}

Zurezko arrantzuntziak hiltzear

1989/03/01 Aizpurua Sarasola, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ez dugu uste izenburu honek inor harrituko duenik. Euskal Herriko arrantzaren egoera larria baino larriagoa bada ere, “Euskal Herria” izeneko arrantzuntzi batek haize berriak ekarri nahi dizkio arrantzaren alorrari. Arrantzuntzi honetan zura material berri batez ordezkatu da etorkizun itxaropentsua iragarri nahian.

Hondarribiko sarreran dagoen Olaziregi untziolara jo genuen berrikuntza honi buruz gehiago jakin ahal izateko. Erramun eta Inazio dira famili untziola honen jabeak eta badirudi untziola honek “familiarra” izaten segituko duela; Olaziregi familiako gazteenek ere bertan lan egiten bait dute. Untziolaren barnean eskailera batzuk igoz dagoen bulegoan, Erramun aurrez aurre genuelarik, ondoko elkarrizketa hau izan genuen.

Elh.: Hitz egingo al diguzu material berriari buruz?

"Euskal Herria" arrantzuntzia.

Olaz.: Materiala poliesterra da. Hobeto esanda, beira-zuntzez indartutako poliesterra. Poliester-geruza bakoitzagatik beira-zuntzezko geruza bat ipini behar da. Geruza bikoitz hauen kopurua untziaren luzerak mugatuko du, baina normalean untziaren luzera-metro bakoitzeko geruza bikoitz bat ipintzen da. 24 m-ko untzi batek adibidez, 24 geruza bikoitz dauzka. Badirudi geruza-kopuru honek lodiera handia hartu behar duela, baina 30 mm lodi besterik ez da. Gainera, geruza honen barnean zenbait nerbio sartzen da multzoa indartzeko.

Elh.: Jadanik, urte batzuetako esperientzia baduzue poliesterrezko untzi txikietan. Baina, orain emandako urratsa ez da txantxetakoa. Zer eragin izan du zuentzat emandako urrats honek?

Olaz.: Gazte-gaztetatik aitarekin lan egiten hasi ginenean, zura izan zen urte askotan erabilitako laneko materiala. Orain dela hamabi bat urte, poliesterrezko untzi txikiak egiten hasi ginen. Bide honetatik abiatzeko arrazoiak, poliesterrak dauzkan propietate eta abantailetan daude. Fabrikazioan, egia esan, ez dugu aldaketa handirik egin. Zurak, eskulanetik aparte, makineria asko behar izaten du berarekin lan egin ahal izateko. Poliesterrak, ez du ia makineriarik behar, baina eskulan dexente behar du: ia lan gehiena eskuzkoa dela esan daiteke.

Elh.: Burdinazko piezak (hots, motorea, helizea, etab.) untziari finkatzeko, besteak beste, soldadura eta errematxeak erabili izan dira. Poliesterrezko untzi honetan nola egin dituzue elkarketa horiek?

Olaz.: Poliesterrean ezin da soldadura bezala ezagutzen duguna egin. Burdina poliesterrarekin lotu behar denean, poliesterrean sartzen da eta poliester-geruza batzuekin eutsi. Eta hori nahikoa ez bada torlojoak ere erabil daitezke. Beraz, oso teknika erraza eta sekreturik gabekoa da hau.

Elh.: Poliesterrez egindako untzi honen oreka-arazoak nola gainditu dituzue?

Olaz.: Ez. Ez dugu arazo berezirik eduki. Esperientziak erakutsi bait digu poliesterrezko untziek zein forma eduki behar duten. Pikatuagoak direla esan daiteke.

Elh.: Beraz, badirudi teknologia berri honek zailtasun berezirik ez dizuela planteatu.

Erramun Olaziregi.

Olaz.: Ez. Ez da hain zaila izan. Benetako zailtasuna moldeak egitean datza, baina zurezkoetan ere hauxe da zailtasunik handiena. Behin moldeak eginez gero, materiala brotxaz ezartzeko lana oso mekanikoa da. Lehen esana dut untzi hauek forma berezia dutela. Hori ere, esperientziak erakutsi digu. Poliesterrezko lehen untzia egin genuenean, zurezkoen forma berdinekoa egin genuen, baina uretara bota ondoren, oso gaizki joaten zela ikusi genuen. Han eta hemen galdetuz, forma egokia aurkitu genuen eta urteak joan ahala nahikoa esperientzia geureganatu dugu alor honetan. Hala ere, berriro diot, moldeek ematen dizkigute buruhauste handienak.

Elh.: Arrantzuntzi honen egitura dela eta, zaila omen da urperatzea... Baina, zurezkoak baino suharkortasun handiagoa omen du.

Olaz.: Horrela gertatuko balitz (hau da, arkaitz-muturren bat jo eta zulatzea), oso zaila ikusten dut untzia urperatzea. Untziak dituen gela eta ganbarak guztiz estankoak dira eta zuloren batetik ura sartuko balitz, ez litzateke beste geletara pasatuko. Are eta gehiago, arrantzaleek materiala edukiz gero, zulo hori beraiek konpon dezakete.

Su-kontutan, egia da poliesterrak zurak baino arrisku handiagoa duela, baina ez hainbeste. Poliesterrak su hartzeko bere baitan sortu behar da sua, hau da, poliesterrezko zerbait muntatzerakoan poliesterra bustia dagoela su ematen bazaio, orduan bai, dena kixkalita geratuko da. Baina baldintza hauek oso bereziak dira eta ez dira ia sekulan betetzen.

Elh.: Arrantzuntzi honek helizeak alboan dituela ikusi dut...

Olaz.: Bai eta ez. Propultsiorako helizea beste arrantzuntzien antzera atzean dauka ohizkoa bezala, baina egia da alboan bi helize dituela: bat aurrean eta beste bat atzean. Bi helize hauen zeregina maniobratako lanak erraztea da: bai kaian bertan eta baita arrantza-maniobratan ere. Kontutan hartu sarea zabalduta dagoenean arrantzuntziari indar izugarria eragiten zaiola eta alboko helize hauen bidez arrantzuntzia saretik aparte mantentzea lortzen dela. Egitura hau ezinezkoa litzateke zurezko untzitan.

Elh.: Kolpeen aurka erresistentziarik ba al du poliesterrak?

Olaz.: Alor honetan fama txarra dauka poliesterrak kalean. Arina dela, ahula dela, itsasoko haizeek erraz eraman dezaketeela etab., entzuten dira. Eta egia da, noski, behar adina material sartzen ez denean. Demagun zurezko untzi batek 50 tona pisatzen dituela. Poliesterrezkoak ez luke gutxiago pisatuko, ezta gutxiagorik ere, eta azken finean 50 tona zur, 50 tona poliester edo beste substantzia bateko 50 tona, 50 tona dira eta hori ez dago mugitzerik. Beraz, nahikoa materiala sartuta “fama txar” horrek ez dauka inolako arrazoirik.

Kolpeen kontrako erresistentzia zer-nolakoa den ikusteko, hemen untziolan egindako froga bat kontatuko dizut. Zentimetro bateko poliester-ohol bat eta hiru zentimetroko zur-ohol bat karga berdinaz jo ziren. Zura txikituta geratu zen bitartean, poliesterra artazitu edo pitzatu besterik ez zen egin.

Elh.: Zeintzuk dira untziaren neurriak eta zein diferentzia dago zurezkoekin konparatuta, kapazitate-alorrean?

Zurezko untziak ez dira bukatu oraindik.

Olaz.: Arrantzuntzia 24,30 luze, 6,40 m zabal eta 3,35 m sakon da eta bolumena 208 m 3 -koa. Kapazitate aldetik, 27-28 m luzerako zurezko arrantzuntzi batena da. Kontutan hartu poliesterreko geruzak zurezkoak baino askoz ere meheagoak direla eta gasoilezko depositoa, makina-gela etab. pasatu ondoren neberetara iristen garenean, alde bakoitzetik 40 cm irabazten dela. Beraz, arrantzuntzi txikiagoa da, baina kapazitate handiagoa du.

Elh.: Untziaren zati desberdinak nola fabrikatu dituzue?

Olaz.: Lehenbizi moldeak prestatu behar izaten dira eta horixe da, hain zuzen ere, gehien kostatzen den lana. Hemendik aurrera untzi guztia bat da, hau da, ez dago zati independenterik. Beraz behetik goraino untzia pieza trinko bat balitz bezala kontsideratu behar da.

Elh.: Oso garestia al da poliesterrezko arrantzuntzi hau?

Olaz.: Kostu-atalean bi alderdi desberdindu beharko lirateke. Alde batetik untzia egiteak duen kostua eta bestetik mantenimendu-kostua.

Poliesterrezko arrantzuntzia egitea %10 edo %12 gehiago kostatzen da zurezkoa egitea baino eta %6 edo %8 merkeago burdinazkoa egitea baino. Poliesterra dexentez garestiagoa da zura baino. Guri 1000 pta. kiloko kostatzen zaigu gutxi gorabehera. Hor zehar ibili gara prezio hobeagoak aurkitu nahian, baina une honetan zaila da.

Mantenimenduan, aldiz, poliesterrezko eta zurezko untzi baten artean ez dago konparazioa egiterik; askoz ere merkeagoa bait da poliesterrezko untziarena.

Zurezko untzia gutxienez urtean behin pintatu behar da eta poliesterrezkoa hamar urtean behin. Bestalde, kaskoan egin behar izaten diren konponketak erraz baino errazago egiten dira.

Iraupena ere, poliesterrezkoena zurezkoena baino handiagoa da. Ingalaterran 37 urteko patruiluntzi bat dagoela orain etorri zait burura.

Beraz erreferentzia hau hartzen badugu, 40 urte inguruko arrantzuntzi batek bere burua nahikoa amortizatua duela esan daiteke, ezta?

Elh.: Euskal Herrian merkaturik ikusten al duzu?

Olaz.: Nik ez dakit teknologia berri honetaz Euskal Herriko arrantzaleak konbentziturik dauden ala ez. Izan ere, urtetako tradizioa hutsi behar izatea kosta egiten da eta hori normala da. Jakin badakit Hondarribiako arrantzaleak teknologia honen posibilitateaz konbentzituta daudela, beraiekin harreman zuzena dugulako behar bada. Hala ere, etorkizuna arrantzarenarekin lotuta dago. Beraz, merkatua dagoen ala ez geroak erakutsiko digu.

Elh.: Mila esker.

Teknologia berriari lagundu behar

Untziola gaur egun dagoen bezala, untzi txikiak eta txalupak egiteko pentsatuta dago. Zurezko untzitik poliesterrezkora pasatzeak ez dituzte lekuz aldatzera behartu, baina untzi txikiak egitetik untzi handiak egiteko emandako urrats honek leku aproposagoa eskatzen du. Horretaz jabetu dira olaziregitarrak. Bestela “Euskal Herria” arrantzuntzia untziolatik ateratzeko pasatu behar izan dituzten gorabeherak entzutea besterik ez dago.

Erramunek esan zigunez, lur batzuk ba omen dauzkate untziola egokiagoa egiteko. Jakin badakite Administrazio Publikoak teknologia berriak ezartzeko laguntzak luzatzen dituela. Baina, arrantza otso beltza omen da diru-laguntzen alorrean eta beraz, diru-laguntzarako ohiturarik ez dago. Ate asko jo eta joko omen dute diru-eske, espainiar estatuan poliesterrezko untziak egiten dituzten hiru untziola besterik ez omen dago eta.

Guk lerro hauek aprobetxatuz, lagunarteko aholku bat luzatu nahi diegu olaziregitarrei. Gaur egun industriek edo ikerketa-zentruek diru-laguntzak eskatu ahal izateko itxura edo irudia asko zaintzen dute, hots, titulatuen zerrendak, txostenak, proiektuak etab. egiten dituzte. Nahiz eta untzioletako lana askotan artisau-lana izan, kanpora erakutsitako itxura gehixeago zainduz agian zenbait bide arrotz erraztu egingo litzateke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia