Zuhaitzak ez dira neurrigabe hazten
2006/05/21 Lasa Oiarbide, Aitzol - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Argi dago inguruak garrantzia duela zuhaitzen hazkuntzan. Izan ere, zuhaitza ez da berdin hazten inguru lehor edo hezeetan. Ez du altuera bera hartuko sustraiak botatzeko lur egokia badauka edo malkar harritsu batean hazi bada. Argiak ere eragina du, fotosintesia egiteko zuhaitzak erabiltzen duen energia-iturria delako. Baina, orduan, inguru egokienean bizi den zuhaitza zergatik ez da neurrigabe luzatzen? Galdera horri erantzun nahian dabiltza hainbat ikertzaile-talde.
Ikertzaileek gai horren inguruan interesa erakutsi badute, ez da izan jakin-min zientifiko hutsagatik. Zuhaitz landaketa bati etekin maximoa nola atera jakin nahi dute basozainek. Ekologistek, berriz, zuhaitzen eta basoen hazkuntzak klima-aldaketan zer eragin izan dezakeen ikertu nahi dute.
Zergatien bila
Zuhaitzak une batetik aurrera hazteari zergatik uzten dion argitzeko formulatutako hipotesiak zioen adin-kontua besterik ez zela. Besterik gabe, adin batetik aurrera, zuhaitza makaldu egiten da eta hazteari uzten dio. Baina aurrerago konturatu ziren teoria horrek ez zuela ez hanka eta ez buru. Izan ere, luzeran hazteari utzi dioten zuhaitzek aktibitate handia dute, adibidez, fruituak sortzeko garaian.
Orain, hipotesi berri baten gainean ari dira lanean, zeinaren arabera zuhaitzak, altuera batetik aurrera, ura enborrean gora garraiatzeko dituen arazoak baitira hazkuntza etetearen arrazoia. Argudio horren aldeko lehenengo zantzuak Michael Ryan ekologista estatubatuarrak aurkitu zituen, 1990eko hamarkadan. Zuhaitzen hostoek dituzten estoma izeneko poro batzuk aztertu zituen Ryanek. Poro horiek, alde batetik, ura lurruntzea ahalbidetzen dute, eta, beste aldetik, karbono dioxidoa xurgatzen dute atmosferatik.
Estomak itxita
Ryanek ikusi zuen zuhaitzaren adaburuko hostoek estomak itxita zeuzkatela. Adaburuko ur-eskasiari aurre egiteko, hostoak itxi egiten ditu poroak, lurruntzea eragozteko, baina, ondorioz, ez du jasotzen nahikoa karbono dioxido fotosintesirako. Fotosintesirik gabe, energiarik ez, eta, energiarik gabe, zuhaitza ezin da hazi.
Bestetik, ura zuhaitzean gora doan heinean, ura garraiatzen duten zelulek geroz eta erresistentzia handiagoari egin behar diote aurre. Adaburutik gertu, zelulen arteko balbulak asko ixten dira erresistentzia horri aurre egiteko, eta zeluletara ur gutxi iristen da. Zelulak, ugaltzeko, ezinbestekoa du urak eragiten dion barne presioa; beraz, presio hidrostatikorik gabe eta fotosintesiak sortutako energiarik gabe, zelulak ez dira ugaltzen, eta zuhaitza ez da hazten.
Aurkikuntza horrek zenbait zuhaitz-espezieren hazkuntza ulertzeko balio du. Esate baterako, hosto galkorreko zuhaitzen aldean, ura garraiatzen duten zelula handiagoak dituzte koniferek; horregatik, haiek baino garaiera handiagoa hartzen dute. Baina aurkikuntzak ez du balio beste espezie batzuen hazkuntza azaltzeko. Adibidez, urez gainezka dauden inguruetan, 25 metro luze diren eukalipto zaharrak altuera bereko eukalipto gazteagoak baino motelago hazten dira, eta fotosintesi-aktibitate urriagoa dute. Oraindik badago, beraz, zer ikertu.
7K-n argitaratua.