Argi-aldaketak nahaste bipolarraren hasieran duen eragina aztertu dute.
Wolfgang Amadeus Mozart, Vincent Van Gogh, Ernest Hemingway. Hirurak eromenaren ertzean bizi ziren jenioak izan ziren. Eta ez bakarrak. Asko dira ero puntu hori duten artista eta pertsonai ezagunen zerrenda osatzen dutenak. Abraham Lincoln, Mel Gibson, Catherine Zeta-Jones, Tim Burton... Denek gaitz bera konpartitzen dute: nahaste bipolarra.
Mr. Jones (Mike Figgins 1993)
“-Oh, tío, ¿alguna vez has querido volar? ¿poder despegar? ¿salir volando?
- “Y ¿por qué no?”
- “¡Volar! ¿Por qué no?”
“Sikotikoa zen, baina ez eskizofrenikoa. Hedakorra zen, inbaditzailea, euforiko ez egokia. Uste dut maniakoa dela.
Eman ordu batzuk eta berriro pentsatuko du hegan egiteko gai dela.”
Nahaste bipolarra edo psikosi maniako depresiboa, nerbio-sistema zentralari, burmuinari, afektatzen dien buruko gaitza da.
ANA GONZÁLEZ-PINTO; upv/ehu: Denek ezagutzen ditugun depresio pasarteen antzekoak ditu: tristura, itxaropen eza, lo arazoak, antsietatea, hau da, depresioaren sintoma tipikoak. Eta beste faseak erabat kontrakoak: euforia, hiperaktibitatea, gehiegikeria oro har, lo egiteko behar gutxi, alerta sentitzea ordu gutxi lo egin arren, ... Euforia episodio hauek depresioekin tartekatzen dira.
Fase ezberdinak dituen gaitza da nahaste bipolarra. Bata eta bestearen artean, gaixoak portaera normala erakusten du.
Munduko populazioaren %2k, gutxi gora-behera, nahaste bipolarra du. Normalean, gaitza 25 urte izan baino lehenago pizten da, baina ez dago adin konkreturik hori gertatzeko. Faktore genetikoak garrantzitsuak dira nahaste bipolarra garatzeko, baina ez dira bakarrak.
ANA GONZÁLEZ-PINTO; upv/ehu: Pertsonak gaixotasunerako joera du, normalean familia-arrazoiak direla medio, genetikagatik, baina beste batzuetan, beste faktore batzuk eramaten dute pertsona hori gaitzera, baina beti kanpo faktoreak, kanpoko gertaerak detonagailu gisa aritu daiteZke, hau da, ez dira kausa, baina koadroa azaltzen lagun dezakete. Kanpo faktoreaz hitz egin dezakegu, hala nola, substantzien kontsumoa, estresa eta edozein kanpoko faktore; batzuetan, gaitzaren hastapenak gaixotasun fisiko batekin bat egiten du, gripea izatearekin edo pertsona horren oreka orokorraren osasuna nolabait urratzen duen arazo batekin.
Kanpoko faktore horietako bat argi-aldaketa da. Arabako Unibertsitate Ospitaleko Ana González-Pinto doktoreak eta herrialde ezberdinetako ikertzaile talde anitz batek argi-aldaketak nahaste bipolarraren hasierako adinarekin duen erlazioa aztertu dute.
Izan ere, argiak eragin handia du gure gogo-aldartean, eta eragin hori areagotu egiten da arazo psikikoren bat dutenengan.
Ikerketan, munduko zenbait lekutako 2414 pazienteen datuak gurutzatu dituzte, eta ohartu dira argitasunaren gorabehera handiak lotura estua duela nahaste bipolarra hasteko adinarekin.
ANA GONZÁLEZ-PINTO; upv/ehu: Ikusi dugu ez dela hainbeste argi kantitateak nahasketaren agerpen goiztiarrean eragina duena argi aldaketak baizik, hau da, oso argi gutxitik argi askora pasatzen den leku batean egotea alderantzizkoa bezain txarra da. Argi diferentzia handi horrek nahasketaren hastapenean du eragina eta ez hainbeste argi asko edukitzeak.
Adibidez. Planetaren muturreko eremutan, Europako iparraldean, adibidez, edo Hego Amerikan, ikusi dugu agerpen adina goiztiarragoa dela.
Ikertzaileek ondorioztatu dute ingurune-faktoreek substantzien kontsumoa bezain besteko eragina dutela nahaste bipolarraren hastapen goiztiarrean, eta argiarekin gertatzen bada posible dela beste ingurune-faktoreekin ere gertatzea.
Ikerketa honen emaitzek galdera berriak jarri dituzte mahai gainean.
ANA GONZÁLEZ-PINTO; upv/ehu: Oraindik ez da ikertu eragina edo nolakoa izan daitekeen eragin hori, nola azkartu dezakeen argi aldaketak gaixotasuna. Ikerketaren zati hori oraindik egiteko dago.
Aurkitu dugunarekin, behar bada, hipotesia izango litzateke, argi aldaketa handia dagoen leku horietan komeniko litzatekeela argia aplikatzea aldaketa gertatu baino lehen. Adibidez, Europa iparreko herrialdetan argi terapia erabiltzen da depresioaren aurka, eta emaitza horiekin, ezin hobea izango litzateke aplikatzea, bereziki, justu aldaketa baino lehen; justu udaberria baino lehen, trantsizioa leuntzeko, eta ez daukaten aldaketa bortitz hori.
Erantzun guztiak argitu artean, farmakologia-tratamenduaek eta tratamendu psikologikoek laguntzen diete nahaste bipolarra duten gaixoei bizi modu normala eramaten.