Zuzenbide eta informatika. Zuzenbidea ordenadore bidez ikasteko aukera
1992/02/01 Alkorta Idiazkez, Itziar - Bioetikan aditua eta aritua. Zuzenbide Zibileko irakasleaEHU | Goñi, Santi | Karrera, Mikel | Lizaso, Pili - Informatika SailaElhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Abakotik mikrotxipetara
Aritmetikaren printzipio nagusiak irakasteko antzinatean erabilitako abakotik egungo ordenadore elektrikora denbora luze igaro da. Automatizaziorako bidean, lehenengo ordenadore elektronikoa Howard Aiken irakasleak sortu zuen, 1944. urtean, Estatu Batuetan. Errele bidez funtzionatzen zuen makina hark, zulatutako txarteletan grabatutako agindu eta instruzioez gain, memorian gordetako datuekin ere egiten zuen lan.
Harez gero, makinok, gero eta tamaina txikiagoa izan dezaten ahalegin handiak egin dira, aldi berean haien datu-prozesamendurako ahalmena eta abiadura handiagotuz joan direlarik. Software konplikatu bati esker gaur egun, edozein izan daiteke ordenadore-erabiltzaile, nahiz eta ordenadoreari buruzko ezagutza-apur bat besterik izan ez.
Bestalde, informatika edo informazioaren tratamendu automatikorako zientzia delakoaren hedadura da bizi dugun aldaketa sozial bizkorraren arrazoi eragileetako bat. Mundu juridikoari dagokionez, zientzia berri horrek Zuzenbide zehatzago eta argiagora heltzeko bitartekoak eskaintzen dizkigu, bai erabilera-mailan eta bai aplikazioan bertan.
Areago, teknologia berriaren eraginez, juristen pentsatzeko modua bera ere aldatze-bidean dago. Hori dela eta, Zuzenbideko profesionalari metodo berriotara egokitzea beste irtenbiderik ez zaio geratzen, auzi zaharrei ikuspegi desberdinez ekiteko eta iharduera juridikoa garapen teknologikora egokitzeko besterik ez bada ere.
Informatika juridikoa zertan den
Informatikaren eta Zuzenbidearen arteko erlazioa bi eremutan gauzatzen da. Batetik, Zuzenbidearen egunean egungo iharduerak informatikaren laguntza jaso dezake, horri Informatika Juridikoa esaten zaiolarik. Bestetik, Informatikak gizartean duen eragina gobernatzea Zuzenbidearen ataza da; Zuzenbide informatikoarena, alegia.
Artikulu honen xedea lehenengo eremuaren aplikazio zehatz baten berri ematea denez gero, ardura gaitezen orain zientzia horri sarrera nahiz ikuspegi orokor bat emateaz. Lehenago iradoki nahi izan dugunez, Informatika Juridikoak Zuzenbidearen iharduera profesionalari laguntza handia eskaintzen dio. Hiru aplikazio berezitu ditu egun zientzia horrek: iharduera juridikoaren kudeaketarako laguntza (abokatuen bulegoetan erabiltzeko testu-prozesadoreak eta kudeaketa-programak, esaterako); dokumentazio juridikoa euskarri magnetikoan gorde eta berreskuratzeko aukera (legeria, jurisprudentzia zein doktrina kontsultatzeko datu-baseak); ordenadore bidez auziak ebazteko nahiz ebazten laguntzeko aukera (Sistema Adituak izenez ezagutzen direnak).
Zuzenbideari buruzko aplikazio informatikoa
Donostiako Zuzenbide-Fakultateko Zuzenbide Zibileko irakasleek, Elhuyarko informatikari-taldearekin elkarlanean osatu berri duten aplikazioak lehentxeago aipatutako funtzioetako bigarrena betetzen du bariante arras interesgarri batez; talde honek pentsatu eta gauzatutako sistema automatizatuak Zuzenbide zibilaren alor jakin bat lantzeko lege eta doktrina biltzeaz gain, eremu horri buruzko ariketa praktikoak egiteko aukera ere ematen bait ditu.
Proiektua hasi zeneko xedea, Zuzenbide zibila ikasteko lagungarri gerta daitekeen metodo bat lantzea zen. Azken finean, metodo tradizionalekiko alternatiba bat eskaintzea, zeinaren bitartez aplikazioaren erabiltzaileak:
Interesatzen zaion gai zehatzari buruzko datuak azkar lokalizatu ahal izango bait ditu. Aplikazioak menu batzuk dauzka, gaiaren epigrafe nagusiak biltzen dituztenak, eta horri esker erabiltzaileak berehala jakiten du zer non aurkituko duen. Horrek badu testu-liburuetako aurkibideek ez duten abantaila bat, eta hau da: ordenadoreari erreferentzi giltza jakinen bat emanez (hitz bat, zenbaki bat, beste edozein zeinu) erabiltzaileari eskatutakoak berehala pantailaratzea. Hala nahi izanez gero, eskatutako informazioa inprimagailu bidez ere eskura daiteke.
Ariketei dagokienez (kontutan hartu erabiltzaileak zuzenean jo dezakeela programaren zati horretara hala nahi badu eta behin ariketetan sartu eta gero, atzera zati dogmatikora itzul daitekeela) erabiltzaileari aurreko atalean bezala menu bat ematen zaio, non ariketak aurkitzen dituen zati teorikoaren atal bakoitzari dagozkion. Horiek ebazteko unean programak irakaslearen funtzioa betetzen du, lehenik erabiltzaileari eman duen erantzuna zuzena den ala ez esanez; asmatzen ez duenean, berriro erantzuteko aukera eman aurretik laguntza eskainiz; eta azken saioaren ondoren zuzen erantzutea lortzen ez badu erantzuna zein den adieraziz.
Bestalde, honakoa esan behar da: ariketak planteatzean informatikan hain erabilia den aleatoriotasun kontzeptuarekin jokatu dela. Horrek, enuntziatu batean oinarrituz, ariketa-multzo bat sortzeko aukera ematen du. Esate baterako, test moduko galderetan eskainiko diren erantzun posibleen artean, beti izango da bat zuzena (gerta daiteke hau ere saio batetik bestera desberdina izatea) baina, gainerako aukerak ez dira beti berdinak izango. Sistema horrek gogoeta sakonagoa eskatzen du, eta ariketa berberak behin baino gehiagotan egiten baldin badira ere, automatikoki erantzuteko ohitura baztertu egiten da.
Gaiaren atal bat aukeratzen denean, ariketen ordena finkoa da; lehen pauso bezala, ariketak gaiak berak eskatzen duen ordena logikoan ebaztea jo bait da egokientzat. Hala eta guztiz ere, aplikazioa errepaso gisa erabili nahi baldin bada, ariketak nahasian eskatzeko aukera ere ematen da.
Zuzenbide-irakasle eta informatikarien arteko hurbilpen horren lehen saioak emandako fruituek, jarraipena eskatzen dute. Izan ere, egungo gizartean gehien baloratzen den ihardueretako bat informaziorako eta informazioaren prozesamendurako gaitasuna izanik, juristek ezin diote erronka berri horri itzuri. Are gutxiago lanaren emaitzak hain jori eta erabilkor gertatu diren honetan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia