Zurezko landareak, metano-ekoizleak
2008/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Orain dela bi urte deskubritu zuten landareek metanoa ekoizten zutela. Zientzialariak harrituta gelditu ziren aurkikuntza harekin, metano-ekoizpena oxigenorik gabeko inguruneetara lotzen delako, eta aurkikuntzak adierazten duelako landareek ingurune aerobikoetan sortzen dutela. Dena den, egin zituzten neurketa horiek egiaztatzeko zailak ziren, eta gai horrekin lanean ari ziren zientzialariek beste bide batzuk bilatu zituzten ikertzeko.
Orain, talde txinatar-estatubatuar batek orduko aurkikuntza berretsi egin du, baina zehaztu du zurezko landareek baino ez dutela ekoizten metanoa. Hori frogatzeko, esperimentu oso zehatz bat egin zuten: hainbat espezietako 44 landare aukeratu zituzten zoriz, landare haien hostoak eta zurtoinak gasarekiko iragazgaitzak diren botiletan sartu zituzten, botilak metanorik gabeko gasez bete zituzten eta gela ilun batean utzi zituzten, giro-tenperaturan. Handik 10-20 ordura botiletako metano-kontzentrazioa neurtu, eta ikusi zuten zurezkoak ziren bederatzi landareetatik zazpik metanoa ekoitzi zutela. Landare belarkarek, aldiz, ez zuten ekoitzi.
Hala ere, ez orduan eta ez orain, ez dakite zer mekanismo erabiltzen duten landareek metanoa ekoizteko, ez eta noiz, non eta zergatik ekoizten duten ere. Ikerketa asko egin beharko dituzte oraindik prozesu horren nondik norakoak eta ingurumenean duen eragina argitzeko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia