}

ZIOfesta, zientzia eta liburuak maite dituztenentzat

2007/06/15 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

ZIO Bildumak izen adierazgarria du: ZIO akronimo bat da, eta zientzia irakurle ororentzat esan nahi du; eta bilduma bat da, hau da, liburu bat baino gehiago biltzen ditu. Hain zuzen, sei liburuk osatzen dute oraingoz bilduma, eta denak zientzia-dibulgaziokoak dira. Denak dira ospetsuak, ezagunak, eta, orain, euskaraz irakurtzeko aukera dago. Hori ospatzeko, eta bilduma aberasten jarraituko dutela jakinarazteko, egin zuten atzo ZIOfesta.
Donostiako Koldo Mitxelenan ospatu zuten ZIOfesta.

Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean izan zen zientzia eta liburuak maite dituztenen festa. Egunaren protagonistak hitzaldiak izan ziren; goizean hiru izan ziren, eta arratsaldean bi. Horrez gain, itzulpengintzari buruzko mahai-inguru bat ere izan zen arratsaldean.

Goizeko hitzaldietan, EHUko hiru irakasle aritu ziren: Joseba Jauregi psikologoa, Ana Zubiaga genetikaria eta Javier Duoandikoetxea matematikaria. Hala ere, ez zegoen unibertsitarioa izan beharrik haien azalpenak entzuteko. Hain zuen ere, horixe da egitasmo horren helburua: zientziaz interesa duen edonork irakur dezala, baita zientziaz asko ez dakitenek ere.

Garuna, geneak eta zenbakiak

Garuna, arimaren organoa izenburuko hitzaldia eman zuen Jauregik , eta arimaren bilaketaren historiaz aritu zen. Azken mendeetan, garunean kokatu da arima, kontzientzia edo gogoa, eta haren ezaugarriak eta funtzionamendua argitu nahian dabiltza zientzialariak. Neurozientzien aurrerapenekin pausoak eman badira ere, oraindik misterio asko azaldu gabe daudela aipatu zuen Jauregik.

Zertarako behar dugun matematika azaldu zuen zertarako Javier Duoandikoetxea EHUko matematika-irakasleak.
(Argazkia: A. Galarraga)

Ondoren, galdera-erantzunen txanda izan zen, hitzaldia bera bezain interesgarria, eta, jarraian, Ana Zubiagak hartu zuen hitza. Geneei buruz dakigunaz eta ez dakigunaz aritu zen, eta DNA -sekuentziak deskodetu ahala espezieen artean —eta baita pertsona desberdinen artean ere— sekuentziak alderatzeko aukera dagoenez, zerk bereizten gaituen azaldu zuen. Determinismo genetikoa eta jendearen interesa pizten duen beste hainbat gai interesgarri ere aipatu zituen, eta galderetan ere nabaria zen genetikak galdera asko sortzen dituela jendearengan.

Goizeko azken hitzaldian, berriz, Matematika zertarako? galderari erantzun zion Javier Duoandikoetxeak . Hitzaldi entretenigarria eta adibide argigarriz betea egin zuen, eta garbi azaldu zuen norberarentzat ez ezik gizartearentzat ere beharrezkoa dela matematika. Eta, Duoandikoetxearen hitzetan, baita “espirituaren ohorerako” ere, nola ez.

Bestalde, hitzaldiak orain arte ZIO Bilduman argitaratutako sei liburuak aurkezteko aitzakia ere izan ziren, hitzaldien gai bakoitza bina libururekin lotzen baita. Azken batean, garunari buruzkoak dira Oliver Sacks-en Antropologo bat Marten eta Jorge Wagensberg-en Formen matxinada ; genetikaz dihardu François Jacob-ek Sagua, eulia eta gizakia liburuan eta, nolabait, baita John Lenihan-ek Giza gorputza lanean- en ere; eta matematika da Denis Guedj-en Loroaren teorema eta John Allen Paulos-en Zenbakirik gabe bizi liburuen gaia.

Zientzia eta literatura, parez pare

Zientzia eta liburuak maite dizutenen festa izan zen atzokoa.
(Argazkia: A. Galarraga).

Arratsaldean, Zientzia euskaratzen mahai-ingurua egin zuten lehenik. Itzultzaileek ZIO Bildumaren lanak itzultzean izan dituzten zailtasunez jardun zuten. Normalean literatura-lanak itzultzen dituztenez, zientzia-alderdiak beldur pixka bat ematen ziela aitortu zuten gehienek, baina, azkenean, onartu zuten ez zela hori izan zailena. Gainera, zientzialarien laguntza ere izan zuten itzultzaileek.

Festa amaitzeko, hitzaldi berezi bat eman zuten Anjel Lertxundi idazleak eta Pedro Migel Etxenike fisikariak. Zientzia literaturan eta zientziaren literatura izan zuten hizpide, aretoa bete zuten entzuleen gozamenerako.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia