Birtualki soldatzen
2013/05/27
Elhuyar
Iturria:
Teknopolis
Lanbide tradizionalak, ikasteko modu berriak erabiliz barneratzen dituzte Lanbide Heziketako Goierri Eskolan.
Transkripzioa ikusi
Ez da bideojoko bat. Soldatzen ikasteko eskolak dira. Gauzak eginez ikasten direla dioen esaerari buelta emanaz, joskurak egiteko ez dute ez surik ez metalik erabiltzen. Zeinuz estalitako piezak hauen eta teknologia grafiko ahaltsu baten laguntzaz benetan ariko balira bezala soldatu dezakete. Andaluziako enpresa batek garatu du sistema.
ALEJANDRO VILLARAN, seabery: Hauek errealitate areagotuko markatzaileak dira, barra-kode moduko batzuk, zeinek esaten dioten gure sistemari elementu bakoitza zer den, hau mig-mag zuzia dela, eta espazioan non kokatua dagoen. Ikusten duzuenez piezak ere markatzailez beteta daude, berdin-berdin.
Hau ere errealitatea da, baina areagotua. Errealitate birtualarekin alderatuta, errealitate areagotuan ez da inguruarekiko erreferentziarik galtzen, biak nahasten dira. Pieza eskutan hartu eta haria nola irten zaion ikusi dezake ikasleak.
Mikel soldadura irakaslea da. Orain arte soldatzen ikasteko eta irakasteko ez zen beste modurik tradizionala baino, urtetan aldatu ez den metodoa.
MIKEL AZKARATE; metal-eraikuntzako irakaslea: Pentsatu 25 gazte etortzen direla, teoria eman ondoren tailerrera salto egiten dute eta bakoitza kabina batean sartzen da. Ni joaten naiz bakoitzari kasu egitera eta pasatzen ditut 5 edo 10 minutu. Agian, 3 orduko klase batean behin pasa naiz ikasle bakoitzarekin, eta bera ari da piezak bota eta bota, soldatzen. Ikusten du gaizki egin duela baina ez daki zergatik. Orduan sistema honek duen abantaila da momenturo zuzentzen duela ikaslea eta gidatzen du nola egin behar duen.
MIKEL AZKARATE; metal-eraikuntzako irakaslea: Xabi, hemen marra ezberdinak ikusten dituzu, ezta? Pistolaren muturrean dagoen lerroa da piezarekiko distantzia, arkuaren luzera. Borobilak bi angeluak markatuko dizkigu, soldadura-angelua eta desplazamendu angelua eta atzean daukagun beste marra hori da abiadura. Denak berdean edukitzen saiatu behar duzu, berdean badituzu esan nahi du soldadura parametroak, mugimenduarekin erlazionatuta daudenak ondo daramatzazula.
Auto-zuzenketa honek trebakuntza-denbora murriztea dakar, ia % 80 gutxiago. Materialetan aurrezten den dirua ere ez da gutxi: ikasle bakoitzaren kostua, modu tradizionalean, ia 7 euro da orduko.
Momentuz, sistema berriaren abantaila pedagogikoak neurtzen ari da fase honetan Goierri Eskola, metodologia, soldadura-ikasketa guztietan ezartzea merezi duen jakiteko. Esperientzia hau Goierri Eskolaren proiektu batean kokatzen da. Soldaduraren munduko aurrerapenak eta irakaskuntza-modu berriak esploratzen dituen proiektu bat da, gero, inguruko enpresetan nahiz beste ikastetxe batzuetan zabaltzeko.
ALEJANDRO VILLARAN, seabery: Kaskoa. Errealismoari jarraituz hau benetako aurpegi-babesa da, komertziala. Zer du errealitate areagotuaren teknologiak? Hau LED bat da, intentsitatea igo edo jaitsi daiteke errealitate areagotuaren teknologiak ikusmen artifiziala erabiltzen duelako eta inguruko argiarekin dabil. Sistemak hobeto lan egiteko doitu egin behar dugu. Hemen, definizio handiko bi mikrokamera, momenturo errealitatean lan egiteko. Errealitate birtualak ez du mikrokamerarik, ez du ingurua ikusten, mundu birtualean aritzen da. Zer gehiago? Bideo-betaurreko batzuk, aurpegi-babesaren barruan ikaslearen monitorea direnak.
MIKEL AZKARATE; metal-eraikuntzako irakaslea: Egin duenaren analisia egingo dugu. Ikusten duzuena egin duen ariketaren bideo bat da, dardarak berak egin dituenak dira. Esan dizkizuedan parametroak adierazten ditu zerrenda berde honek, hainbat momentutan irten egin da eta horrek esan nahi du akatsak egin dituela. Bukaeran esaten digu %85 ongi egin duela eta horrek lehia sortzen du ikasleen artean eta horrek erakargarria egiten du.
Irakasleak bere ordenagailuan jasoko ditu ikasleen lanak. Ariketa guztiak grabatzen ditu sistemak eta hala, aplikazioak bakoitzaren bilakaera adieraziko dio: nork zer akats egiten dituen edo baten batek ariketa bereziren bat behar duen.
ANDER GORROTXATEGI; ikaslea: Benetan soldatzea bezala da, gozada bat da, dena ikusten duzu, nola zoazen, zer postura mantendu esaten dizu, …
Errealitate areagotuan oinarritutako ikasketa-prozesuari izena jarri dio enpresa andaluziarrak, augmented training edo trebatze areagotua. Haiena ez da soldadura enpresa; soldaduran hasi eta dagoeneko 13 herrialdetan badaude ere, plana da, irakaskuntza arlo eta gai ezberdinetan erabiltzeko teknologia hau moldatzea.
ALEJANDRO VILLARAN, seabery: Imaginatu soldadura-probetaren lekuan giza aho baten maketa; zuzien ordez odontologoaren tresna. Ikaslea trebatzeko praktika asko behar den lekuan eta praktika hori zaila, konplexua, garestia edo arriskutsua bada, han, teknologia honek ekarpen handia egin dezake.
MIKEL AZKARATE; metal-eraikuntzako irakaslea: Beste mota bateko lana sortuko zaigu, makina hau ere elikatu egin behar da, fitxak sortu behar zaizkio, eta bukaeran analisi datuak ere interpretatu egin behar dira. Nolabait ere birmoldatu egingo du gure lana.