Bertako inbaditzailea
2014/06/14 Elhuyar Iturria: Teknopolis
Larreen erabilera aldatu egin da eta horrek ezusteko ondorioak ekarri ditu Aezkoan. Bertakoa den espezie bat, albitz-belar edo alka-belarra, inbaditzaile bihurtu da.
Abiapuntua Orbaitzetako ola zaharra da, helmuga, Aezkoako eta Garaziko bailarek erabiltzen dituzten herri-larreak. Harpea inguruko zelai berdeek itxura naturala dute, baina inbasio bat ari da gertatzen. Brachypodium pinnatum izeneko belarra ezagunagoa da agian albitz-belar edo alka-belar izenarekin. Ez da arrotza. Normalean, larre osasuntsu batean, beste 30 edo 40 espezierekin batera hazten da, orekan, baina hemen bakar-bakarrik dago. Espezie hau inbaditzailea bihurtu da
ROSA MARIA CANALS; ikertzailea, NUP: Hau alka-belarraren tepe bat da, hala deitzen zaio lagin garbi bati.
IÑAKI LETURIA; Elhuyar: Nola deitu behar digu alkari? Bertako inbaditzailea? Egiten duena da behintzat, inguruko espezieak kanporatzea.
ROSA MARIA CANALS; ikertzailea, NUP: Arazoak eman litzake inbaditzaile hitza erabiltzeak. Inbasioa kanpotik, inguru desberdinetik datozen espeziekin lotu izan da, baina orain ikusten ari dena da, eta ikerketa eta argitalpen geroz eta gehiago dago horri buruz gainera, badirela bertako espezieak, ohituretan edo kliman eman den aldaketa baten ondorioz, berea duten ingurunean inbaditzaile bihurtzen direnak.
Rosa María Canals irakaslearen taldeak egoera bitxi honekin egin zuen topo Aezkoako bailarako larreen antolaketa-plana egiten ari zenean. Lau urte eman dituzte alka-belarra inbaditzaile bihurtu duen aldaketaren bila eta bidean, alkarenaz gain beste arazo bat aurkitu dute: sasia, otea eta sastraka ugaritzearen ondorioz datorren larreen endekatzea. Bien artean erlazio zuzena dago eta lotzen dituen elementua sua da.
Inguru hau duela 3 hilabete erre zuten beste era bateko inbasioari aurre egiteko. Oteak laster jaten ditu gutxi erabiltzen diren larreak eta Pirinioen zati honetan beti egin izan den bezala, sua da baliabiderik errazena.
ROSA MARIA CANALS; ikertzailea, NUP: Ohitura bat da, beti egin izan dena, eta egiten jarraitzen dutena, baina kontua da larreen erabilerak aldatu egin direla.
IÑAKI LETURIA; Elhuyar: Eta funtzionatzen du?
PATXI ZABALZA; ganaduzalea: Tira, lagundu egin behar zaio pixka bat, ganadua sartuz eta bertan bazka dezaten bortxatuz, bestela, berehala zikintzen da berriro.
Patxi Zabalza ganaduzalea da eta larreak nola galdu diren ikusi du. Baina ez da Aezkoako arazoa bakarrik, Europa osoan ari da gertatzen. Ganadu gutxiago, abeltzaintza intentsiboa, animalia belarjaleen dibertsifikazio geroz eta urriagoa, artzainak desagertzea … faktore hauen guztien ondorioa da larre batzuk gain ustiatuta egotea, eta beste batzuk berriz utzita eta oteak janda.
PATXI ZABALZA; ganaduzalea: Lehen hemen ardiak ibiltzen ziren larrean, artzain gehiago zegoen eta hona etortzen ziren, eta noski, otea gutxiago zegoen. Ganadua desberdina da orain, beste leku batzuetan bazkatzen dute eta hau zikindu egiten da. Bi urtetan sartu ere ezin da egin.
Oteari aurre egiteko modurik erraz eta merkeena da sua. Erre eta gero ganadua ibili da hemen. Behiek erretako otea zapaldu dute, berriz ere haztea eragotziz, eta bertan eutsiz, presio neurri gisa, ganaduak otearen udaberriko kimu bigunak ere jango ditu. Baina ganaduzaleek ez dute ganadua gosez izan nahi eta gutxik egiten dute hau. Hala, otea berriz ere zabalduko da eta zelaia erre egin beharko da atzera.
Suak, sastrakak erretzeaz gain, zorua ongarritu ere egiten du, materia organikoa mineralizatuz. Lagin hauetan hori neurtuko da, nola aldatzen den lurraren konposaketa kimiko eta mikrobiologikoa. Suaren ondoren fosforo, potasio eta nitrogeno maila igo egiten da. Nitrogenoa da, hain zuzen, landareen elikagairik nagusienetakoa.
Azaldegiko gainetan dauden itxitura hauetan esperimentuak egiten ari dira ikertzaileak. Erretzeak larreetan duten eragina ari dira neurtzen. Horretarako egoera ezberdinen konbinazioarekin jokatu dute: erre eta gero ganaduak bazkatutako zelaiak, bazkatu gabekoak, erre gabeko guneak … Aztertzen dute, adibidez, landarediaren bilakaera.
LETICIA SAN EMETERIO; ikertzailea, NUP: Lursail hau erre egin genuen. Kasu honetan erre eta gero ganadua ibili zen eta horrek duen eraginkortasuna neurtu nahi dugu, konparatuz itxitura barruan geratu denarekin. Barruan ez da ganadurik ibili, eta ikusi nahi dugu zer den hobea otea berriz ez irteteko. Neurtzen duguna da, karratu honetan, ulex edo otearen estaldura portzentaia eta gainerako espeziena.
ROSA MARIA CANALS; ikertzailea, NUP: Ideia bat baieztatzen ari gara urte hauetako ikerketa lanekin eta da erretzea ekintza puntual dela aireko landaretza kentzeko, baina gero atzetik ganaduak soiltze lan bat egiten ez badu, soiltze biologiko deitzen zaiona, eta ekintza jarraitua ez bada, atzera ere etorriko dela otea.
Ikerketak baieztatu egin dute azkenean, modu zientifikoan, Patxi eta beste ganaduzale askok susmatzen zutena, larreen ustiaketan izan diren aldaketek eragin dutela paisaia berria.
RAFAEL LARRAÑETA; ganaduzalea: Artzaina, zaldizaina edo behizainak zeuden garai batean, ganadua zaindu eta larre batetik bestera eramaten zutenak, bazkarik onenaren bila eta larreak ongi bazkatzeko, probesteko. Gaur ganadua jaitsi egin da, bere kabuz nahi duen lekura doa eta hortik dator otea eta sasia zabaltzea, alka…
Suak ongarritutao lurrean, bereziki gora egiten duen elikagaia amonioa da, glizina edo nitratoarekin batera, guztiak konposatu nitrogenodunak. Saiakera honetan jakin nahi dutena da ea alkarentzat abantaila den testuinguru berria. Jakin nahi da erreketen ondoren ugari dagoen amonioa zein espeziek baliatzen duen hobeto.
ROSA MARIA CANALS; ikertzailea, NUP: Soluzio hauetan hiru elikagai ditugu, nitrogenoa amoni eran, nitrato eran eta glizina eran. Hiruen dosi berdinak erabiliko ditugu baina kasu honetan amonioa isotopikoki markatu dugu eta nitratoa edo glizina ez.
Lurrean modu homegeneoan injektatu eta 48 ordu pasatakoan sustrai nahiz hostoak moztu eta aztertuko dituzte, nola xurgatu duen ikusteko. Kasu honetan Festuca rubra izeneko gramineo baten ahalmena ari dira neurtzen, zelaietan asko irteten den beste espezie bat.
ROSA MARIA CANALS; ikertzailea, NUP: Erretako lurzorua, landarerik gabeko ingurune hori, espezie berriak zabaltzeko aukeraz betetako leiho bat da eta baten batek amonio hori hobeto probesten badu, abantaila emango dio.
Erantzuna zelai hauek dute. Bai, alkak edo albitz-belarrak abantaila du erretzeen ondoren gelditzen den egoera, amonio hobeto xurgatzen duen espeziea baita. Baina zabalkunde hau ez du arrazoi horrek bakarrik azaltzen: hazi eta gero bertan irauteko errizoma indartsuak ditu. Haietan gordetzen ditu elikagaiak eta udaberrian inor baino azkarrago jaiotzen da. Hasieran biguna da eta ganaduak jaten du, hozka egindako punta hauek lekuko, baina gero gogortu eta lehortu egiten da berehala. Hori guztia dago paisaia honen atzean.
Nola eragotzi albitza edo alka zabaltzea? Ikerketa-lanak ematen ditu pista batzuk. Ganadua goiz sartu eta biguna dagoenean presioa eginez gero aurre egitea badago. Bestetik, otearen arazoa konpontzeko, ikertzaileak ari dira dagoeneko saiakerak egiten.
ROSA MARIA CANALS; ikertzailea, NUP: Azkenean lortu nahi dena, paisaia humanizatu bat da, basoak larreak eta abar konbinatuko dituena, hori suteen aurkako aseguru bat da, biomasa erregaiaren kontrola, eta hori ez da ahaztu behar bizi dugun aldaketa klimatikoaren eskenatokian.
Bidea, erreketak eta atzetik garai bateko artzaintzak egiten zituen ekintzak berreskuratzea izan daiteke. Jokoan ez dago bakarrik larre osasuntsuak lortzea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia