Zu ere Olinpiadetako txapeldun
2004/09/01 Cancio Orueta, Leire - Elhuyarreko zuzendari nagusiaElhuyar Iturria: Elhuyar aldizkaria
Armix dagoeneko pistan dago, ateratzeko seinalearen zain, III. Zernola Olinpiadari hasiera emateko. Irailetik ekainera bitartean, parte hartzen duten DBH 1eko eta 2ko ikasgelek zientzia eta teknologiarekin zerikusia duten probei erantzun beharko diete hilero.
Aurreko ikasturtean 92 ikasgela aritu ziren II. Zernola Olinpiadan gogotsu, eta sailkapen nagusian Gasteizko San Viator ikastetxeko 2B gela izan zen txapeldun. Saria: gela osoarentzako asteburua Urbasako Bioitza kanpinean.
Armix Urbasan
Armixek, gasteiztarrekin batera, Urbasako Bioitza kanpinean pasatu zuen asteburua. Han, paraje zoragarriez gozatzeaz gain, hainbat ekintza egin zituzten: mendian ibili ziren, altxorra topatzeko iparrorratza erabiltzen ikasi zuten eta Laminatitur-ko kobazuloan sartzeko aukera ere izan zuten.
Primeran igaro zuten denek asteburua, eta San Viatorko ikasleek agindu zuten ikasturte honetan gogor saiatuko zirela berriro ere.
Gainera, III. Zernola Olinpiadak hainbat berrikuntza izango ditu. Besteak beste, parte hartzen duten gelen argazkiak ikusi ahalko dira, eta parte-hartzaileek elkar ezagutzeko modua izango dute olinpiaden foroan. Irailean, gainera, ikasturtea gogo biziz hasteko, itxura berria izango du www.zernola.net atariak.
Gure bisitaren zain dago, beraz. Han topatuko ditugu artikuluak eta kontsultarako materiala, jokoak, lagunei bidaltzeko postalak, zuek bidalitako edukiak argitaratzeko lekua, III. Zernola Olinpiada, solasean aritzeko foroak eta abar. Sartu eta ikusi...
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia