}

Zorrotada bat plankton nire kotxeari

2003/11/09 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Ibilbide luze baten ondorioz, kotxea gasolina gabe geratu da. Gasolina-zerbitzugune gertuenera joan eta depositua gasolinaz bete duzu. Une horretan bertan, 1.000 tona plankton kontsumitu dituzu. Ondo irakurri duzu, bai, 100.000 kg plankton.
Diatomeoak itsasoan flotatzen bizi diren alga mikroskopikoak dira. Horietako batzuk itsas hondoan pilatu eta urteen poderioz petrolio bihurtzen dira; hori bai, milaka urte pasata.

Jeffrey Dukes zientzialari amerikarrak eta bere emazteak kilometro ugari egin behar izaten dituzte kotxez egunero etxetik Massachusetts-eko Unibertsitatera lanera joateko. Kezka handia zuen Jeffreyk egunero kontsumitzen duten gasolina-kantitatearekin, eta kotxeko depositua betetzeak benetan zer suposatzen duen kalkulatzea proposatu zion bere buruari.

Ekologoa paper baten aurrean jarri eta zenbakiak gehitzen eta biderkatzen hasi zen. Kalkulua egin duenetik, ordea, are kezkatuago dago, depositua betetzen duen bakoitzean ikaragarrizko materia pila kontsumitzen duela ikusi baitu: 100.000 kg, hain zuzen ere.

Izan ere, gasolinak, eta, oro har, petrolioak, jatorri organikoa dute. Baina ez da hildako dinosaurioetatik eratorritakoa, hainbat siniskera herrikoik behin eta berriz hala azaldu nahi izan badute ere. Askoz ere tamaina txikiagoa duten bizidunetatik eratorria da, tamaina txikiagatik ikusezinak diren bizidunetatik: planktonetik.

Diatomeoak, petrolio-iturri

Depositoa betetzen zuen bakoitzean zenbat plankton kontsumitzen zuen kalkulatu nahi izan zuen Dukes ikertzaileak.

Itsasoan bizi den planktona hil eta lur sakonean pilatzen denean sortzen da petrolioa. Planktona osatzen duten bizidun gehienak zelulabakarrak dira; hortaz, ikaragarrizko bizidun pila metatu behar da likido preziatua sortzeko.

Bizidun horietatik asko diatomeoak dira, forma ikaragarri politak dituzten alga mikroskopikoak. Biribilduak, luzeak, izar-itxurakoak... milaka forma desberdinetakoak daude, eta denak zein baino zein liluragarriagoak. Forma berezi horiek inguruan duten silizezko estalkiari esker lortzen dituzte. Estalki apaindu horrek berak egiten ditu diatomeoak itsasoko bizidun harrigarrienetakoak.

Itsasoan flotatzen bizi dira, eta animalia askoren janari izaten dira. Baina diatomeo horietako batzuk uretan hil eta itsasoaren hondoan pilatzen joaten dira, denboraz harri bihurtzen diren arte. Milaka urte behar dira plankton hori petrolio likatsua bihurtzeko, eta milioika plankton-ale petrolio apur bat sortzeko. Horrelaxe, poliki-poliki sortu dira munduko petrolio-erreserba handiak, likido beltz likatsua itsasoko harri porotsuak zeharkatu eta lur barneko zuloetan pilatu denean.

Dukes-en kalkuluak

Petrolioaren industriak behera egiten badu, prezioen bilakaerak alternatiba berriak sustatuko ditu.

Jeffrey Dukes ekologoak faktore horiek guztiak hartu behar izan ditu kontuan bere kalkuluak egiteko. Planktona nolakoa den, hiltzean non pilatzen den eta nola bihurtzen den petrolio. Izan ere, hildakoan fitoplankton guztia ez da lurrazalean pilatzen: planktonaren % 2 baino ez da sartzen milaka metroko harri horien azpian.

Hor, harritzar horien azpian, lurraren barruko berotasunak azkartu egiten du pilatutako planktonaren transformazio-prozesua, eta pilatutako planktonaren erdia inguru petrolio bihurtzen da denborarekin. Petrolio horren frakzio txiki batek bakarrik egiten du gero gorantz, gizakiak eskuratu ahal izango duen lekuetaraino. Eta igotzen den kantitate horren laurdena inguru eskuratu ahal izaten dugu guk.

Gerora garraioan eta bestelakoetan izaten diren galerak ere kontuan hartuta, Jeffrey Dukes ikertzaile amerikarrak kalkulua egitea lortu zuen: leku egokian eta une egokian zegoen aintzinako landare-masa horren % 0,01 bakarrik bihurtzen da azkenean guk erauz dezakegun petrolio. Horren arabera, planetan 400 urtean hazten diren landare guztiak ere ez lirateke nahikoa izango urtean erretzen dugun erregai fosila sortzeko.

Erabateko menpekotasuna

Gure gizartea gero eta urriagoa den gai baten menpe bizi da materialetan ere. Dagoeneko piztu da alarma!

Lurra gaztea zenean hasi zen petrolioa sortzen, eta oraindik horretan ari da. Baina ez da sortzen kontsumitzen dugun abiaduran, inondik inora ez. Munduan kontsumitzen den energia osoaren % 40 inguru dator petroliotik. Esan daiteke, beraz, zibilizazio modernoa duela milioika urte sortutako arroka-hobietatik erauzitako materia horren menpe bizi dela erabat. Begiratu, bestela, zure ingurura. Ikusten duzun gehiena petroliotik eratorritakoa da. Ezetz? Begiratu berriz. Zura ikusten duzu, metala, beira, harria... bizidunen bat akaso. Zerrenda luzea da, bai. Baina gainerako guztia petrolioa besterik ez da. Ikusten dituzun pinturak, erretxinak, ehun sintetikoak, plastikoak, botika asko eta zuk uste ez duzun beste hainbat ere petrolioaren deribatuak dira. Izan ere, erregaien industria ez ezik, material sintetikoena ere petrolioan oinarrituta dago.

Populazioa ere hazten ari da, eta horrek eskaria handitu egiten du. Petrolio-erreserbak gero eta txikiagoak dira eta zaila izango da horri eustea. Hori dela eta, nazioarteko ikerketa-proiektu asko alternatiba berrien bila zuzendu dira. Energia berriztagarriak dira horietako bat, baina, askoren ustez, ezingo dute gaur egungo energia-eskaria bete. Horren aurrean irtenbide bakarra kontsumoa murriztea izango da. Baina prest gaude gure bizimodu erosoa kolokan jartzeko?

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia