}

Zurrusta-korronte berri bat hauteman dute Jupiterren goiko atmosferan

2023/10/19 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

zurrusta-korronte-berri-bat-hauteman-dute-jupiterr
Jupiterren irudia, JWSTek lortua eta iazko abuztuan argitaratua. Kredituak: NASA/ESA/CSA eta Jupiter Early Release Science team. Prozesatua: Judy Schmidt (Planetary Society) eta Ricardo Hueso Arg. EHU

Jupiterreko atmosferaren ezaugarri nagusietako bat dira jet edo zurrusta-korronteak. Orain, Nature Astronomy aldizkarian, orain arte ikusi ez zuten zurrusta-korronte baten aurkikuntza argitaratu da. EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko ikertzaileek zuzendu dute ikerketa, eta 2022ko uztailaren 27an James Webb espazio-teleskopioak (JWST) egindako behaketan oinarritu dira.

JWSTren tresnei esker, Jupiterren sistema meteorologikoen hiru dimentsioko ikuspegia lortu zuten: goiko hodeiak distiratsu ageri dira irudi horietan, eta behekoak, berriz, ilunago. Horrez gain, atmosferaren mugimendua ere jaso zuen teleskopoak. Laino horiek hain dira argiak, Lurretik edo misio espazialetatik lortutako behaketetan ezin da xehetasunik ikusi. JWSTko irudi zehatzek, berriz, erakutsi dute goiko hodeietan haizea 500 km/h-ko abiadurara iristen dela, eta, behekoetan, horren erdira (250 km/h). 

Artikuluan, Jupiterreko jet berri hori Saturnoren ekuatoreko zurrusta-korrontearen egiturarekin alderatu dute. Izan ere, 2009an, Zientzia Planetarioen Taldeak  orain Jupiterren aurkitu duen zurrusta-korrontearen oso antzeko egitura aurkitu zuen Saturnon, NASAren Cassini ontziak egindako behaketei esker. Alderaketa lagungarria izan da bi erraldoi gaseosoen atmosferen dinamika hobeto ezagutzeko, eta ikertzaileek espero dute JWSTren etorkizuneko behaketek are xehetasun gehiago emango dituztela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia