}

Zorriaren arrastoari jarraika

2007/04/08 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Ez da gehien atsegin dugun animalia. Zorri hitza entzutearekin bat azkura sartzen zaigu buruan eta gorputz osoan; gure arbasoetatik jaso dugun erreakzioa izango da, seguruenera. Izan ere, zorria beti gurekin izan dugu. Eta, horrexegatik, gizakiaren historia eta eboluzioa ezagutzeko tresna gisa erabilgarria da.
Zorrien aurkako neurriak ez dira asko aldatu azken ehunka urteetan; goikoa Egipton aurkitutako orrazi estu bat da, VI. mendekoa. Buruko zorriak kentzeko (eskuinean irudia handituta) onena orrazi estua erabiltzea da.(Argazkiak: V.S. Smith, Glasgow-ko Unibertsitatea / Orrazi egipziarra, Zeelanda Berriko Museoa)

Pentsa liteke gizakiaren eboluzioari begiratzeko erarik onena gizakiaren beraren arrastoei eta geneei begiratzea dela. Zentzuak hala dio. Baina beste bide batzuk ere badira; esate baterako, milaka urtean joan den tokira joan dela soinean eraman dituen parasitoei begiratzea, zorriari, adibidez.

Zuzen esateko, gizakiak hiru zorri-mota izaten ditu lagun. Ezagunena burukoa da, Pediculus humanus capitis ; izan ere, mundu osoan eta gizarte-maila guztietan zabaldua dago—eskolako haurrak dituzten gurasoek ederki ezagutzen dituzte—. Gorputz-zorria, Pediculus humanus corporis , aurrekoaren espezie berekoa da, baina ez dago hain zabaldua; arropa gutxitan aldatzen duten leku hotzetan dago gehien. Eta, hirugarrena, beste espezie batekoa da: potrozorria, Phtirus pubis .

Zorriak , eta, oro har, parasito gehienak, oso espezifikoak dira. Hau da, zorri-espezie horiek gizakia baino ez dute infektatzen; txinpantzeak eta gorilak, esate baterako, beren zorri-espezieak dituzte. Suposatzen da, txinpantzeak, gizakiak eta gorilak antzina arbaso bera izan zutenez, arbaso haren zorriak ere eboluzionatu egin zuela gaurko zorri-espezieak sortu arte.

Zorriari galdezka

Baina eboluzioa ez da kontu samurra, ez da lerro zuzen bat. Arbaso batetik hainbat lerro ateratzen dira bakoitza garai batean, eta lerro horiek gerturatu eta urrundu egiten dira, gehiago adarkatu...

Primateen eboluzioari jarraitzeko oso baliagarriak dira zorriak, normalean, primate-espezie bakoitzak bere zorria baitu.
Minnesota-ko Zientzia Museoa

Bada, eboluzio hori hobeto ezagutzeko era bat ostalarien eboluzioa zorrien eboluzioarenarekin konparatzea da, gainezartzen diren ala ez ikusteko. Gene jakin batzuei begiratuta egiten dute hori; eta, noski, gehienetan eboluzioak bat datoz; esaterako, txinpantzea eta gizakia banatu ziren garai berean bereizi ziren haien zorri-espezieak ere ( Pediculus generokoak biak). Zentzuzkoa da, zorri bakoitzak bere aldetik jarraitzen du eboluzionatzen, dagokion ostalariarekin batera.

Baina bestelako aurkikuntzak ere gertatzen dira. Esate baterako, gorilaren zorria eta gizakiaren potrozorria Phtirus generokoak dira biak. Logikoa da pentsatzea bi zorri-espezieak ere gorila eta gizakia banatu zirenean bereizi zirela. Baina, ez. Aitzitik, ikusi dute gizakiak potro-zorria gorilatik hartu zuela. Gorila eta gizakia bereizi zirela milioika urte paseak ziren arren, gorilaren zorriak gizakia hartu zuen ostalari gisa, eta honekin eboluzionatu zuen gaur egungo potrozorria izatera heldu arte.

Beraz, garai hartan gorilak eta gizakiak harreman estua izan behar izan zuten, leku berean egon behar izan zuten denbora-tarte txiki batean, edo elkar ukitu... Zorriek gutxi irauten dute ostalariaren epeltasun eta babesetik kanpo; hortaz, adituen ustez gorilak eta gizakiak harremana izan zuten; zein motatako harremana izan zen jakitea beste kontu bat da, ordea.

Dena dela, ez da gutxi zorriak ematen digun informazioa. Intsektu txikia eta setatia bezain gogaikarria da, baina kosta ahala kosta gizakiaren kontura bizitzeko seta horri etekina atera diote ikertzaileek, alajaina.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia