}

Zorizko bat-egitea Lurraren historian

2001/04/17 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Orain dela 23 milioi urte inguru, bi periodo geologikoen arteko muga zehazten duen aldaketa bat eman zen. Oligozenoa eta Miozenoaren artean gertakariren batek Lurraren berotze-joera aldarazi zuen eta Hego Polotik izotz-geruza izugarria zabaldu zen eta eremu izugarri handia estali zuen. Orain, Atlantiko ekuatorialeko mendebaldean itsas sedimentuak aztertu ondoren, Kaliforniako Unibertsitateko James Zachos paleoozeanografoak eta bere taldekideek gertatu zena azaldu dute Science aldizkarian.

Eguzkia eta Lurraren arteko geometrian aldaketa ziklikoek Lurraren klima-aldaketan eragin zezaketela proposatu zuen lehenengoa Milutin Milankovitch astrofisikoa izan zen. Eragile garrantzitsuenak eszentrikotasuna, zeihartasuna eta prezesioa dira.

Eguzkiaren inguruan Lurraren orbitaren formak duen aldaketa ziklikoari deitzen zaio eszentrikotasuna; 100.000 urte inguruko ziklo horren arabera ia zirkularra izatetik eliptikoa izatera pasatzen da.

Zeihartasuna, aldiz, Lurraren ardatzaren inklinazioa da orbitaren planoarekiko eta, 41.000 urteko zikloan, 22,1-24,5 graduen artean aldatzen da.

Presezioak 21.000 urteko zikloa du eta Lurraren ardatzaren norabidearen mailaz mailako aldaketa da.

Aldaketa horiek itsas sedimentuan gordetzen dira. Adibidez, itsas animalien oskolen oxigeno-isotopoen arabera garai hartako uraren tenperaturaren eta izotz-geruzaren bolumenaren aldaketak jakin daitezke. Zachos-ek eta bere taldekideek Goi Oligozenoko eta Behe Miozenoko sedimentu-geruza aztertu dute eta bost milioi urteko tartea ikertu dute.

Ustekabean, une batean klima hoztea eragiten zuten indar orbitalak eta izotza eratzearenak bat egin zutela ikusi dute. Duela 23 milioi urte inguru, Lurraren eszentrikotasuna puntu baxuan zegoen, hau da, orbita ia zirkularra zen, beraz, Lurraren eta Eguzkiaren arteko distantzia ia ez zen aldatzen urte guztian zehar. Horretaz gain, Lurraren ardatzaren inklinazioa ia ez zen aldatzen eta urtaroen arteko aldaketak apenas antzematen ziren. Horren eraginez, poloetako udako tenperaturak ia ez ziren igo eta izotz-aro berri bat hasi zen.

Lurraren orbitaren zikloek horrela bateratzea oso gutxitan gertatzen da eta, egindako azterketaren arabera, periodo horien arteko mugan gertatutakoa ulertzeko azalpena izan daitekeela uste dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia