}

Zorionak espazio-estazioa!

2001/10/31 Elhuyar Zientzia

Ume jaio berriak bezala hazten ari da oraindik, poliki-poliki handitzen ari baita espazioan bertan. Azaroaren lehenengo egunetan urtea egingo du nazioarteko espazio-estazioan gizakiak bizi direnetik, urtebete horretan etengabe egon baita tripulazioren bat bertan bizitzen.

Espazio-estazioaren oinarrizko egitura espazioratu zenean 70 tona inguru zituen ontzia zen. Bertan egokitu zen lehen tripulazioak Alpha izenarekin bataiatu zuen, ontzi txiki hura etengabe hazten joango zen estazioaren lehen urratsa baitzen. Ordutik hazten jarraitu du espazio-estazioak eta gaur egun hiru logelako etxebizitzaren tamaina du dagoeneko. 150 tonako pisua du espazio-estazioak.

400 kilometroko altitudean dabil Lurraren inguruan etengabe biraka. Espazioan zintzilik dagoen laborategia eta bizilekua da nazioarteko espazio-estazioa. Urtebetean hiru tripulazio izan dira bertan, lau astronauta estatubatuar eta bost errusiarrak. Sei estatutako 79 bisitari barruan zituztela hamalau espazio-ontzi iritsi dira Alphara tarte horretan.

Azaroaren 19an beste tripulazio bat abiatuko da Estatu Batuetatik Endeavour jaurtigailuan, espazio-estaziora iritsi eta bertan daudenei errelebua egitera.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia