}

Zuhaitzak ere kartara

1997/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hitzetik hortzera eta hutsik egin gabe, ia egunero agertzen da komunikabideetan injinerutza genetikoaren inguruko albisteren bat. Berebiziko zalaparta eragin du aspaldian izakion kode genetikoa aldaraztea helburu duen disziplinak eta ia seguru esan genezake kontua hastapenetan dagoela oraindik. Britainia Handiko Warwick Unibertsitatean, adibidez, zenbait landareren kode genetikoa aldatuz errendimendu altuagoko barietateak lortzeko saioak egiten dihardute, Europako beste zenbait aditurekin batera eratutako LATIN izeneko egitasmoaren barruan.

Eta jadanik, emaitzak lortzen hasiak dira. Arabidopsi izeneko berro-mota bat da proiektu horretan izarra. Izan ere, Europa osoko makina bat laborategitan landare horren ezaugarri genetikoak aztertzen ari dira errazago, azkarrago eta era egokiagoz ugalduko diren landareak lortzearren. Zehatzago esanda, arabidopsiaren sustraiak eta adarrak ugalarazten dituen mekanismoak kontrolatzea da ikerketaren helburua.

Arabidopsiak, izan ere, nahikoa egitura sinplea du, baina era berean, gaur egun erabilpen industrial handia duten beste zenbait espezierekin antza handia du, eukalituarekin, adibidez. Landare hauen manipulazio genetikoak arrakasta lortuz gero, paper-industrian, adibidez, berealdiko iraultza etor liteke luze gabe.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia