Ziurgabetasunaren printzipio herbiboroa
2001/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zientzialariek askotan euren mugei edo ezintasunei begiratu behar izaten diete. Baita ekologoek ere, zientzialariak diren neurrian. Partikulen fisikaz ari denak Heisenberg-en ziurgabetasunaren printzipioa aintzat hartu behar du eta, dirudienez, ekologoek ere antzeko printzipioren bat izan beharko dute kontuan.
Aipatu printzipioaz Nobel saridun Werner Heisenberg fisikaria jabetu zen. Haren teoriaren arabera, ezin daitezke partikula subatomiko baten propietate guztiak aldi berean neurtu, hots, posizioa, masa eta abiadura. Izan ere, propietateetako bat neurtzeak distortsioa eragiten du besteetan.
Ekologian ere "ziurgabetasunaren printzipio herbiboroa" edo antzeko zerbaitek eraginda inguruneaz dugun ezagutza halabeharrez mugatua dela onartu beharko litzateke Albertako Unibertsitateko ikertzaileen ustez. Ikerketa-taldeak behatu duenez, neurtutako basa-landareak ohi baino gutxiago edo gehiago jaten dituzte intsektuek. Kezka mendiko zenbait laginketaren ondoren sortu zitzaien, aztertu zituzten landareen erdiak gaixotu egin baitziren. Eta erdiak gaixotzea gehitxo iruditu zitzaien.
Horregatik, astero laginketan ari bailiran aritzen ziren partzela jakinetan eta jarraian ondoriorik eragin ote zuten aztertzen zuten. Partzelako Apocynum cannabium landarea ingurukoak baino gehiago jan zuten, seguruenik intsektuek. Potentilla recta landarea, ordea, zapaldu gabeko tokietan baino gutxiago janda ageri zen.
Ez dute esan, ez dakitelako, aztertutako landareak zergatik diren erakargarriago edo desatseginago intsektuentzat. Agian, osagai kimikoren baten eragina da, edo ikertzaileek egindako bidezidorrena, baina eragina egon badagoela ikusi dute. Beraz, tamaina neurtzeak eragina izan dezake landareen hurrengo egunetako hazkuntzan, edo neurtze horrek landareak zerk jaten dituen alda dezake, edota jaten duenak zenbat jaten duen.
Unibertsitate bereko beste ikertzaile batzuen ustez, esperimentazio-diseinu egokiak giza jardueraren ondorioetako batzuk identifika ditzake.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia