Zuhaitz genealogiko handiena
2005/06/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Afrikan sortu zen lehen gizaki modernoa.
(Argazkia: Genographic)
IBMk eta National Genographic-ek bultzatzen dute Genographic proiektua. Bost urte iraungo du eta 40 milioi dolar erabiliko dituzte. Munduan zehar sakabanatutako hamar laborategitan jasoko dituzte laginak, eta nahi duen guztiak har dezake parte.
Fosilak aztertuta, zientzialariek jakin dute gaur egungo gizakia, Homo sapiens -a alegia, Afrikan sortu zela. Baina duela 60.000 urte Afrikatik atera zenetik zer bide egin duen jakiteko, fosilen azterketa ez da nahikoa. Horregatik dute hainbesteko interesa geneak aztertzeko, geneei esker espeziearen migrazio-mapa osatzea espero baitute.
Norberaren zuhaitza
Agian, proiektuaren alde erakargarriena da edonork har dezakeela parte. Gogoa eta ehun dolar izanez gero, lagina bidaltzeko behar den guztia eskura daiteke Genographicera eskatuta. Parte-hartzaile bakoitzari bere arbasoak zein izan ziren jakiten lagunduko diotela agintzen dute, eta, azterketaren emaitzak emateaz gain, datuak anonimoak izango direla bermatzen dute.
Hori baino lehen, noski, lagina eman behar zaie. Ehun dolarren trukean eskuratutako kitean, lagina biltzeko behar den materiala dago. Batetik, zotz bat dago, mutur batean kotoia duela. Horrekin, aho barneko masail-aldea igurtzi behar da. Hala, behar adina zelula biltzen dira. Gero, kitean dagoen hodi esterilean sartu behar da kontu handiz, eta, azkenik, Genographicen laborategi batera bidali behar da. Zalantzarik ez izateko, bideo batean azaltzen dute nola egin hori guztia.
Sei aste geroago, sarrera baimentzen duen kode bati esker, norberaren DNAren sekuentziazioa nola egiten den ikusteko aukera dago Genographicen Interneteko gunean. Horrekin batera, baliabide ugari eskaintzen dituzte pauso bakoitza nola egiten duten azaltzeko.
Emaitza prest dagoenean, ikertzaileetako batek ematen dio parte-hartzaileari. Ez hori bakarrik: ahaide zaharrenak nor diren esaten dio, eta ahaide horiek zer bide egin zuten azaltzen dion mapa ere ematen dio. Zenbat eta lagin gehiago jaso, orduan eta aukera gehiago dituzte datuak alderatzeko, eta denboran eta geografian gizakiak egin duen bidaia argitzeko.
Geneetan dago giltza
Dagoeneko hasi dira laginak biltzen eta jasotzen. Hori da lehenengo lana. Bigarren pausoa aho barruko zelulek gordetzen duten informazioa ateratzea da. Kontuan izan behar da zelula horiek ez direla besteetatik desberdinak. Horiek hartzen dira eskuratzeko errazak direlako. Bestela, beste edozein tokitakoak izan zitezkeen. Berdin odolekoak zein ilekoak.
Izan ere, zelula guztiek gordetzen dute ugaltzeko eta funtzioak betetzeko behar duten informazio guztia. Informazioa DNAn dago kodetuta, eta DNA kromosometan biltzen da. DNAren zati batzuek dute funtsezko informazioa, eta horiexek dira geneak, hain juxtu. Gene bakoitzak agintzen du zehatz-mehatz nola, noiz eta non ekoitzi behar den proteina bat. Bada, ilearen kolorea zehazten den genea ez dago ileko zeluletan bakarrik, bihotzeko edo hezurretako zelulek ere badute gene hori.
Guztira 30-40 mila gene ditugu, eta horietatik oso gutxik bereizten gaituzte gainerako espezieetatik. Zelularen nukleoan daude gene guztiak, baina hortik kanpo ere badago DNA apur bat. DNA hori mitokondrioetan dago, zelularen energia-sortzaileetan. Dena dela, DNA horrek ez du parte hartzen ugaltzean.
Kromosometan dauden geneak, berriz, ezinbestekoak dira ugalketan. Hain zuzen ere, herentziaren gordailu dira. Gizakiok 23 kromosoma-pare ditugu, eta horietako batek erabakitzen du sexua: emakumezkoek XX dute, eta gizonezkoek, XY. Pare guztietan, kromosometako bat amagandik jasoa da, eta bestea aitak emandakoa.
Nolanahi ere, gurasoen geneak ez dira bere horretan iristen ondorengoarengana. Aurretik, elkartu eta informazio apur bat trukatzen dute; beraz, konbinatuta jasotzen ditu hurrengo belaunaldiak. Baina gizonezkoen Y kromosoma ia ez da aldatzen, aitaren aldetik bakarrik jasotzen baita. Eta mitokondrioen DNA ere ez da aldatzen, amaren aldetik jasotzen da eta.
Trukeaz gain, badago aldaketak geratzeko beste modu bat: mutazioak, hain zuzen. Mutazioak zorizkoak dira, baina ikertzaileek badute kalkulatzea zer frekuentziarekin gertatzen diren. Horri esker, arbasoen DNAren bila atzera jotzean, bidean mugarriak jartzeko aukera dute.
Baten DNAtik abiatuta eta besteenarekin alderatuta, zenbat aldaketak aldentzen dituzten jakiten dute, eta baita horiek noiz gertatu ziren ere. Horrela, pixkanaka-pixkanaka, mapa osatzea espero dute. Egitasmo zabala bezain erakargarria. Bai behintzat IBM eta National Geographic horren atzean egoteak ez badizu errezelorik sortzen.
Erantzun nahi diren galderak
Nondik gatoz? Hori da galdera nagusia. Uste dutenez, gizaki modernoa Afrikan sortu zen eta handik barreiatu zen bazter guztietara. Argi dago lehendik zeuden beste homo -ak ordezkatzea lortu zuela, eta asko ikertu da paleolitoko migrazio handiei buruz. Oraindik, baina, galdera ugari daude erantzunik gabe. Horien erantzuna aurkitu nahi dute proiektu honen bidez:
- Europan, Goi-paleolitoan, izan zen nahasterik Neanderthalgo gizakiaren eta gizaki modernoaren artean?Zein da indoeuroparren jatorria eta zer hizkuntza hitz egiten ziren haiek hedatu aurretik?K.a. lehen milurtekoan zeltak hedatu zireneko arrasto genetikorik badago?Noiz kolonizatu zuen lehen aldiz Artikoa?Zein izan zen Kaukasoko lehen giza taldea eta zergatik dago han hainbesterainoko aberastasun linguistikoa?Alexandro Handiaren armadak utzi zuen arrasto genetikorik?Zer eragin izan zuen Zetaren Bideak lerro genetikoak hedatzean?Non sortu ziren hizkuntza afro-asiarrak?Ekialde Hurbileko inperioen arrasto genetikoak aurkitzerik badago?Nor ziren Afrika iparraldeko lehen biztanleak, eta berbereak ote dira haien ondorengoak?Zein da Afrikako lehen populazioa, eta, beraz, mundu osoko zaharrena?Zer eragin izan du kolonialismoak Afrikako eredu genetikoan?Bantuak non sortu ziren eta nondik nora hedatu ziren jakiterik badago azterketa genetikoari esker?Nor izan ziren Indiara iritsi ziren lehenak? Dravidiarrak edo beste talderen bat?Indiako kasta-sistemak zein eragin du genetikan?Txinako geografiak zer eragin izan du hango jendearen genetikan?Zein zen jatorrizko populazioa Indonesian?Asia hegoaldean izan zen Homo erectus eta Homo sapiens -en arteko nahasterik?Asiaren hego-ekialdearen eta Australiaren artean zenbateko nahaste genetikoa izan zen?Zenbateko antzekotasuna dago Australiako aborigenen kondaira tradizionalen eta zantzu genetikoen artean?Azterketa genetikoek argituko dute nola gertatu ziren Mikronesia eta Polinesiako migrazioak?Zenbat migrazio-olatu izan ziren Amerikan?Zer joan zen alde batetik bestera, kultura ala nekazariak?Hego Amerikatik Pazifikora migraziorik izan zen?Zer dela eta dago halako dibertsitatea Hego Amerikako hizkuntzetan? Populazioak batzuk besteetatik oso banatuta egon ziren?Desagertutako populazioen arrasto genetikoak badaude nahasitako populazioetan, adibidez, Karibeko populazioan edo arawak indiarretan?
Beste galdera batzuk ere badaude, esaterako: Homo erectus -en eta desagertutako beste hominidoen DNA-laginak lortzea posible izango ote da? Eta beste bat: guztiok arbaso bera badugu, nola sortu da giza fenotipoaren dibertsitatea?
Amaren aztarna, mitokondrioen DNAnGeneak zelularen nukleoan daude, baina nukleotik kanpo ere badago DNA pixka bat, mitokondrioetan, hain zuzen. Mitokondrioak zelularen barneko organulu garrantzitsuak dira, baina espermatozoideek ez dute mitokondriorik, beraz, mitokondrioek duten informazio genetikoa amaren aldekoa da erabat. Gainera, mitokondrioen DNAren zati batean mutazioak oso sarri geratzen dira, eta, horri esker, oso erraza da mutazioei jarraipena egitea. Bestetik, mitokondrien DNA laburra da; beraz, oso azkar aztertzeko aukera ematen du. |
Gizonezkoen arrastoari segikaY kromosomari begiratzen diote aitaren aldeko herentziari jarraipena egiteko. Emakumezkoek ez dute Y kromosomarik; hortaz, gizonezko batek kromosoma horretan duen informazio genetikoa aitarengandik jasotzen du beti. Aldaketaren bat balego, ausaz gertatutako mutazio baten ondorioz izango litzateke. |
Herri indigenen kezka
Ikertzaileek interes berezia dute populazio bakartuetan eta nahastu gabe iraun duten etnietan. Eta, hain justu, ikerketaren alderdi horrek sortu du errezelo gehien. Izan ere, herri indigenek ez dute inolako kontrolik izango laginen gainean, eta beldur dira ez ote dituzte erabiliko haien mesedetan. Adibidez, ez dute nahi farmazia-industriak informazio hori erabiltzea eta DNA-sekuentziak patentatzea.
Genographic bultzatzen dutenek, ordea, horrelakorik ez dela gertatuko bermatzen dute. Ez omen dute ezer patentatuko, ezta medikuntza-ikerketarik egingo ere. Are gehiago: haien kultura gordetzeko eta sustatzeko dirua eta laguntza bideratuko dutela agindu dute. Gainera, ez dira laginak biltzera mugatuko; laginekin batera, herri-kondairak ere jasoko dituzte. Ahozko tradizioan herrien sorrera eta jatorria azaltzen da, eta DNA aztertuta ateratako ondorioekin alderatu nahi dute kondairek esandakoa.
Zalantzarik gabe, polita izango da ikustea zenbateraino datozen bat geneetan gordetako arrastoak eta ahoz aho transmititutako hitzak. Ez dadila izan, ordea, talde horien ondare genetikoa eskuratzeko amarrua.
Deia-ren D2 atalean argitaratua.