}

Zortzi garroko mimoa

2001/08/30 Elhuyar Zientzia


Harrigarria bada ere, argazki guztietan animalia bera ikus daiteke. Hala ere, zein den asmatzea ez da erraza. Argi dago itsasoan bizi dela, baina argazki batean arrain itxura du, beste batean sugea dirudi... zer da, benetan?

Bada, txantxetan gabiltzala pentsatuko duzun arren, olagarroa da. Olagarro berezia, konforme, baina olagarroa, azken batean. Ozeano Indiko Pazifikoko itsas hondoan bizi dira, eta badirudi hainbat espezie daudela. Egoera normalean, gorputza baino garro luzeagoak eta marra zuri-gorriak dituzte; baina inguruan harrapariren bat dabilela somatzen duenean, gorputz-adarrak luzatu, gorputza lautu, kolorea aldatu eta beste hamaika trikimailu erabil ditzakete, beste animalia batzuen itxura hartu eta etsaia nahasteko.

Gainera, zeregin horretan benetako espezialistak direla aitortu behar da. Inguruan dabiltzan harraparien arabera, animalia bat edo beste imitatzen dute: karramarro handia, itsasoko sugeak, itsasoko anemonak, marmokak, arraiak, etab.

Mark Norman zefalopodoetan espezializatutako biologoa da, eta Australiako Melbourne Museoan lan egiten du. Hainbat kiderekin batera, uretan sartu eta oraindik izenik ez duen olagarro horren irudiak hartu zituen. Irudi horiek iaz erakutsi zituzten, eta orain, irailaren 7ko Proceedings of the Royal Society of London B aldizkarian, jasotako informazio zientifikoaren berri emango dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia