri handia beharko litzateke. Oro har, enpresek ez dute horrelako pisu ekonomikoa jasan nahi. Filmak egiten dituztenentzat aldaketa nabarmena izango zen, fitxero bat edo fitxero multzo bat sare informatikotik bidaltzea besterik ez litzatekeelako izango eta kopiaketa, garraio eta banaketa kostuak aurreztu egingo liratekeelako. Bestalde, zinemen kateek ez dute pizgarri ekonomikorik ekipamendu berria instalatzen hasteko.

Bilakaera ala iraultza?

Garbi dago ez dela egun batetik bestera aldatuko, baina Disneyko teknologiaren arduradunek uste dute etorkizunean zinema erabat digitala izango dela eta, beraz, orain dirua sartzeko aukera paregabea dela. Texas Instruments enpresakoak proiektu horretan sartu dira, prototipoen garapenaren bitartez. Modu horretan, zinemaren esparruko adituek lagunduko diete produktua hobetzen.

Texas Instruments enpresakoek uste dute ordezkapena ezinbestekoa izango dela urte batzuen epean. Estatu Batuetan urtero 6.000 pantaila instalatu edo berritzen dira. Aurretik duten lana da jendeari ikusarazte azinema digitalak irudi kalitate handiena eskaintzen duela. Oraingo zinema sistemaren oinarrizko aldaketa egin nahi da, eta ez da batere lan erraza hasiera batean. Hollywood-en dauden interes ekonomikoak gainditu behar dira, baina epe luzeagoan ez da arazoa izango. Europara sistema berria jadanik heldu da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia