Agiri zahar, paper berri
2013/05/20 Elhuyar Iturria: Teknopolis
Gipuzkoako artxibategi orokorreko ateak mende pasa daramate zabalik, lurraldeko dokumentu garrantzitsuenei aterpea emateko.
Hemengo apaletan XV. eta XX. mendeen arteko 3 kilometro eta erdi liburu, paper eta bestelako dokumentuak aurki daitezke.
Gehien bat, Gipuzkoako Aldundiaren, Batzarren eta Korrejimentuaren dokumentuak dira artxibategiko fondoak osatzen dituzten pieza nagusiak.
Horietako asko ez dira egoera onean egoten. Denborak, alde batetik, izandako gorabeherek bestetik, eta paperen etsaiek azkenik, kalte handiak eragin dizkiete Gipuzkoako historia jasotzen duten paperezko euskarri horiei.
ESTHER ESCALANTE; gipuzkoako artxibategi orokorra: Zoritxarrez, duela urte asko kalteak jasan zituzten hemengo dokumentuek. Eragileen arabera, mota ezberdinetako kalteak izaten dira: intsektuak, mikroorganismoak, arratoiak eta erreakzio kimikoak izaten dira eragileak besteak beste. Baina kasu gehienetan, tenperatura eta hezetasun desegokiak sortzen dituzte arazoak, intsektuak eta mikroorganismoak sortzen eta ugaltzen baitira, tenperatura eta hezetasuna altuak direnean. Papera jaten dute intsektuek eta horren ondorioz dokumentuei zati handiak falta izaten zaizkie.
Egoera larrian dauden dokumentuak berreskuratzea, artxibategian dagoen laborategiko lana da.
Gaixo bati bezala, ailegatzen den dokumentuari fitxa bat irekitzen zaio. Dituen arazoak zehaztu eta dokumentuaren jatorrizko ezaugarriak aztertu ondoren, akatsak zuzentzeari ekiten zaio.
Josiak dauden orriak askatu egiten dira eta banan-banan, garbitu.
ELI BEREZIARTUA; gipuzkoako artxibategi orokorra: Uretan sartu behar ez diren partikulak, onddoak utzi dituen partikula horiek, horiek denak kendu, hautsak utzi dituen partikulak, horiek denak kendu alde batetik, goma borrarekin, brotxarekin, haizearekin eta hori dena…
Hortik aurrera garbitu behar dugu papera barrutik. Eta papera barrutik garbitzeko uretan sartu behar dugu, …, behar dira ur gogorrak, papera ez dugu sartu behar 15 gradutik behera, tenperatu aldetik urak behar ditu 15 gradu, normalean, mina ez egiteko.
10 minutu pasa eta gero ikusi dugu bere PHa ez dela ona, nola ez den ona, sartu behar diogu desazifikazioa, erreserba alkalinoa.
Pergaminoen kasuan, ezin dira uretan sartu, beraz, garbiketa mekanikoa besterik ez zaie egiten, eta behar duten hezetasuna har dezaten, ganbera berezi batean sartzen dira, prozesua jarraitu ahal izateko.
Dokumentuak dituen hutsuneak betetzeko material naturalak erabiltzen dira, kotoia edo lihoa besteak beste, orijinalaren ahal den antzekoenak, baina beti bien arteko ezberdintasuna mantentzen da, dokumentuak bere nortasuna gal ez dezan.
ELI BEREZIARTUA; gipuzkoako artxibategi orokorra: Makina honek berrintegrazioa egiten du, falta zaizkio zatiak jarri. …Ura ateratzen da, ur horren barruan jarriko dizkiogu zuntzak birrinduta eta papera egiten duten zuntz horiek bere lekuan jartzea nahi dugunez, uraren aspirazioa egingo da eta kenduko zaio ura eta geldituko dira zuloak paperez beteta.
Gero emango diogu apresto bat, almidoizko kolarekin, zehazki artoarena da, baina izan daiteke arrozezkoa… Apresto hori emanda gero jarriko dugu sekante paper honekin, pixkanaka, pixkanaka, normalean bi edo hiru egunetan, kentzen zaio daukan ura.
Lehortuta gero errepasoa egiten dugu. Ikusteko nola gelditu den, ados gauden kolorearekin, aprestoarekin,… Ikusten dugunean dena ondo dagoela, lehenago josita bazegoen josi egingo dugu, eta nola? Lehenago josita zegoen bezala. Zer hariarekin? Lehenago erabili zuten hariarekin, berdin-berdinarekin. Horrek esan nahi du bere nortasuna agertzen dela berriro eta daukagula lehenago genuen informazio guztia baina sendatuta. (Azken parrafo hau off bihurtzea?)
Zaharberritzearen helburua erabilgarritasuna itzultzea da eta ez dokumentu berri bat egitea.
Berreskuratze lana amaituta gero, pieza orijinala baldintza egokitan gordetzen da, hondatze prozesua errepika ez dadin.
ESTHER ESCALANTE; gipuzkoako artxibategi orokorra: Tenperatura 18-20 gradutan eta hezetasuna %ko 55-65 izaten ditugu. Aire egokitutako sistema bitartez hala ziurtatzen badugu, intsektuen eta mikroorganismoen erasoak saihestuko ditugu.
Paper zaharrak PH neutroa duten karpeta azaletan eta kutxetan gordetzen dira berriro honda ez daitezen.
Behar dutenek dokumentuak erabili ahal izateko, digitalizatu egiten dira.
Zainketa berezi horiei esker, agiri eta liburu zaharren edukiak biziraupena ziurtatua daukate.